Artxipelagoa distopia Artxipelagoaudazkenean estreinatuko da EiTBPodkasten eta Ulu Media enpresa dabil ekoizpen lanetan. NOTICIAS DE GIPUZKOA Irusoinek Donostian duen bulegoetara hurbildu da, bertan grabatu baitituzte ahotsak eta bertan jarraitzen dutelako Oier Aranzabalek eta Juan G. Andresek, egunero egunero, zuzendaritza lanetan. Ordu erdiko zortzi atalen muntaketa amaitu ondoren, orain, Koldo Corella eta Xanti Salvador buru-belarri dabiltza soinu diseinuarekin, etorkizunean itsasoak irentsitako Euskal Herri baten giroarekin asmatu nahian. Ulu Media ametsen fabrika bat bihurtu da beraz, existitzen ez den eta inoiz ikusiko ez dugun ezinezko zerbait eraikitzen ari baitira bertan.

Kazetaria bulegora sartu denean bi zuzendariak eta Salvador iritziak elkar trukatzen ari dira. Aitziber Garmendiak gorpuzten duen -kasu honetan ahozten erabili beharko al genuke?- Jare protagonistarentzat sortutako pausoak ez datoz bat antzezlearen ahotsarekin, behar baino "pisutsuagoak" direla uste dute. Agian, Garmendia beraren irudiaren ezagutza da sortzaileen pentsamenduan pisua duena, berau baldintzatzen duena. Pausoekin asmatzea ezinbestekoa da, pertsonaia bakoitzaren "tonua eta mugimendua" marrazten lagunduko dutelako.

"Kapitaina agertzen denean, interesatzen zaiguna da ondo definituta geratzea. Gauza bera antagonistarekin, herrenarena egingo baitu...", azaldu du Aranzabalek. Horrelako zerbait lortzeko, egileek pertsonaia bakoitzaren definizio oso zehatza egin behar izan dute: bere izaeraz harago, pisua, janzkera eta zein oinetako mota deskribatu behar izan dituzte. Horra hor paradoxa, publikoak erabaki horiek guztiak ez baititu ikusiko; aitzitik, sortzaileen lana izango da entzuleei ñabardura horiek guztiak iritsaraztea. "Informazio guztia soinu bidez eskainiko da eta horrek erronka handia suposatzen du", jarraitu du Aranzabalek. Hori bai, gauza bat argitu nahi dute zuzendariek: informazio guztia soinu bidez eskainiko da, bai, baina ez da narraziorik izango; giroak, sentsazioek osatuko diote entzuleari esplizituki esaten ez dena.

Artxipelagoa ez da irrati-nobela bat izango, euskaraz berez digitalerako sortutako lehen-soinu fikzioa izango da, handinahi handikoa gainera. Argumentuaren jatorrizko ideia Aranzabal berarena da; gidoia, aldiz, formatu ezberdinetan fikzioak sor-tzen eskarmentu handia duten Martin eta Xabier Etxeberria anaiek ida-tzi dute lau eskutara. Istorioa 2103. urtean kokatuta dago, hiru olatuk Europa hondoratu ondoren sortutako Euskal Artxipelagoan. Etorkizun horren inguruko mitologia oso bat sortu dute egileek. Hori bai, iceberg-ekin gertatu bezala, fikzio honetan, oraingoz, azaleko tontorra bakarrik geratuko da agerian. Kontu asko, azaldu baino, iradoki egingo dira.

Ulu Mediak lehen mailako profesionalak bilatu nahi izan ditu, eta baita lortu ere. Izan ere, Goya saridunik ere izan dituzte lantaldean. Salvadorrez gain -La trinchera Infinita lanarekin irabazi zuen-, Eneko Sagardoyk ere hartu du parte proiektuan -Handia filmarengatik lortu zuen Goya-. Garmendia eta Sagardoyrekin batera, Anartz Zuazuak -antzezle-zuzendari lanetan ibili da-, Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Klara Badiolak eta Bikoiztaile Elkarteko zenbait kidek ipini dute ahotsa. Entzunezko fikzio batean, diseinuaz gain, soinu banda ere oso garrantzitsua da. Horren konposizioan dabiltza Rafa Rueda eta Aritz Aranburu.

Eta nola lortu du Ulu Mediak lantalde hau osatzea? Salvadorrek berak bota digu erantzuna: Artxipelagoaren proposamena bera interesgarria bada ere, horrelako zerbait lehen aldiz egiteko aukera izatea tentagarria da oso, erronka berri bat bakoitzaren ibilbidean. Guztientzat izan da lehen aldia.

Soinu binaurala

Entzungailuekin esperientzia are eta "inmertsiboagoa" izango dela agindu dute; horregatik, kazetari honek jantzi, jantzi ditu fikziozko podkast honen ale batzuk entzuteko. Horietako batean Jare (Garmendia) Urbasako merkatuko kaian dago, burdina saldu nahian. Jare eta merkatariaren arteko negoziazioen testigu mutu eta, noski, itsu bihurtu da kazetaria: pertsonaiak alde batetik bestera mugitzen direla nabaritu du, ezker-eskuin. Are gehiago, hurbildu eta urrundu egin direla dirudi; atzean dabilen baten bat ere nabari daiteke. Baina sentsazio horiek guztiak, entzulearekiko momentu bakoitzean pertsonaia bakoitzak duen posizioa edo mugimendua ez dute pausuek zehazten -izan ere, erreportaje hau egin den momentuan eszena askori oraindik pausuak gehitzea falta baita oraindik-, Salvadorrek erabili duen teknologia berritzaile batek baizik: soinu binauralak.

Soinu diseinatzaileak ohikoa baino askoz handiagoa den pantaila batean erakutsi du soinu binauralaren funtzionamendua. Plugin baten bitartez definitzen dute pertsonaiek entzulearekiko duten kokapena, X, Y eta Z ardatzetan. Beraz, pertsonaietako bat aurrean aulki batean igota baldin badago, bere ahotsa eta berari dagozkion efektu guztiak aurretik eta altuera batetik datozela nabarituko du publikoak. Espazioek, beraz, berebiziko garrantzia hartzen dute fikzio honetan, eta entzulea espazio horren barruan sentiaraztea da, hein batean, helburua. "Ez da berdin entzungo eszena burdinazko itsasontzi batean gertatzen ari bada, ala egurrezko batean", argitu du G. Andresek. Horrek bereizten du Artxipelagoa ipuin kontaketa eta irrati-nobela batetik.

Teknologia horrek, noski, "hiperrealismora iritsi gabe, oso errealitate puntu sakona" lortzen duela gehitu du Salvadorrek; hori bai, beti saiatzen dira "mikroa dagoenik inoiz nabari ez dadin". Hori lortzeko, "hamar edo hamabost segundoro, zerbait ezberdina gertatu behar da" eszenan soinuari dagokionean. "Guztia sentitu nahi duenak entzungailu bidez entzun beharko du, eta onak badira, hobeto. Noski, kotxean entzuten duenak hainbat ñabardura galdu egingo ditu. Gure erronka ere bada ahalik eta gutxien galtzea", dio Aranzabalek.

Are gehiago, lehen atala Dolby Digital 5.1 kanal sisteman nahastu nahi dute, oraindik itxita ez badago ere, hiriburuetako zinema aretoetan emanaldi bereziak eskaintzeko asmoarekin. Esperientzien garai hauetan, bertaratzen direnek, inork baino hobeto ezagutuko dute nolakoa izan ote daitekeen XXII. mendeko Euskal Herriaren arrastoen soinua.