Aginaga auzoa biziberritzeko proiektu komunitario bat abiatu nahi du Usurbilgo Udalak. Horretarako, proposamenak aurkezteko epea ireki zuen ekainaren 26an, bezperan iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu ostean. 

Biztanleen %36,5ak parte hartu zuen inkestan; hau da, orduko 436 aginagatarretik 16 urtetik gorako 136 lagun izan ziren inkestatuak. Herritarren kezka nagusiak ondorioztatu zituzten: oinarrizko erosketak egiteko denda baten falta, zerbitzuen galera orokorra, etxebizitza falta, garraio publiko eta komunikazio eskasa eta kale giroaren eta herriko bizitzaren falta.

Horren aurrean, herritarrek, herri eragileek eta Usurbilgo Udalak eraldatzaileak diren herri proiektuen alde egiteko beharra nabarmendu zuten, eta Aginagaren erronkei aurre egiteko beharrezkoa izango zela denen arteko lankidetza sustatzea.

“Udalean gertutik jarraitu dugu prozesu hori, eta esan dezakegu Aginagaren inguruan egiten den diagnostikoa konpartitzen dugula neurri handi batean; konpartitzen ditugu egun dauden gabeziak eta arazoak, eta konponbideen bila bide eta estrategia konpartitu nahi dugu”, azaldu du aste honetan egindako agerraldian alkateak, Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Proiektu integral eta komunitarioa

Horregatik guztiagatik, Aginagako galdeketa hartan identifikatutako beharrak asetzeko, Udalak Aginaga biziberritzeko proiektu oso eta integral bat jarri nahi du martxan. Iratxe Begiristain Otegi zinegotziak adierazi duenez, deialdi publikoa argitaratu zuen Udalak ekainaren 25ean, GAOn: “Proiektu horrek Aginagako beharrei modu komunitario eta kooperatiboan aurre egin diezaien nahi dugu”, esan du.

Proiektuak bidaltzeko epea amaituta, deialdira udalerriko irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkez zitezkeen. Lankidetza hitzarmenaren bidez, udal-ekipamenduak lagako zaizkio eragileari eta, Aginagako herritarren parte-hartzea sustatuz, auzoko behar eta kezka nagusietako batzuk asetzea bilatzen du. 

Eliza Zaharra eta Arrate ostatua

Hasteko, Udalak bi proiektu aukeratu ditu. Batetik, Eliza Zaharra komunitatearen zerbitzurako espazio izatea izango da horren helburu nagusia, erabilera sozial komunitarioa bermatuz eta Aginagako astialdi eta kultura programatzaileen sarea zaindu eta indartuz. 

Bestetik, Arrate ostatua taberna, jantoki eta denda izango den bilgunea bilakatzea izango da helburua, herritarrak saretzeko eta elkar zaintzeko leku bat izan dadin nahi da, izan eskola komunitateko jendearentzat, adinekoentzat zein herritarrentzat, orokorrean. 

Horri lotuta, Begiristainek azaldu du udan Arrate tabernako espazioa egokituko duela Udalak eta Eliza Zaharra zaharberritzen jarraitzeko lanak sanpraixkuen ostean egingo direla.

Begiristainen esanetan, Udalak garrantzitsutzat du herri-auzo bizigarriak izatea. Orain bultzatuko duen proiektuaz gain, Aginagarako martxan diren beste pare bat lanketa gogoratu ditu: “Batetik, 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren barruan, Errioaren Usurbil garatzea dugu hurrengo lehentasuna, eta, bestetik, adinekoen bizi-kalitatea hobetu eta zaintza sare komunitarioak sustatzeko egitasmoa martxan jarri berria dugu, Zabalduz kooperatibarekin”.