- Datorren azaroaren 11n 100 urte beteko dira Martin Ugalde (Andoain, 1921-Hondarribia, 2004) kazetari eta idazlea jaio zela eta mendeurrena ospatzeko hainbat euskal eragileren artean urte honetan zehar garatuko den egitasmo bat antolatu dute. Besteak beste, Ugalderen lan publikoaren digitalizazioa eta sareratzea, hitzaldi zikloa eta Ugalderen lan baten irakurketa jarraitua egingo dituzte.

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egin zuten ekimenaren aurkezpena atzo eta bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak; Andoaingo eta Hondarribiko udaleko ordezkariak; Elkar fundazioko lehendakaria; Berria Taldeko lehendakaria; Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria; Jakineko zuzendaria; Martin Ugalde Kultur Parkeko arduraduna eta Unai Ugalde, familiaren izenean.

Egitasmoak bi helburu ditu: alde batetik, Martin Ugalde gogora ekar-tzea euskal kulturari egin dion "ekarpen garrantzitsuagatik", eta bestetik, Ugalderen lana berriro azaleratzea, jende guztiak ezagutu dezan.

Ekimen nagusienei dagokienez, lehenik eta behin Martin Ugalderen bizitza eta bere ekarpena bilduko dituen erakusketa antolatu dute. Maiatzaren 27an Hondarribian inauguratuko da Arma plazan, eta Andoainen, berriz, azaroan ikusi ahalko da, azaroaren 5etik abenduaren 4era, Bastero Kulturgunean. Ondoren, panelak Martin Ugalde kultur parkean geratuko dira.

Urrian zehar, hainbat hitzaldi antolatuko dituzte, Martin Ugalde eta haren lana aztertu eta gizarteratzeko asmoz: literaturan, kazetaritzan, politikan eta Egunkarian Ugaldek egindako ibilbidea eta haren ekarpenaren inguruan hitz egingo dute hainbat hizlarik.

Azaroaren hasieran Jainkoak ez dit barkatzen filmaren proiekzio berezia egingo dute Andoaingo Bastero Kulturgunean. Josu Martinezek zuzendu zuen filmak Ugaldek Lezo Urreiztietari egin zion elkarrizketa du oinarri.

Azaroaren 11n, Ugalderen mendeurrenaren egunean, bere lan baten irakurketa jarraitua egingo dute Andoaingo parkean. Goizetik hasi eta testua bukatu arte hamarnaka lagun pasako dira zatika-zatika testua irakurtzera.

Horrez gain, udazkenean 2019ko Martin Ugalde bekaren emaitzak aurkeztuko dituzte. 2015etik, bi urtean behin, Martin Ugalde beka deitu izan dute eta 2019ko beka jaso zutenek orain entregatu dute haien lanaren emaitza.

Andoaingo Udalak urtero antola-tzen duen Martin Ugalde ipuin sariketak 25 urte betetzen ditu aurten eta lehiaketaren deialdia eta informazioa Udalak zabalduko du laster. Sari banaketa azaroaren 10ean izango da.

Mendeurrenak egingo duen ekarpenik handiena Ugalderen lan publikoaren digitalizazioa eta sareratzea izango da. Lanaren zatirik handiena Jakinek digitalizatu zuen duela urte batzuk, eta digitalizazio hartatik abiatuta, osatu, txukundu eta webgune batean jarriko dituzte bere lan argitaratu guztiak. Orotara, liburu, liburu zati eta artikuluen artean 1600 lanetik gora dira, eta Ugalderi buruz idatzi diren beste 120 inguru. Mendeurrenaren egunean zabalduko dute Ugalderen ondare publiko digitalizatua.