DONOSTIA. Eguraldi ederrak eta liburu-dendek stand-ak kalera ateratzeak nabarmen animatu zuen giroa Liburuaren Egunean. Denetarik saldu bazuten ere, batez ere fikziozko nobelek eta intrigazko liburuek izan zuten arrakasta gehien.

"Normalean jende asko gertura-tzen da egun honetan, eta gaur dagoen eguraldi onarekin zer esanik ez; goizeko lehen ordutik jende mordoa dabil liburu-dendan", azaldu zion egunkari honi Andoni Azurmendik, Donosti liburu-dendako jabeetako batek. Batez ere fikziozko liburuak saldu zituzten bertan, izan ere, pandemiaren ondorioz, askok bizi dugun errealitatetik "ihes egiteko" tresna gisa erabiltzen baititu horrelako eleberriak. "Argitaletxeek nobedade asko gordetzen dituzte gaurko egunerako eta jendeak denbora luze baterako liburu-sortak erosten ditu", adierazi zuen.

%10eko deskontua eskaintzen zuten Donosti liburu-dendan eta horrez gain, kanpoan jarri zituzten stand-ek ere izan zuten zerikusia salmenten kopuruan. "Lastima da aurten Gipuzkoa Plazan azoka egin ez izana, jende asko erakartzen baitu horrek. Egia esan, gu urte askotan zehar joan izan gara, baina azkenaldian ez dugu bertan parte hartu dendan hango zerbitzu berbera eskaintzen dugulako", esan zuen. Hala ere, kanpoan jarri zituzten liburuz betetako stand-ek "liburu-denden inguruko sentimendua" indartzen dutela gaineratu zuen.

Pandemiaren ondorioz, gero eta jende gehiagok irakurtzen duela uste du Azurmendik: "Gaur egun denbora asko igarotzen dugu bakarrik, eta liburuek konpainia egiten digute. Irakurketak nabarmen egin du gora: lehen irakurlea zenak irakurtzen jarraitzen du, baina jende asko orain hasi da horretan, gazteak batez ere".

Liburu-denda horren kanpoaldean Rosemary Hayes izeneko emakume irlandar bat pozik zihoan etxera pandemiaren hasieratik irakurri nahi zuen liburua erosi ondoren. "The boy, the mole, the fox and the horse (Mutikoa, satorra, azeria eta zaldia) liburua erosi dut, Ingalaterran eta Estatu Batuetan gehien saldu den liburuetako bat. Marrazkiak ditu eta Printze txikiaren antzekoa da. Sinplea bada ere, mezu filosofiko asko helarazten ditu", azaldu zuen Hayesek.

Irakurtzea gustuko duen jendeak ez zuen aukera galdu liburu-dendariei euren gomendioa eskatzeko. "Donosti dendako Santiri eskatu diot gomendioa eta Carlos Salem idazlearen Los que merecen morir aukeratu dut azkenean. Momentu honetan Cien años de soledad irakurtzen ari naiz eta zerbait desberdina nahi nuen. Etxean hainbat liburu dauzkat, baina gaurkoan oparitxo bat egin diot neure buruari", aitortu zuen Oscar Zubeldiak.

Beste batzuk aisialdirako ez ezik, lanerako erreminta gisa ere erabiltzen dituzte liburuak. Alberto San Martínen kasua da, didaktika irakasten du unibertsitatean eta batez ere, haurrentzako literatura interesatzen zaio. Donostiako Zubieta liburu-dendan bi liburu erosi zituen atzo. "Unibertsitateko irakaslea naiz eta ekarpen didaktikoa egiten duten liburuak erosten ditut. Batez ere, haurrentzako literatura interesatzen zait: besteak beste, liburuetako ikonografia, testuak eta genero ikuspegia ikertzen ditut etorkizuneko irakasleei erakusteko", azaldu zuen San Martínek.

Zubieta liburu-dendak ere stand-ak jarri zituen kanpoaldean eta bertako gerentea, Adolfo López, oso pozik zegoen jendearen eran-tzunarekin. "Denda zabaldu baino lehen kanpoan itxaroten ari ziren asko. Beldur ginen itxiera perimetralek nola eragingo ziguten ez genekielako, baina egun zoragarria dugu gaur eta oso pozik gaude", azaldu zuen Lópezek.

Gabonetan bezala denetarik saltzen badute ere, Liburuaren Eguna nobela beltza saltzeko eguna omen da beraientzat. Eta bezeroaren profila ere argi dute: "Batez ere, 40 urtetik gorako jendea etorri da eta bezeroen %80 emakumeak dira".

Aurtengo Liburuaren Egunak bestelako ideia originalak ere utzi ditu. Errenteriako Noski! liburu-dendan adibidez, 50 euroko erosketa bakoitzaren truke izozki bana oparitu zieten bezeroei. Gainera, herriko merkatariekin elkarlanean, saltoki bakoitzak gomendatutako liburuak jarri zituen erakusleihoetan eguna girotzeko.

"Etxean hainbat liburu dauzkat, baina gaurkoan oparitxo bat egin diot nire buruari "

Bezeroa

"Batez ere 40 urtetik gorako jendea etorri da eta bezeroen %80 emakumeak dira"

Zubieta liburu-dendako gerentea

"Lehen irakurlea zenak irakurtzen jarraitzen du, baina orain jende asko hasi da horretan"

Donosti liburu-dendako jabea