Riccardo Mutik zuzendu zuen, seigarren aldiz, Urteberriko Vienako Kontzertua: Musikvereineko Urrezko Aretoa publikorik gabe, eta txalo telematikoez lagunduta. 2021ari ongietorria luzatu dio, urtero bezala, Strauss dinastiako balsen eta polken erritmo alaiekin; baina, koronabirusaren pandemiak behartuta aretoa hutsik agertzeak, zertxobait lausotu zuen musikak islatu nahi zuen baikortasun eta itxaropenezko mezua.

Urtero emanaldiari amaiera ematen dion Radetzky martxa ospe-tsuak ere ez zuen ikusleen ohiko txalo zaparradarik lagun izan. Areto ikusgarria hutsik eta isilpean egongo zela jakina bazen ere, Mutiren hasierako agurra eta mamuzko besaulki-patioaren lehen planoak hunkigarriak izan ziren.

Pieza bakoitzaren amaieran inolako erreakziorik ez zegoenez, errezitaldiak entsegu kutsua izan zuen; eta musikariak, arazo horren jakitun, trantsizio oso azkarrak egin zituzten, kontzertuaren ohiko tempoa aldatuz.

Bloke bakoitzaren ondoren aplikazio bati esker jasotzen ziren mundu osoko 7.000 lagunen txalo telematikoek lortu zuten ekitaldia pittin bat berotzea; baina Filarmonikako musikariak areto hutsaren aurrean zutik jarrita ikusteak oso sentimendu kontrajarriak eragin zituen.

Inolaz ere, maisu napolitarrak eta Vienako Filarmonikoak, baldintza zail horiei gailendu, eta ikuskizun musikal handia eskaini zuten; eta hori, egungo egoeran, goraipatzekoa da.

“Guretzat arraroa da erabat hutsik dagoen areto batean jotzea”, aitortu zuen, hunkituta, Mutik, kontzertuan zehar; baina “musikaren mezuan tinko sinesten jarraitzen dugu”, “urte beldurgarria” izan arren.

Strausstarren eta bere garaikideen balsen, polken eta mazurken arintasuna eta bizizaletasuna milioika lagunen etxeetan sartu ziren 90 herrialde baino gehiagotan, telebistari eta irratiari esker, errezitaldia mundu mailako gertakari bihurtuz. Mutik eta Vienako Filarmonikak euren itxaropen mezua aldarrikatu zuten, hizkuntzetatik eta mugetatik haratago elkartzen gaituen musikaren bitartez. Telebistaren errealizazioak bereziki erreparatu zion Urrezko Aretoaren edertasunari eta lore-apainketa zainduari. 30.000 lirio, arrosa eta orkidea baino gehiagok kolore biziz bete zituzten telebistako planoak, ekitaldiari freskotasuna emateko ahalegin berezian.

Bere seigarren Urteberriko Kontzertua horrekin, batuta aldi gehienetan eraman duen zuzendari bizi bihurtu zen 79 urte dituen Muti. 500dik gora errezitalditan zuzendu du Filarmonika 50 urteko ibilbidean zehar, eta ezin hobeto ezagutzen du bere interpreteen kalitatea.

Napolitarrak bere ohiko estilo neurritsuarekin gidatu zuen kontzertua, batzuetan erritmoa gehiegi markatu gabe, eta berea duen modu latzean; aipatzekoa da, beste zenbaitetan ez bezala, musikariekin irribarre konplize batzuk izan zituela.

Emanaldia arin joan zen, gorabeherarik gabe eta Mutiren irmotasun zuhurrak gidaturik.

Zazpi pieza estreinatu ziren, besteak beste kantaldiaren hasiera indartsua markatu zuten lehen biak: Franz von Suppèren Opereta Fatinitzaren martxa, eta Johan Strauss semearen Soinu-uhinak balsa. Enperadorearen bals-aren interpretazioa ere goraipatzekoa izan zen, Muti eta Filarmonika izugarrizko mailan aritu baitziren.

Kontzerturik ospetsuenak bi eskupeko ezagun izaten ditu. Programa ofizialean ez agertu arren, Johann Strauss semearen “Danubio urdina” balsa, eta Johann Strauss aitaren Radetzky martxa izaten dira azken bi piezak beti. Lehenengoarekin hasi aurretik, ohikoa baino mezu luzeagoa eta pertsonalagoa bidali zuen Mutik, musika eta kultura, bakearen aldeko arma eta gizateriaren osasun mentalerako ezinbestekoak direla aldarrikatuz.

“Musikariek loreak dituzte beraien armetan, ez heriotza-instrumentuak. Poza, bakea, anaitasuna eta maitasuna dakarzkigu. Musika oso garrantzitsua da, ez entretenimendua delako, gizarte hobe bat egiteko helburua duelako baizik “, esan zuen Mutik. Maisu italiarrak adierazi zuenez, “osasuna da garrantzitsuena, baina baita osasun mentala ere”, eta gizarte hobe bat sortzekotan, kultura ezinbestekoa dela gogoan izateko eskatu die agintariei. Vienako Filarmonikak iragarri duenez, Daniel Barenboim zuzendari argentinar-israeldarrak zuzenduko du hurrengo Urteberriko Kontzertua, hirugarren aldiz, 2009ko eta 2014ko edizioetan parte hartu ostean, ordurako egoera normaltasunera itzuliko denaren itxaropenez.