- Ohi den moduan, Bilboko Arriaga Antzokian Literatur Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea burutu zen atzo goizean, Bilbo Zaharra Euskaltegiaren eskutik. Irakurleek maskara jantzita eta formatu laburrago batean, XIII. edizioa berezia izan zen. Modu seguruan jokatzen, ez ziren ikusi aurreko urteetako irudi batzuk -jende multzorik ez zen egon antzokiaren sarreran eta kalejira ezin izan zen egin- eta hamabi ordu beharrean, sei orduko irakurraldi etenik gabea izan zen. Baina egin, egin zen ekainean bertan behera geratu zen ekitaldia. Izan ere, ekimen hau ikasturteari amaiera emateko antolatu ohi da, Ikasleen Jaiaren barruan.

Goizeko 8.00etatik aurrera, 200 bat lagun txandakatu ziren Arriaga Antzokian Mariasun Landaren ipuinak irakurzeko. Horrekin, euskaltegiak Haur eta Gazte Literatura omendu nahi izan zuen. Mariasun Landak berak (Errenteria, 1949) irakurri zituen lehenengo lerroak.

Goizean zehar, gizartearen arlo guztiko jendea txandakatu zen pasajeak irakurtzen, besteak beste, Itziar Laka hizkuntzalaria, Yolanda Arrieta, Toti Martínez de Lezea, Juanra Madariaga eta Lutxo Egia idazleak, Natxo de Felipe kantaria, Eneko Sagardoy, Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Martínez aktoreak, Xabier Madariaga, Ane Zabala, Galder Pérez, Dani Álvarez, Ilaski Serrano, Itsaso Gueñes eta Jabi Onandia kazetariak eta abar luze bat. Erakundeen aldetik, ordezkaritza handia izan zen: Bingen Zupiria Kultura sailburua; Nekane Balluerka EHUko errektorea edota Bizkaiko eta zinego-tzi, zuzendari eta diputatu ugari. Euskaltzaindia, Ikastolen Elkartea, Garraio Patzuergoa, AEK, HABE, Metro Bilbao, Laboral Kutxa, Labayru institutoa, Azkue Fundazioa, Apnabi, hainbat ikastola, ikastetxe, euskaltegi eta instituto, sindikatu eta beste erakunde askoren ordezkariak izan ziren baita ere Arriagan irakurtzen. Horiei, hainbat ikasle, irakasle, euskaltzale, tabernari, erretiratu eta mota guztietako lagun gehitu zitzaizkien.