'Jainkoa, jaun goikoaz harago', Joxe Arregiren azken lana, jendaurrean aurkeztu dute astearte honetan, teologia garaikideari ekarpen berritzailea eginez. Azpeitian jaiotako teologoak (1952) euskaraz plazaratu du bere obra, aurrez frantsesez eta gaztelaniaz argitaratua izan den liburuaren itzulpena, gaur egungo testuinguru kultural, zientifiko eta espiritualean Jainkoaz hitz egiteko modu berriak proposatzen dituena.

Liburuaren abiapuntua galdera nagusi batekin hasten da: Jainkoa esateak ba ote du oraindik zentzurik? Arregik berak azaldu bezala, galdera ez da berria, nahiz eta gaur egun beste sakontasun batekin planteatzen den, “ez baitira gure baitatik sortzen ez hitzak, ez irudiak, ezta Jainkoari buruz egiten ditugun eraikuntza mentalak ere”. Egileak zalantzan jartzen du teismo tradizionaleko Jainkoaren irudia, jaun goikoa, izaki ahalguztidun eta mundutik bereizia, eta uste du irudi horrek ez duela lekurik gaur egungo mundu-ikuskeran. Horren ordez, Jainkoa, errealitatearen sakoneko misterio gisa ulertzea proposatzen du: “Ez zerbait, ez norbait, baizik eta den ororen sorburu, arnasa, sormen eta harreman sortzaile gisa”.

Ezagutza azeleratuaren, ziurgabetasun globalaren eta adimen artifizialaren garaiotan, Arregiren iritziz, “trantsizio teologiko erradikala eta integrala behar da”. Ez da soilik kontzeptuak aldatzea, begirada bera berritzea baizik. Antzinako iruditeriaren eta sinesmen zurrunen gainetik, liburuak Ebanjelioko Jesusen bizi-esperientzia jartzen du erdigunean: askatasunezkoa, errukitsua, alai eta sendagarria. Hala ere, egileak argi adierazten du kristautasun tradizionalaren tresneria dogmatiko, erritual eta instituzionala zaharkituta geratu dela, eta gaur egungo erronkei erantzuteko “arnasa eta bulkada berriak” ezinbestekoak direla.

Joxe Arregi, bere azken obra eskuartean duela. Iker Azurmendi

Obran zehar, Arregik ibilbide historiko bikoitza marrazten du. Alde batetik, sakratuaren bizipenetik jaun goikoaren irudira gizakiak nola iritsi ziren azaltzen du; bestetik, mistikoek betidanik infinitu esan ezinerantz egin duten bidea aztertzen du, Jainkoaren irudi antropomorfikoetatik harago. Testuinguru horretan, egileak gogora ekarri nahi izan du gaur egungo gizakiak ezin duela sinetsi iraganeko gizarteek sinesten zuten modu berean: “Zorionez, gaur ez gaituzte zigortzen sinesgarri ez zaiguna uzteagatik, eta horrek aukera ematen digu sinesten dugun horretan sakontzeko eta beste modu batean bilatzeko”.

Azken atalean, Arregik teologia eta kristologia metaforiko berri baten oinarriak eta berrinterpretazio ezinbestekoak proposatzen ditu. Jainkoa ez da izaki pertsonal bat, ezta kanpoan dagoen norbait ere, errealitate osoa zeharkatzen duen harreman-sarea, unibertsoaren sakoneko dinamika sortzailea baizik. Bere hitzetan, dena da harremana, eta dena da“sortzen ari den zerbait”.

‘Jainkoa, jaun goikoaz harago’ liburuak zabalik uzten ditu hainbat galdera deseroso: posible al da bestelako kristautasun bat? Zein baldintzatan? Ausartuko al dira eliz erakundeak aldaketa horiek egitera? Eta bestela, zein bide geratzen dira? Erantzun itxirik eman gabe, Arregiren lanak pentsamendurako eta elkarrizketarako gonbidapena luzatzen du, fedea, espiritualtasuna eta giza esperientzia modu berrituan uztartzeko ahalegin argia eginez.

Ibilbidea

Joxe Arregik Teologian doktoretza eskuratu zuen Parisko Institutu Katolikoan, eta urte luzez aritu da pentsamendu teologikoa eta gogoeta espiritual kritikoa lantzen. 2010ean Eliza Katolikoaren aterpean irakasteko lizentzia kendu, eta Ordena Frantziskotarra eta apaizgoa utzi behar izan zituen. Ordutik, bere ibilbide intelektuala askatasun handiagoz garatu du, eta hainbat lan argitaratu ditu euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez, betiere galdera bera ardatz hartuta: nola hitz egin Jainkoaz gaur, sinesgarritasunik galdu gabe.