- Idoia Santamaria Aldibereko lanagatik saritua izan da, Ingeborg Bachmann idazle austriarraren Simultan ipuin bildumaren euskarazko itzulpenagatik. Beste erdaretara itzuli denean gertatu ez bezala, liburuko azken ipuinaren izenburua hartu beharrean, jatorrizkoa mantendu du Santamariak.

Europa erdialdeko arteen miresle, donostiarrak Usurbilen lan egiten du, Elhuyarren hain zuzen ere, itzultzaile eta zuzentzaile bezala. Atzo onartu zuenez, Aldibereko honen tankerako lanak bere "desordutan" idazten omen ditu; hau da, bere lanaz "aparte". 1968tik 1972ra bitartean idatzitako bost kontakizunek osatzen dute bilduma. Horietan Vienako sei emakumeen ahotsa entzun daiteke, estreinakoz, euskaraz. "Niri, liburu honek, arratsaldero Usurbildik Vienara joateko aukera eman dit", aitortu zuen Santamariak. Lan honek, Bachmannen poesiaz harago -horietako hainbat euskaraz ere topa daitezke-, haren prosan murgiltzeko aukera eman dio itzultzaileari: "Bidaia oso atsegina izan da".