Zatzaizkit arropa markak hiru urte bete zituen pasa den uztailean. Marka honen atzean Beñat Iraola hernialdetarra dago. Industria Diseinuko Ingeniaritza ikasketak burutu ostean, Italian urtebete eman zuen Iraolak komunikazio bisuala ikasten. "Betidanik izan dut erlazioa diseinuaren munduarekin eta artea asko gustatzen zait", azaldu dio egunkari honi Iraolak.

2016an neurri desberdinetako irudi-orriak egiten hasi zen eta garai hartan, BÑT gisa sinatzen zituen bere lanak. Pixkanaka, sare sozialen eta lagunen bidez diseinuak ingurukoen artean zabaltzen hasi zen. "Batzuek esaten zidaten irudi-orriak ondo zeudela, baina beraiek nahiago luketela kamiseta edo kirol-jertse batean jantzita eraman", adierazi digu.

Horrek zer pentsatua eman zion Iraolari, eta konturatu zen agian "salto txiki bat" eman beharko lukeela eta diseinuak ehun-gainean irudikatu beharko lituzkeela. "Gogoeta egin ostean, salto hori egitea erabaki nuen, baina ez BÑT gisa, marka berri batekin baizik", esan digu.

Horrela sortu zen Zatzaizkit. Izena hainbat elementuren konbinazioa omen da: "Nire diseinuak nahiko abstraktuak eta minimalistak dira, eta ulertzeko ez hain errazak. Bakoitzak bere erara ulertzeko bidea zabalik uzten dut, ez baitut inoiz bakoitzaren esanahia azaltzen. Hori oinarri hartuta, eta euskarazko izen bat nahi nuela kontuan izanda, Za-tzaizkit aukeratu nuen. Ohiko izenetatik aldentzen den izen desberdina eta pixka bat aldrebesa da, eta asko gustatzen zitzaidan", nabarmendu du.

Iraolarentzat Zatzaizkit diseinu marka bat da, nahiz eta ehuneko handi batean salgai dagoena arropa izan. Kamisetek, kirol-jertseek, biserek edo poltsek dute arrakastarik gehien www.zatzaizkit.eus webgunean. "Orain buelta txiki bat ematen ari naiz, eta gero eta diseinu gehiago erakusten ditut", dio. Estiloari dagokionez, lerro jarraituekin lan egitea atsegin du eta koloreen artean zuri-beltza da nagusi gaur egun: "Lehen kolore gehiago sartzen nuen, baina orain zuri-beltzean edo kolore batean bakarrik zentratzen ari naiz".

Diseinu bakoitzari bere izena ipintzen dio, eta ondoren, produktu desberdinetan irudikatzen du. Hala ere, irudi guztiak ez daude eskuragarri produktu denetan. "Ba-tzuetan estanpatu bat kamiseta kolore desberdinetan eta poltsetan jar-tzen dut salgai, eta beste batzuetan, agian, kamiseta kolore batean bakarrik irudika-tzen dut", azaldu du Iraolak. Nola irudikatu jakiteko, aurrena merkatu azterketa bat egiten du eta ze irteera izan dezakeen aztertu ondoren, horren araberako lana burutzen du.

Hiru urte hauetan, gehien saldu dena Bueltan izeneko kamiseta izan omen da. "Bi marren artean ZTZZKT jartzen du eta azpian marra arrosa bat dauka. Beheko aldean ZU.NIRI. jartzen du, zatzaizkit aditza osa-tzen duten pertsonak baitira", azaldu digu Iraolak. "Askoz karratuagoa den diseinu bat da, baina orain arte hori saldu dut gehien. Momentu batez kendu egin nuen webgunetik, ni ere aspertu egin nintzelako, baina maiatzean itzuli zen eta estatistika goian mantentzen du", gehitu du.

Enpresa txiki bat izatetik, Zatzaizkit ezaguna izatera igaro da euskal gizartean. ETB1eko Euskalonski saioan arropa marka ofiziala izan zen, eta duela gutxi, kate bereko Barre Librea programan Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aurkezleek ere jantzita eraman zituzten Iraolaren produktuak. Ezezaguna izatetik telebistara salto egiteko prozesua "oso naturala" izan da Iraolaren hitzetan, berak ez baitu sekula ospe hori lortzea bilatu.

"Duela urte eta erdi sagardotegi batean nengoela, Jon Plazaola ezagutu nuen. Allí Abajo telesaileko lan-taldearekin afaltzen ari zen era bertan egin genuen topo. Lagunak komertzial lanak egiten aritzen zaizkit nik ezer esan gabe, eta Plazaolari esan zioten nik sortutakoa zela Zatzaizkit marka. Jon interesatu egin zen eta elkarrizketa txiki bat izan ondoren, esan zidan pare bat kamiseta hartuko zizkidala", kontatu digu.

Horrela lortu zuen, pixkanaka, bere jantziak telebistan agertzea. "Barre Librea egin behar zutenean ere Plazaolak berak proposatu zidan, izan ere, euskal markei bultzada bat eman nahi zieten saioaren bidez", esan du. Hala ere, Iraolaren helburua ez da bere jantziak leku arrakastatsuetan agertzea: "Horrela suertatzen bada, ondo, bestela ez naiz horren bila joaten".

Marka sustatzeko orain arte bi argazki sesio egin ditu Madrilen, batez ere produktuak webgunean eta sare sozialetan erakusteko. "Gehienbat sare sozialetan, izan ere, erosleak beti behar baitu erreferentzia bat produktuak jantzita nola geratzen diren ikusteko", azaldu digu.

Iraolarentzat Za-tzaizkit dirua ateratzeko proiektu bat baino, errutinatik ihes egiteko ihesbide bat da. "Nire gustuko gauza bat da, nire proiektutxo kuttuna, beraz ez dut sekula nire burua behartu nahi gaur egungo sistemak agintzen duen gisara lan egitera", azpimarratu du.

Hortik abiatuta, ez ditu produktuak denboraldika ateratzen, inspiratuta dagoenean sortzea gustatzen baitzaio. "Nik marka bat daukat, baina beste negozio batean ere egiten dut lan, eta ez da erraza %100ean Zatzaizkiti dedikatzea", esan du. Beraz, "momentuaren arabera" funtzionatzen du.

Gainera, "ahal den neurrian" ingurumenarekiko jasangarriak diren materialekin lan egiten saia-tzen da. "Arropa kalitatezko kotoi organikoz egina dago eta jasangarritasuna bermatzen saiatzen naiz. Baina ez zait gustatzen sare sozialetan hori asko saltzea, nire punturik indartsuena ez baita plastikorik erabili gabe ekoizten dudala esatea. Batzuetan ez da posible guztia plastikorik gabe egitea", azpimarratu du Iraolak.