Adimen artifiziala, big data, blockchain eta aplikazio mugikorrak lantzen dituzten Espainia, Erresuma Batua, Norvegia eta Alemaniatik etorritako bost proiektu lehiatuko dira 68. Zinemaldiaren baitan antolatutako Startup Challengearen bigarren edizioan.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak talde ekintzaileentzat eta enpresa sortu berrientzat sustatutako lehiaketa honetako proiektu finalistak dira. Guztira, Europako bederatzi herrialdetatik 40 proposamen aurkeztu dira, Donostiako jaialdiak ohar batean jakitera eman duenez.

Irailaren 25ean Zinemaldia & Technology jardunaldian online aurkeztuko diren bost proposamen horiek sari hauxe izango dute helburu: 10.000 euro, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC batean lehen urtean inkubazio-gune bat doan eskuratzea, eta 500.000 eurorainoko finantzaketa lortzeko aukera.

Europa mailako deialdi honetan jasotako proposamenek ikus-en-tzunezko mundura zuzendutako irtenbide berritzaileak planteatzen dituzte, besteak beste, big data, errealitate areagotua, errealitate birtuala, Internet of Things, blockchain, adimen artifiziala eta 3D inprimaketa bezalako teknologietan oinarrituta.

Finalisten artean AI-Driven Video Editing Platform dago, adimen artifizialari esker bideo sorkuntza eta edizio prozesuak automatizatzen dituen aplikazio britainiarra; baita Cinesmart ere, Kataluniako plataforma hau advergamingean oinarritzen da, zinema-erakusleei zuzenduta dago eta big data erabiltzen du.

Aukeratutako hurrengoa Compliance Management Solution for the Film and TV Industry da. Adimen artifiziala eta machine learning oinarri dituen plataforma norvegiar hau, hainbat lurraldetako araudi espezifikoak betetzen laguntzera bideratuta dago.

Lehian izango dira baita ere, FilmChain, Erresuma Batuko enpresa baten blockchain teknologia duen aplikazioa, ikus-entzunezkoen agenteen arteko finantza-transakzioak errazten dituena; eta La Quinta Pared izenekoa. Alemanian garatutako azken aplikazio horretan, erabiltzailearen mugikorra film baten protagonistarena bihurtzen da, transmedia narratiba interaktiboak sustatzea posible eginez.

Bost finalista horiek urtebetez inkubazio-gune batean lan egiteko aukera izango dute, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean kokatutako BICetako batean (Business Innovation Center), eta 500.000 eurorainoko finantziazioa eskuratu ahal izango dute proiektua garatzeko. Bestalde, epaimahaiak izendatuko duen proiektu irabazleak 10.000 euro jasoko ditu.

Zinemaldia & Technology jardunaldia irailaren 25ean, ostiralez, egingo da online; bertan, bost proiektu finalistak aurkeztuko dira, eta aurki iragarriko den klase magistral bat ere eskainiko da.