Norabide berri baten emaitza

Azken urteetan hartutako erabakiak islatu ditu Sara Zozayak bere bakarkako bigarren lanean. Bost abestik osatutako diskoa da, eta jada entzungai daude horietako batzuk

25.04.2020 | 13:01
Sara Zozaya oholtza gainean Barakaldoko Hiriko Soinuak jaialdian eskainitako kontzertuan.

Norabide bat markatu du Sara Zozaya (Donostia, 1995) musikariak ondu duen lan berrian. (I) izeneko EP berria egin du, hain zuzen, orain arteko bigarrena. Diskoa osatzen duten abesti guztien berri emango du ekainaren 19an, baina hilero ari da kanta bana kaleratzen. Adierazi duenez, "musika progresiboa eta girokoa" batzen dira abestietan, gaur egungo nazioarteko soinu modernoak eta euskal musika tradizionala uztartuta. Inspirazioaren menpe bizi da, eta ideiak etorri ahala ekin ohi dio hitzak idazteari. Hala ere, aitortu du mekanismo berri baten beharra duela. Esperimentazioa ere gustuko du; haren arabera, gauza berriak probatzea beharrezkoa da zerbait erreala egiteko.

"Bat" adierazi nahi izan du disko berriarekin Zozayak. Hain zuzen, lehen diskoa argitaratu eta urte eta erdira iritsi da bigarrena. III da bere lehen EParen izenburua, 2018an, eta oraingo lana orduan egindakoaren jarraipen bat da. "Segurtasun eta eboluzio batekin egin dudan proiektua izan da, eta horregatik bilakatzen dira bi marratxoak baten. Nahiko azalpen sinbolikoa da, baina adierazi nahiko nuke norabide batekin egindako lana dela". Jakinarazi du disko fisikoa sortuta dagoela, eta baita eskuragarri ere. Hala ere, erabaki du hilero abesti bat igotzea plataforma digitaletara. "Abesti bakoitzari bere denbora eman behar zaio, eta bideoaren aurkezpenari".

Folk-pop, lo-fi eta beat elektronikoak batzen dira diskoan, besteak beste. Musika progresiboa ez ezik, girokoa ere badela azaldu du Zozayak. Baita sinplea eta minimalista ere. "Elementuak, esate baterako, gitarra atmosferikoa, pixkanaka sartzen dira lanean eta horrek ibilbide musikal bat sortzen du". Areago, soinuak kantetako hitzei lotuta daude. Iraganeko erabakiez mintzo da abesti horietan, hartutako hautuek sortzen duten norabide berriez. "Lehen EP hartatik gaur arte hartu ditudan erabaki askok nire ingurua nola eraldatu duten adierazten da, zein garrantzia duen erabakietako bakoitzak".

KANTA BAKOITZA, BEREZIA Abestiak sortzeko orduan, sistema baten beharra faltan botatzen du Zozayak, inspirazioaren menpe sortzen duelako. Haren arabera, metodo hori ez da egokiena, kantetako bakoitzak lan handia eskatzen baitu. Hala ere, gaur gaurkoz, gehienetan, era horretan ari da lanean, eta, momentuz, egindako urratsek eman dute bere fruitua. Kasu honetan, disko berrian, bost abesti sartu ditu, euskaraz eta gazteleraz. "Denek dute antzerako kontzeptua, baina egia da bakoitzak baduela puntu berezi bat".

Diskoko lehen abestia, Bat, hitzen eta kontzeptuaren aldetik dagoen "kanta esplizituena" da. Bideokliparen garrantzia ere azpimarratu du: "Ikus-entzunezkoa asko landu genuen, kontzeptu osoa ulertzeko". Benetan da bigarren kanta, eta Benito Lertxundiren kolaborazioarekin osatu du. Zozayak erantsi du "berezia" izan zela. Hirugarren abestia Alien da, eta lehen aldiz gaztelera landu du bere lan batean. "Lili, laugarren abestia, modernoena da, gaurkotasun handiena duena soinu aldetik. Efektuak sartu dizkiet ahotsei".Owltro da azken kanta. Antton Goikoetxea gitarristarekin hasi zen esperimentatzen, eta azkenean, kanta ia momentuan atera bezala kaleratuko da, aldaketa batzuekin. "Esperimentazio totala da".

TRADIZIOA ZEIN MODERNITATEA Esperimentazioari ez dio beldurrik Zozayak, eta bide berriak aurkitzeko funtsezkoa dela iruditzen zaio. Gaur egungo nazioarteko soinu modernoak, batetik, eta, euskal musikaren tradizioa, bestetik. Horiek uztartu ditu lanean. Musikariaren arabera, "umetatik entzuten den musika da, sortzerako orduan era batera edo bestera islatzen dena". Hain zuzen, adierazi du euskal musika tradizionaleko erreferenteak izan dituela, eta nerabezarotik aurrera, internazionalagoak ezagutu dituela. "Hori guztia islatzen da sortzen dudan momentuan". Besteak beste, euskal musikan, Txomin Artola eta Miren Narbaiza aipatu ditu. Emma Ruth Rundle eta Julien Baker nazioartekoetan. Hala ere, erantsi du nahiz eta musikagileen espektroa "oso handia" izan, haietako bakoitzaren esentziak erakartzen duela.

Jada egin ditu han eta hemen zenbait kontzertu kanta propioak aurkeztuz zein talde ezberdinekin arituz; Nerabe taldean, adibidez. Adierazi du sorkuntza "terapia gisa" erabiltzen duela, eta batzuetan, lortzen duela terapia hori publikoari transmititzea: "Kontzentratuta eta intentzio horrekin abesten dudanean konturatzen naiz sortzen dudala erreflexio puntu bat publikoarengan. Kontzertuen ostean etortzen zait jendea eta esaten didate abestiekin usteko ez luketen lekuetara iritsi direla". Erantsi du meditatzeko ere balio duela sarri askotan, baina ez beti. "Tokiak zerikusi handia du konexio horretan, aretoan dagoen giroak, oro har".