Donostia Kulturak Ipuinaren Ordua izeneko egitasmoa du eta normalean, haurrentzako ipuin kontaketa horiek Donostiako liburutegi sarean egiten dituzte. Berrogeialdiaren ondorioz etxetik irten ezin daitekeenez, liburutegietako kontaketak bertan behera geratu dira; baina laster bilatu diote irtenbidea arazoari: Ipuinaren Ordua programako ipuin kontaketak etxetik ikus ahal izango dira orain.

Astelehenean hasi ziren Donostia Kulturaren YouTubeko kanalean (Donostia Kultura) ipuinak zintzilikatzen, Lur Korta ipuin kontalariaren eta bere taldearen eskutik. "Astelehenetik igandera, egunero, arratsaldeko 16.00tan ipuin bat eskainiko da, eta ginera, astebetez egongo da zintzilikatuta horietako bakoitza", azaldu dio egunkari honi Kortak. Famili giroan ikusi eta entzuteko moduko ipuinak dira eta bakoitzak zortzi-hamar minutu artean irauten du.

Gainera, larunbateko ipuin saioa euskaraz eta zeinu hizkuntzarekin izango da -pantailaren alde batean interpretea eta bestean ipuin kontalaria-, eta igandeetan gaztelaniaz kontatuko dituzte ipuinak.

Ipuin kontalariak honako hauek izango dira: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Ipuin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta. "Zazpi kontalari gara eta egunero narra-tzaile desberdin bat arituko da", zehaztu du Kortak.

Bakoitza norbere etxetik ari da ipuin saioak grabatzen eta mota askotako kontaketekin gozatzeko aukera izango da. "Denok desberdinak garenez, bakoitzak modu batera egingo du: batzuk kontatuko dugu liburua eskuan dugula eta beste batzuk libururik gabe; batzuk txikiagoentzako ipuinak eta beste batzuk, aldiz, zaharragoentzat€ familientzako saioak izango dira, oso desberdinak elkarren artean", nabarmendu du Kortak.

Astelehenean, Korta bera hasi zen Ipuinaren Ordua saioko lehen kontaketa birtualarekin. Arratoiak tortilla bat egin nahi du ipuina kontatu zuen, liburua esku artean zuela. Hala ere, istorioa kontatzen hasi aurretik sarreratxo bat egin zuen entzulearen arreta erakar-tzeko. Honela zioen: "Behin gizon zahar bat baratzera joan zen. Aza bat hartu zuen eta kaka berde-berdea egin zuen. Hori zeinentzat? Ipuina kontatzen dudan bitartean ahoa zabaltzen duenarentzat".

Ipuina hasi baino lehen horrelako sarrerak egitea ohikoa da kontalarien artean. "Nik, adibidez, sarreraren batean abesti bat ere abesten dut eta beste batek agian poesia bat errezitatzen du. Baliabide ugari daude publikoaren arreta hasieratik erakartzeko", aitortu du Kortak.

Kontaketa hauek zortzi eta hamar minutu artean iraun arren, normalean euren saioak luzeagoak izan ohi dira. "Egia esan, gure ipuin saioek ordu erdi bat irauten dute kultur etxeetara joaten garenean. Baina ez zitzaigun oso egokia iruditu YouTubeko kanal baterako, laburragoak izatea komenigarriagoa iruditu zitzaigun, atseginagoa izan zedin", esan du kontalariak.

Hala ere, aurrera egin ahala aldaketak etor daitezkeela dio: "Jendearen erreakzioaren zain gaude, eta ezer proposatzen badute prest gaude moldaketak egiteko".

Sarrera erakargarri bat egiteaz gain, euren ipuinen amaieran asmakizunak edo kontaketarekin lotutako galderak luzatuko dizkiete ipuin kontalariek ikus entzuleei, eta hurrengo eguneko kontalariak bere bideoan esango du erantzuna. Horrela, bideo guztien artean hari moduko bat egotea lortuko dute. "Nik asmakizunak asko erabili izan ditut kontaketetan, beraz, asmakizun bat botako dut, eta hurrengo ipuin saioan kontalariak asmakizunaren erantzuna argituko du", azaldu du Kortak.

Hala ere, beste kontalari batzuk eskulan bat proposa dezakete amaieran edo haurrentzat entretenigarriak diren beste hainbat ekintza. "Zazpi izanda, hori egin ahal izateko koordinazio handia behar dugu elkarren artean, bideotik bideora jarraipena an-tzemateko. Jakina, hori guztia ongi borobiltzeko guk ere aurrerapen handiagoa behar dugu", azpimarratu du.

Oraingoz, egunero ipuin berri bat eskainiko dute Donostia Kulturaren kanalean apirilaren 20ra arte. Hala ere, konfinamenduak irauten duen bitartean jarrai-tzeko asmoa dute, familiartean Ipuinaren Orduko istorioekin gozatzeko.

Laburpena. Zain eta zain egoten zen, baina bisitaririk ez zuen izaten. Harik eta hontzak ulu egin, haizeak putz egin, eta atea ireki arte: orduan, zera sartu zen...

Laburpena. Jorgek bere etxeko sukaldea itsasoa zela pentsatzen zuen. Horma erdia urdina zen eta beste erdia zuria, horregatik sartzen zen urpeko betaurrekoekin bertara.

Laburpena. Teandra eta Luisinho izeneko aiton-amonak Brasilen bizi dira. Teandra handi-handia da, eta Luisinho, berriz, txiki-txikia. Luisinho zuri-zuria da eta Teandra beltz-beltza.

Laburpena. Amirak ilehoria izan nahi du, filmeetako aktoreen moduan. Europara etorri aurretik astero joaten zen izebarekin zinemara eta orain eskutitzak idazten dizkio izebari.