2001ean jaiotako euskal argitaletxeak Fernando Tarancón editore eta sortzailearen bitartez atzo jakitera eman zuenez, “zor nabarmena genuen alor horretan”, eta ez omen zioten orain arte “behar adinako arreta eskaini”.

Hori horrela, martxoaren bukaeran salgai izango da Claudio eta Morino 1. La Maldición. 6 urtetik aurrerako irakurleentzako komiki honetan, Adrien Albert frantziarrak opor lasaiak igarotzeko gogoa duen zezen gazte baten istorioa kontatzen du. Zezenak oharkabean eskeleto bat esnatuko du, eta honek ez dio bakean utziko kostaldean zehar egingo duen bidaian.

Bildumaren editore den Marion Duc-en hitzetan, haurrentzako komikiekin irakurtzen ikasi genuenean izandako “sentsazioak transmititu” nahi dituzte sail berri honekin. “Horregatik, ia konturatu gabe, hasiera honetan lehen irakurleengan jarri dugu arreta bereziki. Irakurleak bildumarekin batera haztea nahiko genuke”, azaldu zuen.

Martxoaren 19an salgai izango den Adrien Alberten komikiari beste batzuk jarraituko diote segidan: Martin Romeroren Uxío kaleratuko da apirilaren 8an, Emily tetri-ren Tigresa contra pesadilla maiatzaren 7an, eta Romain Pujol eta Vincent Cautena-ren Avni. Animal Verdaderamente no identificado ekainaren 4an. Bildumako lehen lau liburuak aldi berean argitaratuko dira, euskaraz, gaztelaniaz zein katalanez. - M. Tolosa