Bost hamarkadatan zehar Antton Elizegi (Lasarte, 1938) argazkilariak oinarri izan du landa-paisaia bere lana osatzeko. Argazkigintzarako grina Andoaingo Laborde Hermanos enpresan piztu zitzaion, eta bertan eman zituen lehen urratsak industriaren, makina-erremintaren eta delineazioaren arloan.

Iaz, bere bizitza osoan zehar osatutako bildumako 45.000 argazki dohaintzan eman zizkion Elizegik San Telmo Museoari eta horietatik 150 erretratu inguru bildu dituzte orain Atzera begirako poetika. Antton Elizegi Argazki Bilduma erakusketa osa-tzeko. Gaurtik hasita maiatzaren 10era arte izango da ikusgai eta bertan ageri diren lanek Elizegiren ibilbide fotografiko eta poetikoaren atzera begirakoa erakusten dute, teknifikazioaren aurreko Gipuzkoako azken belaunaldi autoktonoak bizitako esparruetako irudien bidez.

"50 urtetako ibilbidea daukagu argazki hauetan guztietan zehar eta museoak gogoeta piztu nahi duenez, pentsatzen dut erakusketak eta horrekin batera lotutako jarduerek lortuko dutela helburua betetzea", nabarmendu zuen Jon Insausti kultura zinegotziak atzo erakusketaren aurkezpenean. María José Aranzasti komisarioak eta Elizegik denbora luzez egin dute lan esposizio hau errealitate bihurtzeko. "Anttonek eta biok aspalditik desiratzen genuen eguna iritsi da", esan zuen Aranzastik.

Argazkilariaren estiloa beltzaren eta zuriaren arteko kontraste bizian oinarritzen da. Gainera, argi-ilunetan konposizioaren eta egituraren indarra bilatzen du. "Aukeratu ditugun irudiek memoria, iraganaren nostalgia eta gure sorlekuari buruzko jakintza daramate beraien baitan", azaldu zuen Aranzastik.

"Funtsezkoa" izan da argazkilaritza Elizegirentzat, eta erakusketa honetarako aukeratutako irudiek 50 urtetan zehar izan duen pasioa islatzen dute. "Lan pertsonala izan zen, oso independentea eta, beraz, orain nahiko gauza normala dela iruditzen zait. Hala ere, erakusketa ikusita pentsa-tzen hasia naiz egin nuen lanak garrantzia izan dezakeela", aitortu zuen Elizegik.

ataletan banatuta Aretoaren sarreran, urteetan zehar artistak erabili dituen argazki makinak eta bestelako argazkigintzarekin lotutako objektuak ikus daitezke. Irudiak bederatzi ataletan banatu dituzte. Lehenengo atala Natura da eta bertan ageri dira zuhaitz biluzien, enborren eta adarren lehen argazki serieak. Gainera, natura horretan kokatuta daude metak, gaur egungo paisaiatik ia desagertu direnak.

Baserriari eta egitura arkitektonikoei buruzko irudiak ikus daitezke segidan: Elizegiren gai gogoko eta erabilienetako bat, hain zuzen ere. "Argazki hauetan egiturekiko eta arkitekturarekiko dudan interesa islatzen da. Baserrien eraikuntzak atentzioa eman izan dit beti: oso habe interesgarriak dituzte, eta horien fotografiak egitea gustuko nuen", aipatu zuen.

Bestalde, serieen artean Arantzazu da ezagunenetako bat. Sail horretako 30 argazki frantziskotarren ordenako klaustroko hormetan daude ikusgai beti. Oteizaren hamalau apostoluen frisoak eta Sáenz de Oiza arkitektoak zizelkatutako dorreek osatzen dute serie hau. Erakusketaren beste atal garrantzitsu bat Elizegiren argitaratu gabeko Harriz harri liburuak osatzen du. Nafarroako arte erromanikoaren irudiz osatuta dago.

Esperimentazioa eta istorioak kontatzeko modu berrien bilaketa ere ardatz izan ditu Elizegik bere ibilbidean zehar. Horregatik, Esperimentazio artistikoa atalean hainbat serie berezi aurki daitezke; besteak beste, irudi tragiko eta adierazkorrak dituen Debako panpinak (1975); Zumaiako itsasontzien hondakinak (1974); Lasturreko plastikoak (1974); Negutegia (1989) edo Antzerti taldearen Troiarrak (1983) antzezpenaren irudiak.

Industria arkeologiarekin erlazionatutako argazkietan euskal industriak hainbat hamarkadetan bizi izan dituen krisiak daude dokumentatuta. Horien artean, Bergarako Hermanos Eguren lantegiaren desegitea (1999) eta UCEM enpresaren eraisketa (2000). Gainerako argazkiak etnografikoak eta erretratuak dira.

Amaitzeko aipatu, bertan ikus daitekeela, baita ere, 1974an Bergaran burutu zen Urrats Berriak ekimena. Artearen arlotik euskararen alde egindakoa izan zen ahalegin hura, eta argazkiez gain, film batean ere jaso zuen, Super 8an.

Erakusketan ikusgai dauden argazki guztiak Atzera begirako poetika. Antton Elizegi Argazki Bilduma izeneko liburuan bildu dituzte, eta eskuratu nahi izanez gero San Telmo Museoan egongo da salgai.

Sormen tailerrak. Otsailaren 15ean eta martxoaren 28an familia tailerra eskainiko du Joseba Bontigui artistak. 17.00etan izango da, elebitan, eta familia bakoitzak bost euro ordaindu beharko ditu.

Bisitak. Doako bisitak otsailaren 20an (gaztelaniaz), martxoaren 26an (gaztelaniaz) eta apirilaren 23an (euskaraz) egingo dituzte arratsaldeko 18.00etan. Erreserbatzeko stm_erreserbak@donostia.eus helbidera idatzi edo 943481561 zenbakira deitu beharko da.

Doako zinea. Martxoaren 6an 19.00etan 'Ama Lur' filmaren aurkezpena, proiekzioa eta solasaldia egingo dute, gaztelaniaz.