donostia - Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa gaur amaituko da. Finala 17.00etan hasiko da Donostia Arena (Ilunbe) aretoan eta honako zortzikotea arituko da kantuan: Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Irabazleari Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela.

Bertsolarien lana epaituko dutenak Amaia Otxotonera, Eneritz Azkue, Maite Sukia, Mikel Beloki, Mikel Lersundi eta Zigor Leunda izango dira eta idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna, Silvia Etxaniz eta Gorka Segurolak jardungo dute.

Finalak bi zati izango ditu eta lehenengoan, zortzi bertsolariek 15na bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte: binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso eta bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Lehen zatian puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak pasako dira bigarren atalera eta beste hamar bertso puntuagarri abestuko dituzte: binaka, gaia emanda, seiko puntuko motzean, hiruna bertso eta binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte. Azkenik, kartzela abestuko dute: gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saio guztiko puntuazioak, bi ataletakoak, batuko dira eta puntu gehien eskuratzen duenak jantziko du aurtengo txapela.

Aitor Mendiluze bertsolariaren iritziz, kolore asko dituen finala izango da gaurkoa: “Bertsolarien estilo batzuk oso markatuak dira, gauza baten bila doazenak edo; beste batzuk, aldiz, irekiagoak direla uste dut eta ez dela beraiekiko ezer konkreturik espero. Beraz, edozer gauzetan jolasteko aukerarekin ikusten ditut”, azpimarratu du finalaren atarian.

Alde horretatik, pronostikoa “zaila” dela esan du: “Beñatek, Aginek, Alaiak eta Jonek, duten puntuazioagatik, koska bat ateratzen diete beste guztiei eta forma onean daudela ikusi zaie, baina, egun bat da eta zernahi pasa daiteke”. Kalitateari erreparatuz, txapelketa guztiak bezala, “gorabeheratsua” izan dela adierazi du: “Batzuk oso goitik hasi diren bezala, beste batzuk gaztetxoagoak harrapatu ditu beraien onena emateko, baina txapelketa guztietan izaten dira horrelako penak eta horrelako gabeziak. Gorabeheratsua izan da, baina gauza on dezente egon dira txapelketa honetan eta entzuleak gustura en-tzuteko moduko txapelketa izan da zentzu horretan”.

Mendiluzeren iritziz, ez dago faborito garbirik. Estilo eta bertsokera desberdineko bertsolariak iritsi dira finalera eta batzuk beren eremua markatu badute ere, horien artean oso bestelako estiloak daude. “Kasu honetan, proposamen desberdinak izateak are zailagoa egiten du faborito bat markatzea. Era berean, plazer handiagoa eskaintzen digu bertsozaleoi kolore gama zabalagoa egoteak”, esan du.

Bertsolari bakoitzak bere bertsokerarekin eragingo dizkio emozioak Ilunbera gerturatzen den bakoitzari. Hala ere, bertara joateko aukerarik ez duenak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala zuzenean jarraitzeko aukera izango du telebistaz zein internetez. ETB4 kateak osorik eskainiko du finala zuzenean eta ETB1ek, berriz, gaueko albistegiaren ondoren egingo du bat saioarekin. Internet bidez, www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan ere igorriko dute Ilaski Serranok eta Martin Aramendik aurkeztuko duten emanaldia.

Bihar berriz, Hitzetik Hortzera berezia eskainiko dute 15.00etatik aurrera ETB1en.

Ordua. Donostia Arenako (Illunbe) ateak 15.30ean irekiko dira.

Nortzuk. Bertsolarien lana epaitzen sei epaile hauek arituko dira: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro.

Lehenengoa. Finalaren lehen zatian, zortzi bertsolariek 15na bertso puntuagarri abestu beharko dituzte: Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso.

Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.

Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso. Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.

Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Bigarrena. Lehen zati horretan puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak pasako dira bigarren atalera eta beste 10 bertso puntuagarri abestu beharko dituzte:

binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso.

Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte. Kartzelako lana: gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso. Saio guztiko puntuazioak, hau da, bi ataletakoak batuko dira, azkenean, txapelduna erabakitzeko.

Xabier Gaztelumendi. Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari.

Anjel Mari Peñagarikano 1991

Aitor Mendiluze 1995

Maialen Lujanbio2003

Aitor Mendiluze 2007

Aitor Sarriegi 2011

Beñat Gaztelumendi 2015

Jon Maia 2003, 2007, 2015, 2019

B. Gaztelumendi 2007, 2011, 2015, 2019

Agin Laburu2011, 2015, 2019

Alaia Martin 2011, 2015, 2019