donostia - Liburua Musikenek, Renoko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egindako lanaren fruitua da eta euskal musikaren historia osoa biltzen du. Ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz irakurri ahal izango da. Hiru hamarkadatan aurrenekoz, euskal musika guztiaren historia sistematizatu da. Musikene eta Eresbileko hamar ikerlarik egin dute, Josu Okiñena irakasleak koordinatuta. Euskal musikaren historia ingelesez argitaratzen den lehen aldia da. Gai honi buruzko liburu gutxi zeuden lehen, izan ere, gisa honetako azken lana Jose Antonio Arana Martijak egin zuen 1987. urtean.
Atzo liburua aurkezteko Musikenen egin zen ekitaldian Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak azaldu zuenez, “Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies erakundeak eta Musikenek maila internazionalean egindako kolaborazio honek Musikeneren posizionamendua indartzen du eta inpaktu zuzena du euskal gizartearen aurrerapenean”. Liburua idazteko ekimen ikertzailea 2017an sortu zen eta bi urteko lanaren ondoren, aurten argitaratu du Renoko Center for Basque Studies argitaletxeak. Momentuz ingelesez bakarrik irakur daiteke, baina urte honetarako euskarazko eta gaztelaniazko aleak kaleratzea espero dute egileek.
Edukiari dagokionez, liburuan zazpi atal daude Historiaurretik XXI. mendera arteko euskal musikaren historia kontatzen dutenak. “Bestalde, hiru atal gehitu dizkiogu gai berezi batzuetan banatuta: emakumea eta euskal musika, Euskal Herriko jazza eta Euskal Herriko musika popularra. Pentsatu genuen hiru atal hauek sartzea oso garrantzitsua zela, Euskal Herriko musika tradizioan kontuan hartu behar ditugu”, azpimarratu zuen Josu Okiñenak.
FUNTSEZKO GAIAK Emakumeak euskal musikan funtsezko papera izan du, gizartearen gehiengoarentzat ezezaguna den papera. Horren harira honakoa gaineratu zuen Xabier Irujok, Center for Basque Studieseko zuzendariak: “Erdi Arotik agertzen dira lehenengo emakumeak musikaren arloan. Ezagunena Emiliana de Zubeldia dela uste dut. Ikastera Parisera joan zen emakume nafarra zen, ondoren Ameriketako Estatu Batuetara joan zena. Han, 1934. urtean Nicanor Zabaletarekin batera saio bat egiten zuen irratian entzuleei Euskal Herriko musika nolakoa zen jakinarazteko”. Jazzari ere kapitulu oso bat eskaini diote, izan ere, batez ere Donostian musika estilo honek indar “izugarria” eta “sendoa” izan du, ez orain bakarrik, historian zehar ere bai.
Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusiak ikastegiko irakasleek “eskuzabaltasunez” parte hartu izanak ahalbidetu duela proiektu hau esan zuen. “Guztiak dira ikerlari adituak eta bakoitzari liburuaren atal bat idazteko eskaria egin zaio”, esan zuen.
Liburuaren aurkezpenarekin amaitzeko, Musikeneko hainbat irakaslek sarrera librea izango duen kontzertu bat emango dute euskal errepertorioarekin. Kon-tzertua Musikeneko Auditoriumean izango da gaur, arratsaldeko 19.30ean.