Hogei urte baino gehiagoko musika ibilbidea du egina Eñaut Elorrietak (Gernika, 1975). Oso gaztea zela Lugarri taldean abeslari gisa aritu zen, eta handik gutxira Ken Zazpi sortu zuen. Gernikarrak bi hamarkada eman ditu taldean eta tartean Deserriko kantak (2013) bere bakarkako lehen diskoa ere kaleratu du.

Oraingoan, bere musika banda hari instrumentuengatik ordezkatu du eta hortik sortu da Harian. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatzen duten Kaabestri String Ensemble: Oscar Lopez, Igor Torre eta Arkaitz Martinez biolinistak; Jon Arraz txelo-jotzailea eta Paloma Torrado kontrabaxista.

‘Harian’ proiektua aurkeztu berri duzu. Prest birari ekiteko?

Azken urte honetan sorkuntza prozesu batean sartuta nabil eta bete-betean harrapatzen nau egitasmoak hor barruan. Ahotsa lantzeko gogoa nuen, eremu berriak deskubritzeko, hori da azkenean nire sorkuntzaren motorra. Horretan nengoela, hari boskote batekin zuzeneko batzuk eskaintzeko gogoa piztu zitzaidan. Kaabestrirengana jo nuen orduan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan aritutako musikariak dira eta lehenagotik ezagutzen nituen. Oso kultura klasikokoak dira eta aldi berean oso irekiak.

Errepertorioari buruz zer esan daiteke?

Boskote honekin nire orain arteko ibilbidea laburtu dezakeen errepertorio bat prestatu dut, izan ere, orain arte konposatu ditudan hainbat kantu moldatu ditugu eta beste lau kantu berri gehitu dizkiogu. Proiektuak denetatik izango du, beraz. Gainera, hainbat moldatzailerengana jo dut; Fernando Velázquez da horietako bat, berak moldatu ditu kantu gehienak. Carlos Monfort mexikarrarekin ere beste moldaketa bat egin dut eta aspaldian mundu klasikoan buru belarri sartuta dagoen Juan Carlos Perezekin ere bai. Pasa den abuztuan Senperera joan ginen David Chalmin produktore eta musikari frantsesaren estudiora, abesti berriak grabatzera. Mundu klasikoan aritutakoa da Chalmin. Lau kantu berri hauek zuzenekoetan egingo duguna jendeari erakusteko izan dira, proiektua aurkezteko.

Zureak dira abestien letrak?

Nireak garatzen saiatu naiz, baina Joseba Sarrionandiak nire ondoan jarraitzen du, aurreko diskoetan bezala. Beste idazle ba-tzuengana ere jo dut: batetik, Jose Luis Otamendi eta, bestetik, Jorge Oteizaren olerki bat ere moldatu dut.

Aurretik hari boskotearekin lan egin izan duzula aipatu duzu. Nolakoa izan da lan prozesua beraiekin?

Boskotea tartean egon den hainbat ekimenetan parte hartu izan dut. Gainera, Ken Zazpik Orkestra Sinfonikoarekin diskoa grabatzean, hari boskotea ezagutzeko aukera izan nuen. Lan prozesuari dagokionez, kantuak hautatu edo sortu nituen lehenengo, gero moldatzaileari bidali nizkion, ondoren entseatzen ibili ginen Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramoneko egoitzan. Bertan partituren lehenengo irakurketa bat egin genuen, aldaketak proposatu eta azken hilabeteetan, interpretazioan sakontzen ibili ginen. Honekin konturatu naiz partiturek garatzeko nolako jokoa ematen duten eta kantua bera ere azkeneko prozesu horretan birsortu egiten dela. Esango nuke, gainera, prozesu hori irekita dagoela eta gara-tzen joango dela zuzenekoetan ere.

Plano artistikoari begira, nolako esperientzia izan da?

Hari boskote batekin lan egiteak gauza berri asko ekarri dizkit. Batetik, esango nuke orain arte ohituta egon naizena baino giro organikoagoa sortu dela eta horrek ahotsa eztarritik baino, sabeletik ateratzera tiratu dit nolabait, aldaketa bat nabaritu dut. Bestalde, hasiera batean ohiko pop-rock formatura ohituta, ahotsarekin espazioak beteko nituela uste nuen, baina kontrakoa gertatu zait; prozesuan zehar espazioak itxi egin behar izan ditut eta hori egiten ikasi behar izan dut. Erritmoa ere orain aldakorragoa eta malguagoa da. Orain arteko nire ibilbidean bateriak eta baxuak eraman izan dute erritmoaren oinarria eta hemen tarte bakoitzean leku desberdin bat bilatu eta oinarri horren gainean dan-tza egin behar da apur bat. Sentsazioa flota-tzen egotearen antzekoagoa da baina, aldi berean, askeagoa. Leku seguru hori sentitzen, horren bila joaten eta bertigo gabe kantatzen ikasten ari naiz, orain arte ohituta egon naizen oinarri hori gabe.

Harian izenburua bera ere hortik datorrela esango nuke eta, aldi berean, horrek egiten dit, orain arte ez bezala, beraiek (hari boskotea) ikusteko beharra izatea, erritmoaren oinarria bisuala izango balitz bezala. Hau da, gustura kantatu ahal izateko, beraiek jotzen ikusi behar ditut. Eurak bost hari instrumentu dira, elkarrekin sei gara eta sei instrumentu horiek bakar bat bezala funtzionatzea izango litzateke helburua. Horretarako, hainbat gauza desikasi eta berrikasi behar izan ditut, artistikoki oso proiektu aberatsa izaten ari da. Lengoaia bera ere, adibidez, aldatu da, boskotearen erreferentziak oso desberdinak direlako niretzat. Lengoaia berri bat da, eta oso aberasgarria izan da niretzako eurekin lan egitea.

Musikaren munduan beste salto edo urrats bat eman duzula esan daiteke, beraz.

Bai, nik uste dut motibatzen nauela esperien-tzia berriak edukitzeak, esperimentatzen jarraitzeak, horretan aritzeak eta ikasteak, probatzeak, jolasteak, norbere burua proban jar-tzeak. Zure gunetik irten eta esparru berriak deskubritzeak eboluzionatzea dakar eta abeslari moduan haztea ere bai.

Zure errepertorioko hainbat kantu hari moldaketez jantziko dituzu zuzenekoetan. Pieza horiek zeintzuk izango diren aurreratzerik bai?

Uste dut inportantea dela larregi ez aurrera-tzea, horrela jendea zuzenekoetan alerta egongo da. Hala ere, Itoiz taldearen As noites da Radio Lisboa, Deserriko kantak diskoko abesti batzuk eta Ken Zazpirentzako bere garaian sortu nituen beste batzuk ere moldatu ditut. Horiekin batera, aipatutako lau kantu berriak ere entzun ahal izango dira. Nire ibilbidearen argazki eguneratu bat izango da errepertorioa.

Argitalpen fisikorik ez omen da izango. Entzuleek hala eskatuko balute ere ez?

Harian zuzeneko proiektu bat izan da hasieratik niretzako. Kantuak sortzen nabil eta datorren urteari begira diskoren bat kalera-tzeko asmoa dut. Hala ere, antzeko proiektuen erreferentziaren bat badago zentzu horretan: Elvis Costellok Juliet Letters grabatu zuen Brodsky Quartet-ekin adibidez, Silvia Perez Cruzek ere beste hari boskote batekin egin zuen? Nire kasuan, zerbait diferentea egin nahi nuen, izan ere, horrelako estiloko diskoak entzuten nituenean, formatu hori batez ere zuzenekoetarako dela iruditzen zi-tzaidan; baina, bestalde, egia da lau kantu horiek grabatu eta gero, eta orain entseatzen gabiltzala, jendeak lan hori moduren batean erregistratuta gelditu beharko litzatekeela komentatu digula, beraz, ez dut aterik ixten. Ikusiko dugu honek nola eboluzionatzen duen. Printzipioz lau kantu horiek grabatu eta sarera igo ditugu, hala nahi duenak plataforma digitaletan entzun ditzan.

Urtebete da Ken Zazpirekin egindako bira oso arrakastatsua bukatu zela. Tarte horretan bakarlari gisa ikusi zaitugu agertokietan, eta orain ‘Harian’-ekin zatoz, beste erritmo batean. Agertokietatik pixka bat aldentzeko tartea izan al duzu?

Azkenengo urte honetan gauza diferenteak probatzen ibili naiz. Alde batetik, gitarra hartuta areto itxietan ibili naiz ni bakarrik. Bestetik, kantuaren esentziari heltzeko gogoarekin egon naiz. Kantuak sortzen ibili naiz eta gitarrarekin bakarrik zuzeneko batzuk eskaintzeak termometroa ipintzeko balio izan dit, ondo orekatzeko, eta esperientzia hori gustatu zait. Bestalde, gitarrista flamenko batekin eskaini nuen kontzertu bat udan eta berarekin entseatzen ere ibili naiz. Horrez gain, Labeque ahizpekin ere aritu naiz, mundu mailan piano-jotzaile izugarriak dira, beraiekin eszena klasikoa ezagutzen hasi naiz, anplifikaziorik gabe ibili gara, ahotsa eta interpretazioa leku bakoitzera nola egokitu ikasi dut. Europako agertoki handietan ere izan gara eta horrek haizea eman dit. Gauza diferenteak probatzen ibili naiz, haizea eta energia hartzen eta guzti horrekin nator orain Harian egitasmoarekin. Beraz, agertokietatik ez naiz guztiz aldendu. Esango nuke horrelako proiektu pertsonal baten lehenengo pausua Deserriko kantak izan zela eta Harian bigarrena dela.

Ken Zazpirekin egindako azken biran antzoki garrantzitsu askotan aritu zinen. Oraingoan, Bilboko Arriaga antzokian emango diozue hasiera birari. Zergatik bertan?

Oso argi neukan hari boskote batentzako egokia izango zen areto batean aritu nahi nuela eta Arriaga erreferente bat da horretarako. Bai Ken Zazpirekin eta bai Deserriko kantak diskoa aurkeztu nuenean bertan aritu nintzen eta uste dut antzoki ederra eta elegantea dela. Horrelako emanaldi baterako ezin hobea da.

Ken Zazpiri dagokionez, zein fasetan dago taldea?

Phoenicoperus birarekin itzultzeko sine die amaitu genuen. Gainerako taldekideak ere bakoitza bere proiektuekin dabiltza. Orain nire bakarkako ibilbidea lehenesten dut, buruan daukat Harian-ekin zuzeneko batzuk eskain-tzea eta beharbada datorren urtean disko bat argitaratuko dut. Etorkizunean lortzen badugu proiektu baten bueltan biltzea, bilduko gara, baina ez dago ezer pentsatuta. Momentu honetan buruan daukadana nire ibilbidea da.