Azken lau urteetan idatzitako 32 ipuin bildu ditu Iban Zalduak (Donostia, 1966) Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak liburuan (Elkar). Bere ibilbideko 11. ipuin liburua du Zalduak. Izan ere, ipuingintzan nabarmendu da batik bat idazle donostiarra. Horren adibide dira bere Biodiskografiak (2011) eta Inon ez, inoiz ez (2014), adibidez. Euskaldun guztion aberria (2008) eleberria ere ondu du, baita hainbat saiakera ere: Obabatiko tranbia (2002) eta Animalia disekatuak (2005), besteak beste. Bi aldiz irabazi du Euskadi Literatura Saria: 2006an Etorkizuna ipuin bildumari esker eta 2012an Azken garaipena komikiagatik. Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia eta Historia fakultateko irakaslea eta Ortzadarreko kolaboratzailea ere bada.
Aiztoak dira nagusi liburuaren azalean, eta aiztoak bezain zorrotzak dira liburua osatzen duten ipuinak ere. Labankadaz josita dator liburua.
Tira, ipuin on batek beti izan beharko luke labankadatik zerbait. Bizkorra eta berehalakoan hilgarria, tradizio fantastikoaren narrazio kanonikoetan bezala, edo mantsoa eta sakona, Txekhovek horren ondo ordezkatzen duen tradizioan bezala. Azalak, Elkar argitaletxeko Unai Arana diseinatzailearen meritua denak, ondo laburbiltzen ditu, nire ustez, bilduma honek dituen ezaugarri eta asmo ba-tzuk: aniztasuna, ipuinak askotarikoak baitira; mehatxu-sentipena, buruz behera baitaude, itxaronean bezala; eta zorroztasuna. Zorroztasun-nahia, bederen.
Ironiarekin jolasten duzu, baina baita metaforarekin ere. Zure kontakizunekin zer sorrarazi nahi duzu irakurlearengan?
Ez nuke esango metaforarekin hainbeste jolasten dudanik: izan ere, egia da genero literario baten ezaugarriak aletzeko, ia ezinezkoa dela metaforak alde batera uztea. Tamalez, esango nuke, metaforez eta konparaketez ezin baita abusatu, prosaz ari garenean. Andres Neumanek zioen bezala, ipuinetan, lirismo neurritsuak magia produzitzen du; galgarik gabeko lirismoak, amarruak. Nahiz eta agian zuhurragoa den Pello Lizarralderen jarrera, lirismoa jasanezina zitzaiola esaten zuenean: guztiz ados nago berarekin.
Ironiaz ezin dizut kontrakorik esan, erabili erabiltzen dudalako, baina ez ipuin guztietan. Izan ere, erabiltzen badut ez da soilik baliabide literario gisa, berezkoa dudalako baizik: bizitzen jarraitu ahal izateko tresna eraginkorrenetako bat suertatu zait ironia. Ondorioz, ez da harritzekoa nire literaturan filtratu izana, nola edo hala. Jendearengan zer sortu nahi nukeen? Ba nigan ipuin onek sortzen dutena: ezinegon bat, durduza bat. Nahasmendu pittin bat, bederen. Baina ez dakit lortzen dudan.
Zure ipuin bat hartu eta bukatu arte ezin gelditu. Zer daukate hain itsaskorrak izateko?
Hasteko, eta ziurrenik nagusiki, sekula ez direla oso luzeak. Alde horretatik ipuin batean denbora inbertitzea beti izango da eraginkorragoa nobelatzar batean egitea baino, ipuinak aukera-kostua txikiagoa baitu: dezepzioa hartuz gero, txikiagoa izango da beti bost orrialderekin, seiehunekin baino. Eskertzen dizut, edonola ere, itsaskor adjektibo hori: hori lortzea nire ipuin bati buruz esan daitekeen gauzarik onenetariko bat da. Hori, eta barre ozena eragin duela, akaso. Baina ni ez naiz egokiena nire ipuinek hori lortzen ote duten eta nola lortzen duten aldarrikatzeko, ziurrenik?
Hitzen ekonomizazioaz berba egin izan duzu. Ipuinetan behintzat hala egiten duzu, buelta gehiegi eman gabe. Harira zoaz, istorio zuzenak dira zureak, kontakizunaren luzera zein den kontuan hartu gabe.
Bai, zuzentasun hori, harira joateko joera hori dut gustuko. Ipuin bakoitzak bere luzera eska-tzen du, bistan da, eta bilduma honetan denetik dago, luzeagoetatik mikroipuinetara arte. Baina, ipuinaren guztizko luzera dena delakoa izanda ere, ipuinari hitzen zama aurreztea posible bada, ipuinaren izpirituari kalte egin gabe, hobe hitz batzuk gutxiago idaztea, pasatzea baino. Horrek, arau bezala, beti fun-tzionatzen duela esango nuke.
Zure ipuinen amaierek beti gordetzen dute zerbait berezia, harrigarria, ezustekoan harrapa-tzen zaituena. Nola sortzen dituzu?
Ni ez naiz ia sekula idaztera esertzen ipuinaren amaiera argi edo nahiko argi izan arte: horretan oso klasikoa naiz. Agian nobela bat idaztean ez da horren argi izan behar hasieratik non amaitu nahi den; eremu horretan zalantza gehiago dauzkat. Baina ipuinean ezinbestekoa iruditzen zait. Beti ere irakurlearekin konexio hori, klik hori lortuko den ez dakizun arren. Ipuin bakoitzak, gutxienez, epifania bat barneratu behar du, edo epifaniatxo bat, eta amaiera izan daiteke horretarako bidea. Nahiz eta ez den, inondik ere, bide bakarra.
Diozunez, Abraham Lincolnek argi utzi zuen: “Zortzi ordu badauzkat arbola mozteko, zazpi ordu emango ditut nire aiztoa zorrozten”. Hainbeste denbora eman behar al da ipuin baten gaiari buruz dokumentatzeko?
Ipuinaren araberakoa da hori. Badauzkat ipuinak duela hogei urte hasi nintzenak idazten buruan, eta ez dutenak oraindik irtenbidea aurkitu; beste batzuk, ordea, di-da batean atera daitezke. Baina ez naiz fisikoki idazten hasten nire buruan eskema nahiko argia zirriborratzen dudan arte, hori seguru. Eta, ordenagailu aurrean esertzen naizenean, nahiz eta ipuina laburra suertatu, bakarkako denbora-tarte ahalik eta luzeena behar izaten dut, etenaldirik gabekoa, ahal dela, lana amaituko badut.
Desberdintasun handia dago gai bakar bateko eleberri bat edo hainbat ipuinetako bilduma bat sortzerako orduan?
Bi mundu erabat ezberdin dira, kasik bi unibertso. Alde horretatik, ziurrenik nobelatik hurbilago dago narrazioen zikloa deitzen dena, hots, hari argumental batez lotutako ipuinen liburua, ipuin bilduma petoa baino: Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak azken horietakoa da. Ipuin bildumak osatzeko bidea ez datza arkitekturan, nobeletan bezala, baizik eta metaketan. Arazo batzuk albo batera uzten dituen zerbait, baina beste batzuk sortzen dituena, liburuaren barne-antolaketarena bezalakoak, lana muntatzeko unea iristen denean.
Errealitatearen inguruko fikzioak dira ipuin guztiak, sekretutxo eta miseria txiki/handiak azaleratzen dituztenak. Nola egiten duzu bizitzako kontakizun txiki hauek identifikatu eta horren modu zorrotzean irudikatzeko?
Imajinatzen dut bideetako bat xehetasunei erreparatzea dela, bizitzan edo egoera jakinetan esanguratsuak izan daitezkeen kontu txikiei, alegia. Kuriositatea izatea, ziurrenik, lagungarria da. Eta pixka bat doilorra izatea ere bai, istorioak ebasteko lotsa gehiegi ez edukitzea: Faulknerrek zioen bezala, liburu bat idazteko orduan “dena doa karel gainetik behera: ohorea, harrotasuna, zintzotasuna, segurtasuna, zoriontasuna... Dena? Idazleak bere amari lapurreta egin behar badio ere, ez du zalantzarik izango”.
Jorratzen dituzun gaien artean bada bat besteek baino presentzia handiagoa duena: euskal gatazka, edo honen errelatoaren hausnarketa. Zer dela eta?
Agian gure bizitzen parte izaten jarraitzen duelako. Izan ere, ni ez nago horren seguru Gerra Zibiletik hona hainbeste denbora pasatu denik: nik garai horri buruzko egungo nobela batzuk irakurri ditut, Saizarbitoriarenak adibidez, eta ez daukat sentsazioa egilea nobela historikoa egiten ari denik, oraindik; beste batzuen kasuan hala izan daitekeen arren, noski. Beraz, hori gertatzen bazait Gerra Zibilarekin, pentsa euskal gatazka delakoarekin?
Euskaraz idazten dudanetik, eta lehenagotik ere, esango nuke alboan eduki dudan gaia dela, zaila iruditzen zaidalako, naizen bezalakoa izanda, harengandik ihes egitea. Alde horretatik, gatazkaren aldirik odoltsuena amaitu dela kontuan hartuta, kasik naturala iruditzen zait horretaz baino horren jarraipenaz idazten jardutea, errelatoaren bataila hori ere badelako: gatazkaren jarraipena, baina beste bitarteko batzuk direla medio.
Familien arteko sekretuak oso presente daude ipuinetan, adar-jartzeak ere bai, etorkizunaren eta iraganaren arteko saltoak? Horietako ba-tzuk, gainera, distopia edo zientzia fikzioaren laguntzaz mozorrotuta. Euskal literaturan behintzat, gutxi dira genero honen aldeko apustua egin dutenak.
Beno, ez dut uste hain gutxi direnik ere, gure eskala zein den kontuan hartuta. Badaukagu tradizio txiki bat, Xabier Kintana edo Mayi Pelot bezalako idazleak dituena oinarrian, eta tarteka burutxoa azaleratzen duena, urteroko produkzioan. Baina gure literaturaren tamainak asko mugatzen du azpigenero-espezialisten existentzia.
Egia da, bestalde, nobela beltzak ez bezala, prestigio kontuetan ahulago dabilela zientzia fikzioa, oso ondo ulertzen ez ditudan arrazoiengatik, gure artean praktikatzen den nobela beltza, oro har, eta suabe esatearren, ez zaidalako oso lehiakorra iruditzen. Zientzia fikzioak ikus-entzunezkoen alorrean izan duen garapen ikaragarriak agian badu zerikusia, orobat, prestigio literarioaren falta horretan. Edonola ere, nire kasuan nire irakurle hezkun-tzarekin dago lotuta, nerabezaroan hartutako bizioekin. Baina ez dut uste ni neu ezeren eredu naizenik, ze, azken finean, nire ipuinetan askotariko azpigeneroak nahasten ditut, eta horietako bat besterik ez da zientzia fikzioa.
‘Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak’ zure ipuin bilduma “orekatuena” dela diozu.
Aurkezpenetan zer edo zer esan behar delako norberaren liburuaren alde. Agian, kasu honetan, kontuan hartuta fantastikorako nahiko berezko joera daukadala, fifty-fifty-tik hurbil kokatzen delako ipuin fantastikoen eta ipuin errealisten arteko proportzioa. Komatxoekin, hala fantastiko nola errealista.
Lau urte eman dituzu liburu hau osatzeko. Hurrengorako hainbeste itxaron beharko dugu?
Agian gehiago izango dira, nork daki! Ez daukat idazteko diziplina jakin bat: idazteko zerbait daukadala iruditzen zaidanean baino ez naiz horretara jartzen. Are gehiago, ez dut uste norbere burua idaztera behartzea gauza ona denik, oro har. Nire kasuan ez, behintzat. Baina, tira, uda honetan, liburua inprentan zegoela jada, ipuin berri batzuk idatzi ditut, beraz, auskalo?