Donostia
Pixkanaka-pixkanaka, udaberriko uzta literarioa ari da loratzen euskal argitaletxeetan. Adin eta genero guztietara egokitutako eskaintza amankomuneko ezaugarri badute ere, editorialek apustu nabarmena egin dute nobela historikoen, thrillerren, hala nola album ilustratuen alde. Lehenengoaren loraldiak urteurrenek markatutako gaurkotasunarekin erlazioa du hein batean.
Esaterako, aurten data historiko garrantzitsu biren oroitzapena egingo da. Ekainean, Gasteizko batailaren bigarren mendeurrena gogoratuko da, eta abuztuan, aldiz, Donostiako suntsiketarena. "Oso urte napoleonikoa izango da", adierazi du Txertoa argitaletxeko editore den Martin Ansok. Urtemuga horien harira, aipatu editorialak Iñigo Bolinagaren Sinfonía guerrera gaztelerazko nobela historikoa aurkeztuko du apirila aldera. 1813ko ekain latz hartan girotua, Gasteizko bataila kontatzeaz gain, Beethoven du protagonistatzat, Gasteizko sinfonia sortzerakoan konpositoreak bizitako baldintzen berri emanez .
"Orain arte, Bolinagak nobelaz mozorrotutako saiakera historikoak idatzi ditu, dibulgazioaren mesedetan literaturaz baliatu baita. Oraingo honetan, fikziozko pertsonaiak tartekatu ditu", azaldu du Ansok. Apirilean ere izango da liburu-dendetan Ascensión Badiolaren Martina, guerrillera, Berrizko Martina Ibaibarriaga gerrillariaren bizitza aztoratua kontatzen duena nobela-ikuspuntu batetik.
haur literatura eta komikiak
Donostia, 1813
Ildo beretik, Ttarttalok José Antonio Azpiazuren 1813: crónicas donostiarras saiakera historikoa plazaratuko du hil honen amaieran. Notariatako dokumentuetan oinarrituz, obra honek agerian uzten du nola herritarrek bere egunerokotasunari eutsi zioten Wellingtonen tropek hiria suntsitu ostean. "Donostiarrek kemen handia erakutsi zuten horri guztiari aurre egiteko", nabarmendu du Idoia Arozena editoreak.
Nobela historikoaren beste adierazle bat da Inma Roizen Manuela (Ttarttalo, apirilean). Kazetari eta antropologoaren lehenengo eleberria da hau, eta Arozenari jarraiki, "autorea hasiberria bada ere nobelagintzan, oso ondo idatzita dago". Istorioak bi familien nondik-norakoak ditu ardatz, eta XVIII. mendeko Gordexola eta Mexikoren artean kokatzen da.
Aipatzekoa da Manuel Monteroren Historia del País Vasco (Txertoa, apirila). "Esku-liburu klasikoa da arloan -argitu du Martin Ansok-, eta edizio eguneratua eskainiko dugu aurten". Arlo ezberdinekoa baina esku-liburuen eremuari dagokiona, Txertoak apirilean ere kaleratuko du Baratze bat nahi dizut egin. Usoa Arin ingeniari agronomo donostiarrak argibideak ematen ditu norbanakoak baratze bat etxe ondoan "edo gure etxeko balkoian" landu dezan.
Bestetik, Susa argitaletxeak Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobela laburra ekarriko du hilaren amaieran. Gorka Arrese editoreak sinopsia aurreratzen du: "Lehenengo pertsonan kontatua, emakumezko bat da protagonista... eta Miren Agur Meabe du izena". Istorioak "gaur egungo emakume baten auto-erretratua" egiten du: protagonista bananduta dago, lana utzi berri du eta agobiatu samar bizi da. Horregatik, Landetara joatea erabakitzen du pare bat hilabetetan. Bertan idatziko du bere buruari buruz eta lasaitzeko asmoz, garai "oso trepidanteak" bizi ditu eta. "Oso kontakizun berezia da, euskal literaturan ez dakit inoiz egin ote den", dio Susako editoreak. Bere aburuz,"nobela bat da, ez autobiografia; alegia, benetan bizitakoa gertakari nobeleskoekin tartekatzen ditu Meabek, eta ziurrenik irakurleak ez du jakiterik izango zer den fikzioa eta zer ez".
Eta oraindik izenbururik ez duten arren, Susak Mikel Tabernaren nobela bat eta Oier Guillanen poema bilduma ere argitaratuko ditu martxoan eta apirilean, hurrenez hurren.
Eskarmentu handiko autore den Mariasun Landak "inongo aitzakiarik gabeko literatura" eskainiko dio estreinakoz irakurle helduari. Inurrien hiztegia (Pamiela) mikro-ipuin bilduma bat da, inurrien eta euskal gizartearen arteko paralelismo bitxia biltzen duena.
Elkarren eskutik, Garazi Goiak Txartel bat (des)herrira eleberria kaleratuko du martxoan eta Igartza Saria irabazi zuen Goiatz Labandibarrrek Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak izeneko ipuin bilduma plazaratuko du.
Argitaletxe berean, poesian eta haur-literaturan ibilitako Peru Magdalena nobelagintzan estreinatuko da Egia esan obrarekin, "bilaketa eta bidaia baten kontakizuna" egiten duena. Gainera, azpimarratzekoak dira Elkarreko beste bi titulu. Iñaki Irasizabalek Bizkartzainaren lehentasunak thriller politikoa aurkeztuko du. Martin Goena militante armatu ohia du protagonistatzat, egun zinpeko guarda gisa lan egiten duena. Alta, halako batean enkargu bitxia jasoko du: poliziak ETA erakundeko zuzendaritzan eduki duen satorra zaintzea. Bestetik, Joxemari Iturraldek Rasputin eta San Petersburgoko gauak nobela dakar, hainbat ilustrazioz hornitua. Eleberri historikoa ez den arren, "Rasputinen legendan girotua dago, eta bere garaiko Errusiaren gizarteari erreferentzia nabarmena egiten dio", zehazten du Antxine Mendizabal editoreak, zeinak berak idatzitako haurrentzako ipuin berria ere argitaratuko duen udaberrian: Nire alabak ez dauka erremediorik.
Haur literaturari dagokionez, aipatzekoak dira Harkaitz Canok, Katixa Agirrek eta Juan Luis Zabalak laster Elkarren argitaratuko dituzten ipuinak, eskaintza oparo baten adibide bakar batzuk aipa-tzearren. Irakurzale hasiberriek aukera ederra dute ere Pamielan, Txikitzen zaretenean album irudiduna horren adibidetako bat da, Uxue Alberdik idatzia eta Aitziber Akerretak ilustratua. "Haurtxoekin gertatzen den legez, badakit guztiak zoragarriak direla esan ohi dugula -onartzen du Pello Elzaburu editoreak-, baina liburu hau benetan zoragarria da". Aipatu tako ipuinak gonbidapena egiten die gurasoei haurren mundu liluragarrira itzul daitezen. Kalandrakarekin elkarlanean, euskaraz, gazteleraz eta galegoz argitaratuko da.
Komikiak ere bere tartea izango du -gorantz doan generoa baita-; esaterako, J. C. Fernandesen Munduko bandarik txarrena, Bego Montoriok euskarara ekarria eta Harkaitz Canoren hitzaurrearekin. "Bitxia, gozada bat", laburbiltzen du Txalapartako Mikel Sotok.
Ilustrazioaren loraldi partikularraz zera dio Antxine Mendizabalek: "Egun, pisu parekatua dute idazleek eta ilustratzaileek; gero eta marrazkilari gazte gehiago ditugu, salto handia eman da".
Gazte literaturari dagokionez, Jokin de Pedroren Etsai gordea eta Jon Anduezaren Kankal misteriozko istorioak aipatzen dituzte Elkarren. "Misteriozko liburuek harrera ona dute gazteen artean", baieztatzen du Elkarreko editoreak. Eta ez bakarrik gazteriak, helduek ere gustuko dute intrigazko literatura. "Detektibe eta polizia-nobelak aspalditik arrakastatsu dira euskal literaturan -gogorarazten du Martin Ansok-, azkenaldian Jon Arretxe, Iñaki Irasizabal eta Alberto Ladron Arana dira generoan nabarmendu diren autoretako batzuk". Azken honek Txertoarekin aurkeztuko du martxoaren 6an Las manos del carpintero thrillerra. Estreinakoz, jatorrizko bertsiotik (Arotzaren eskuak) gaztelerara itzuli da. "Suspensea azken lerroraino ziurtatuta dago", dio Ansok. Horrek esplikatzen du euskarazko nobela horren 15. edizioa kaleratu izana.
Antzeko zerbait gertatu zaio Karmele Jaiori. Jatorrizko Musika airean nobela gazteleraz argitaratuko du maia-tzean Ttarttalok, eta idazlea bera arduratuko da itzulpenaz. "Euskarazko irakurle asko jaso ditu nobela honek, eta gaztelerazkoen artean gauza bera gertatuko delakoan nago", iragarri du Arozenak. Giza-harremanak, zahartzaroak eragindako oroitzapenak edota etorkinen inguruko aurreiritziak dira Jaiok lantzen dituen gaietako batzuk istorio "hunkigarri" honetan.
Halaber, Garazi Arrulak Anais Ninen Venusen delta ipuin erotikoen bilduma euskarara ekarriko du (Txalaparta). Alberdaniak Némirovsky, Gagnon nahiz Glattauer autoreen obrak euskaraz eskainiko ditu. Pamielako Pello Elzaburuk dioenez, itzulpena "funtsezkoa da euskal literaturan, gainontzeko hizkun-tzekoetan legez".
Epígrafe
Saiakera mamitsuak
Saiakeraren arloa ere mamitsu dator. Pamielak Adiskidetze prozesua euskal gatazkan dakar, Jonan Fernandezek eta Fernando Reyk idatzita. "Fernandezen kargu politiko berria dela eta, pil-pilean dago egunotan, baina ez da zerbait oportunista izan, aspalditik genuen!", baieztatzen du irribarrez Elzaburuk. Obrak "proposamen zehatz bat" egiten du euskal gatazka deri-tzonari aurre egiteko. Literatura eta saioaren erdibidean, Patxi Zabaletak Absurdoko kontuak edo eroen herriko kronikak lana aurkeztuko du argitaletxe berean. "Euskal umore absurdoaz mintzatzen da, aho tradizioan oinarrituz", adierazi du Pamielako editoreak.
Bada, beraz, non aukeratu, "datorrena datorrela", Idoia Arozenak dioenez. "Kulturari atea irekita mantendu behar diogu, geuk ez badugu geurea zaintzen, argitaratzen eta kontsumitzen, orduan nork?", arrazoitzen du.
l 'Kristalezko begi bat'. Miren Agur Meabe (Susa).
l 'Gure garaiko heroia'. M. J. Lermontov. J. M. Belda (itzul.) (Elkar).
l 'Madame Bovary'. Gustave Flaubert. Patxi Apalategi (itzul.) (Elkar).
l '1813. Crónicas donostiarras'. José Antonio Azpiazu (Ttarttalo).
l 'Txartel bat (des)herrira'. Garazi Goia (Elkar).
l 'Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak'. Goiatz Labandibar (Elkar).
l 'Egia esan'. P. Magdalena (Elkar).
l 'Bizkartzainaren lehentasunak'. Iñaki Irasizabal (Elkar).
l 'Rasputin eta San Petersburgoko gauak'. J. Iturralde (Elkar).
l 'Las manos del carpintero'. Alberto Ladron Arana (Txertoa).
l 'Música en el aire'. Karmele Jaio (Ttarttalo).
l 'Martina, guerrillera'. Ascensión Badiola (Txertoa).
l 'Sinfonía guerrera'. Iñigo Bolinaga (Txertoa).
l 'Historia del País Vasco' (egun.). M. Montero (Txertoa).
l 'Baratze bat nahi dizut egin'. Usoa Arin (Txertoa).
l 'Manuela'. Inma Roiz (Ttarttalo).
l 'Munduko bandarik txarrena'. J.C. Fernandes. Bego Montorio (itzul.) (Txalaparta).
l 'Venusen delta'. Anais Nin. Garazi Arrula (itzul.) (Txalaparta).
l 'Amaren heriotzak libre egin ninduen'. Mari Luz Esteban (Pamiela).
l 'Delirioa'. Xabier Idoate. Rosa Silva (itzul.) (Pamiela).
l 'Hartza ehizatzera goaz'. M. Rosen/H. Oxenbury. M. L. Gaseni (itzul.) (Pamiela).
l 'Oker ulertua'. Irène Némirovsky (Alberdania).
l 'Ziurgabetasunen aroa'. Alain-G. Gagnon (Alberdania).
l 'Zazpi olatuz behin'. Daniel Glattauer (Alberdania).
... eta abar luzea.