Donostia. Aurrekoetan, euskal mitologiako pertsonaiak izan dira protagonista Maluta argitaletxeko haur liburuetan. Jentilak, lamiak, Mari eta Tartaloren abenturak kontatu zituen Eneko Haritzak eta Yoana Figuerasek irudiak jarri zizkien. Marrazki gehienak txuri beltzez egin zituen Bi Tanta estudioko ilustratzaileak, umeek kolorez jantzi ahal izateko. Oraingoan berriz, filosofia berari eutsi diote, baina lankide berria batu zaie Lur gorrian barrena ipuina osatzeko.
Liburuaren istorioa doinuekin atontzeko ideia Xabi Strubell musikariak eduki zuen. Izan ere, berarena da narrazioaren zirriborroa, geroago Haritzak borobildu zuena. Euskal Herriko hiru animalia gorriren abenturak kontatzen ditu: katagorri baten, mantagorri baten eta txantxangorri batenak, hain zuzen. "Gure kulturan leku berezia du kolore gorriak, hainbat esaera eta toponimo badaude", esan zuen. Protagonistak "Euskal Herrian barrena egiten dute bidaia eta paisaiaz paisaia beste zenbait animaliarekin topo egiten dute". Hiru urtetik zortzira bitarteko umeei zuzendutakoa denez, narrazioa "modu jostagarrian egindakoa" dela gaineratu zuen.
Liburuarekin batera 15 euroren truke saltzen den diskoa egiteko, Aita Donostia eta Azkueren garaiko kantutegi zaharrera jo zuen Xabi Strubellek eta hainbat doinu aukeratu. "Kantu sorkuntza jolasaren eremura eramateko aukera" eman dio esperientziak eta kantu horien hitzak bakarrik erabili ditu, melodiak hark asmatu dituelako "ikuspuntu kontemporaneo batetik". Jazz, bossa-nova eta bestelako erritmoak sortu ditu, eta zenbaitetan, Mikel Laboaren berreskuratze-lana hartu du aintzat: "Aire berri bat eman diet letrei eta kantak gaurkotu ditut".
Strubellek gitarra akustikoa, perkusioa eta eskusoinua erabili ditu eta Ainara Lasak bere ahotsa jarri du. Narrazioa entzuten eta kantatzen duten ahala, Figueresen marrazkiak mila kolorez pintatu di-tzakete neska-mutikoek. Datak zehazteke badaude ere, Strubellek eta Haritzak haurrentzako tailerrak emango dituzte ikastetxe eta kultur etxeetan.