Donostia. Udazkenean kaleratu zuen Leidor sessions diskoa aurkeztuko du Bide Ertzean taldeak ostiralean Lugaritz kultur etxean. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin plazaratutako bilduma hau joan den urtarrilean grabatu zuten zuzenean Tolosako Leidor antzokian beren ibilbidea zehar eginiko kantuak bilduz. "Hasi ginenetik sortutako lanen hautaketa izateaz gain, abesti berriren bat ere entzun daiteke", azaldu zuen Joni Ubeda baxu-jotzaileak.
Boskotea 1998an sortu zen Tolosan eta hamar urtez musika egin eta gero, jendaurrean eta zuzenean lan bat grabatzea erabaki zuten. "Diskoa bizi dugun momentu onaren isla da", argitu zuen Karlos Aranzegi bateria-jotzaileak. Leidor antzokian bi orduko emanaldia egin eta eskaini zuten kantu sortatik, 16 abesti hautatu zituzten. "Tolosa gure berezko herria da, gure habitat naturala", azaldu zuen. Ikuskizuna entzun eta ikusteko aukera dago. Raul Lopezen zuzendaritzapean, Modus Operandis ekoiztetxeak kontzertua irudietan jaso zuen eta grabaketa, berriz, Kaki Arkarozek egin zuen.
Diskoa Euskal Herriko hainbat txokotan aurkeztu eta gero, Lugaritzeko Imanol Larzabal aretora iritsi dira. "Guretzako leku oso aproposa da", aipatu zuen Ubedak. "Grabatu genuen lekua antzekoa zen, habitat egokia eta erosoa da guretzako", argitu zuen.
Ostiraleko emanaldian Joni eta Imanol Ubeda (ahotsa eta gitarra) anaiak, Karlos Aranzegi eta Fran Iturbe (gitarra) izango dira. Joserra Senperena pianista eta teklistak, aldiz, ez du parte-hartuko. "Senperena beste eginbehar ba-tzutan dabil eta oraingoan, ez da gurekin izango, baina ziur asko, hurrengo hilabeteetan eta grabazioetan gurekin izango dugu", aipatu zuen Ubedak.
Errepertorian dagoeneko euskal pop-rockan ezagunak diren Hiri emanen dizkinat, Hotel Bel-Air, Atsegin ditut, Zuk esan, Zein da bidea, Gazte ziren, aske ziren, Non dira, Haien bihotzen taupadak gara, Aurrez amestu gabetan edota Iritsi dira notiziak. Inoiz argitaratu gabeko abesti berri bat ere bada: Graffiti.
Bilduma Orain arte kaleratu dituzten sei diskoen birpasoa da Leidor sessions. "Oso momentu onean ginen eta boskote egonkor bat osa-tzen genuen, hori izan zen lan hau grabatzeko aitzakia", adierazi zuen Aranzegik. Zuzeneko kon-tzertuetan "gustura" dabiltzala aitortu zuten tolosarrek eta beren arteko komunikazioa "bikaina" dela. "Erronka handia izan da horrelako grabazioa egitea eta oso harro gaude emaitzaz", gehitu zuen.
Taldeak ez du estilo edo norabidea aldatzeko asmorik. "Ez dugu izan garena aldatu nahi, gauzak ateratzen zaizkigun bezela egiten jarraitzen dugu eta aldaketarik izanez gero, erabat naturala izango da", argitu zuen Aranzegik.
Bide Ertzean bandaren asmoa, beraz, ez da etapa bat atzean uztea, kantu berriak grabatu, bildu eta disko berri bat argitaratzea baizik. "Aktiboan jarraitzen dugu eta aurrera begira", azaldu zuen Aranzegik.
Boskotea Lugaritzen egingo du emanaldia ostiralean, 21.00etan. Sarrerak 6 euro balioko du.