Astronauta batek Martera modu seguruan bidaiatu eta Planeta Gorrian oina jartzeko helburua beteko lukeen aurreikusiz, espazio-medikuntzan aditu talde batek eredu matematiko bat garatu du.

ANUko (Australian National University) taldeak, sistema kardiobaskularrean zero grabitatearekiko esposizio luzearen inpaktua simulatu zuen, giza gorputza Marteko grabitate-indarrak jasateko gauza ote den zehazteko, Lurrean bezain indartsuak ez direnez, zorabiatu gabe edo espazio-ontzi batetik irtetean larrialdi mediko bat jasan gabe onartuko ote lituzkeen ikertuz.

Eredu hori oso erabilgarria izan daiteke iraupen laburreko eta luzeko hegaldi espazialek gorputzean duten eragina ebaluatzeko, eta gizakiei Marten lurreratzen laguntzeko bidean puzzlearen beste pieza garrantzitsu bat izan liteke.

ANUko Medikuntza Fakultateko ikertzaile Lex van Loon doktoreak aipatu zuenez, Martera bidaiatzearekin lotutako arriskuak ugariak diren arren, kezkarik handiena mikrograbitatearekiko esposizio luzea omen da, ia zero grabitatea, Eguzkiaren erradiazio kaltegarriekin bat eginda, gorputzean “oinarri-oinarrizko” aldaketak eragin ditzakeelako.

“Jakin badakigu sei eta zazpi hilabete artean behar direla Martera joateko, eta grabitaterik gabeko bidaia horrek odol-hodien egitura edo bihotzaren indarra aldatzea eragin lezake”, esan zuen artikuluaren egile nagusia den Van Loon doktoreak.

NOR DAGO BALDINTZA EGOKIETAN

“Space X eta Blue Origin bezalako hegaldi-agentzia komertzialen ugaltzearekin, pertsona aberatsek dute espaziora joateko aukerarik gehien, osasunez prestatuenak izan ez arren; beraz, eredu matematikoak erabili nahi izan ditugu inor Martera hegaldia egiteko moduan dagoen iragartzeko”.

Larrialdiko medikuntzako erregistratzaile eta astrofisikari Emma Tucker doktoreak aipatu zuenez, zero grabitatearekiko esposizio luzeak bihotza nagi bihurtu omen dezake, odola gorputz osora ponpatzeko ez duelako halako lanik egin beharrik grabitatea gainditzeko.

“Lurrean gaudenean, grabitateak gure gorputzaren beheko erdialdera erakartzen ditu fluidoak, horregatik nabaritzen dute hainbat pertsonek egunaren amaieran hankak puzten hasten zaizkiela. Baina espaziora joaten garenean, grabitazio-erakarpen hori desagertu egiten da eta likidoa gorputzaren goiko erdialderantz joaten da, gure gorputzean likido gehiegi dagoeneko sinesmena eraginez”, esan zuen Tuckerrek.

“Egoera horren ondorioz, komunera sarritan joaten hasiko zara, gehiegizko likidoa kentzen, ez duzu egarririk sentitzen eta edateari utziko diozu; espazioan egoteak deshidratazioa ekartzen duelarik”. “Horregatik ez da harritzekoa izaten, albistegietan astronauta bat Lurrera itzultzen ikusten dugunean bat batean zorabiatzea. Hori oso ohikoa izaten da bidaia espazialen ondoren, eta zenbat eta denbora gehiago pasa espazioan, orduan eta kolapsoa sufritzeko aukera gehiago grabitatera itzultzerakoan.

“Gure ereduaren helburua astronauta bat Martera modu seguruan konorterik galdu gabe iritsi ote daitekeen zehaztasun handienez aurreikustea da. Eta posible dela iruditzen zaigu”.

Komunikabideen atzerapena Marte eta Lurraren arteko mezuen transmisioan atzerapena dagoenez, laguntza-taldeen berehalako laguntzarik gabe euren funtzioak behar bezala betetzeko gauza izan behar dute astronautek. Van Loon doktoreak esan zuenez, irrati-isiltasuneko leiho hori Eguzkiaren, Lurraren eta Marteren lerrokaduraren araberakoa izaten omen da, baina gutxienez 20 minutukoa izan omen liteke.

“Espazio-ontzitik lehen aldiz irtetean astronauta bat zorabiatuko balitz edota larrialdi mediko bat balego, Marten ez legoke inor hari laguntzeko prest”, esan zuen Van Loon doktoreak.

“Horregatik jakin behar dugu ziurtasun osoz, astronauta hegan egiteko moduan dagoela eta Marteko eremu grabitatoriora egokitu daitekeela. Erabateko eraginkortasunez jarduteko gauza izan behar du, gutxieneko laguntzarekin, lehen minutu erabakigarri horietan”.

Diseinatutako ereduak, aurreko espazio-espedizioetatik bildutako astronauten datuetan oinarritutako algoritmoa erabiltzen du, Apolo misioak barne, Martera bidaiatzeak dakartzan arriskuak simulatu ahal izateko.

Ereduaren parametroei informazioa emateko erabilitako datu espazialak adin ertaineko eta ondo trebatutako astronautetatik jasotakoak izan arren, eredu horren gaitasunak hedatu eta zabaltzea espero dute ikertzaileek, lehendik bihotzeko gaixotasunak zituzten pertsonengan bidaia espazial luzeen inpaktua simulatuz. Horrela, pertsona “arrunt” batek espaziora bidaiatuz gero zer gertatuko ote litzatekeen zehatzago aztertu ahal izango lukete ikertzaileek. Ikertzaileen lana Npj microgravity aldizkarian argitaratu dute.