Donostian aurkeztu dute gaur goizean Kateriñe, komiki berezi bezain hunkigarria. Maitena Illarramendik ekarri du argitara, bere amama Kateriñe Letamendiren hitzei eta bizipenei forma emanez. Tolosarra zen Kateriñe, eta idaztea gustuko zuenez, eguneroko batean gordetzen zituen bere bizipenak.
Orain komiki bilakatu dituzten testuak, 1936ko uztailaren 19an, Gerra Zibila lehertu zen egunean hasi zituen Kateriñek. Garai iluna izan bazen ere, ez zuen ohitura hura galdu; tamalez, beldurrak jota, egunerokoa suntsitzea erabaki zuen. Hala ere, urte asko pasa eta gero, 90 urte betetzear zela, suntsitutako egunerokoan idatzitako istorioak berriro idatzi zituen, isilpean gordeta eduki zuen mina paperean askatuz.
Haren biloba zen Maitena, eta berak hartu zuen testu haiei bizitza berria ematearen ardura. Ez zuen bakarrik egin, ordea. Familiako lagun hurbila den Iñigo Sarasola ‘Monti’-rekin batera jardun du. Montik aspalditik zuen buruan Kateriñeren hitzei irudiak jartzea, eta zeharo harritu zen Maitena, jakin zuenean, urteetan bere kasa egindako lan asko prest zuela jada. Istorioak marrazteko, gainera, dokumentazio lan sakona burutu behar izan du, garai hartako autoak, Tolosa eta Donostiako kaleak, Bilboko eraikin historikoak edo Hendaiara arteko ihesaldia zehaztasunez marraztu ahal izateko.
Oihua
Komikia, ordea, irudi ederretatik haratago doa: irrintzi bat da, oihu kolektibo bat. Maitenak aurkezpenean azaldu duenez, bere amamaren hitzetatik abiatu arren, komikian ez da soilik Kateriñeren ahotsa antzematen, beldurra, gosea, ihesaldia eta familia babesteko borroka bizi izan zuten guztiena baizik. “Ez da propaganda, ez eta historia liburu hutsa ere”, azaldu du. “Bizipen errealak dira, hezurretaraino sartzen direnak. Gerra ez da soilik bonbak jaustea: etxea galtzea, senideak galtzea, ihes egitea, amama negarrez ikustea. Eta orain, bere malkoak hitz bihurtzea”.
Izan ere, komikian bi ikuspegi uztartzen baitira: aitonarena eta amamarena, bi testigantza, eta bi horien arteko elkarrizketa. Denek partekatzen dute, ordea, mezua bera: “Gerrak ez dezala berriro errepikatu, ez hemen ez beste inon ere, gure herriak bizi izan zuen sufrimendua”.
Kateriñeren azken irrintzia, bilobaren eskutik eta Montiren irudien galbahetik pasata, gaur egunera iritsi zaigu. Baina oihu hura ez da soilik iraganeko orrialde batean geratuko. Gaurko irakurleari ere heltzeko asmoz jaio da, gure barrenetan zerbait mugiarazteko.
Kateriñe komikia ez da besterik gabe memoria historikoa gordetzeko lana. Amama baten ahotsa da, eta hein berean baita belaunaldi oso baten irrintzia ere. Irakurleak bineta bakoitzean senti dezake garai hartako gerraren iluntasuna, eta amamak Maitenari esan ohi zion legez, “gerra ezin da ulertu, bizi egin behar da”.