Euri asko egin du herri honetan Joseba Elosegik bere burua Bonzo erara erre zuenetik protesta gisa; angelusaren garaiak ziren artean. Ordutik, besteak beste, Retegi-Galartza, Beloki-Eugi eta, nola ez, haurra nintzela asko markatu ninduten Irujo-Aimar (ni Irujorekin, noski) zirraragarri ugari ikusi ditugu Amara auzoan kokaturik dagoen kantxa honetan. Gutxik egingo dute duda frontoi berezia dela, ia inork euskal kirolaren koliseo enblematiko batez ari garela. Oso zoru noblea du, gainera, jokatzeko ezin hobea. Hormak txuriz lehen eta berdez gero, diru asko jokatu da, puro asko erre, txapel asko erabaki eta historiarako geratu diren une bereziak bizi izan ditugu bertan errespetuz beteriko giro sano batean.
Orain, aldiz, beltzez margotu digute, tamalez azken urte luzeotan izan duen panoramaren kolorekoa hain justu. Isila, erdi hutsa, zaharkitua. Irudi hau eman genion, jende gutxi hurbiltzen baikinen. Bilbon zein Iruñean megafrontoi bana eraiki zen baita finalak jokatzeko. Honek guztiak, eta ikusleok lotara etxera joaten ginelako ere, interes gutxi jartzera eraman zuen Donostiako Udala jaialdiak kontratatzerakoan; ondorioa: pilota profesionalaren zirkuituko lehen lerroan egoteari utzi dio. Pena bat da, kasualki, gipuzkoarren historiako belaunaldi onenarekin egin baitu honek bat: Altuna, Artola, Irribarria, Rezusta, Jaka, Albisu edo Ander Imazen garaia ari da eta izaten, txapelen bueltan ibili direnak bakarrik aipatzearren. Zazpi Iturri, Oiarpe, Lapke, Aurrera Saiaz eta Ilunpe aipatu nahiko nituzke batik bat, hauek eman dizkigute eta pilotari profesional gehienak azken urteotan. Horra hor fruituak. Globalizazioaren eraginekin etengabeko borrokan dabilen eta horren gurea den joko honetan inongo interes ekonomikorik gabe haurrekin egindako isilpeko lanak aitormen handiagoa merezi du, bai hedabideen aldetik baita ekonomikoki ere.
Pilota ez da ezer gu gabe, bere jendea gabe; frogatu genuen hau pandemia garaian. Ezin dugu baimendu ezta XX. Mendean geratu den ikuskizun folkloriko baten irudia izatea datozen belaunaldientzat. Horregatik, eta erreleboa egon dadin funtsezkoa delako harmailetan haurrak egotea beraien idoloak bertatik bertara ikusten, hunkigarria iruditu zitzaidan iragan igandean horrela ikustea harmailak aspaldiko partez. Bazen garaia. Jokin oso nagusi izan zen (berriz) eta partida ez zen bereziki ona atera, baina tira, arratsalde gogoangarria pasa genuen euli eta txintxarrien animoekin armonian.
Ea ez den ilusio zapuztu bat eta jarraipena duen honek. Mariano Juaristik eskertuko digu, angelusik gabe bada ere, Anoeta berreskuratu izana. Baita Joseba Elosegiren ekintza hark ere.