Osasun-arloko langileei esker ona Maiatzaren 5ean, ostirala, gure aitak ezbeharra izan zuen Urretxu-Zumarragako bidegorrian bere ohiko paseoa egiten ari zela. Idatzi honen bitartez, eskerrak eman nahi dizkiegu lehen momentutik aita artatu eta larrialdietara deitu zuten pertsonei. Halaber, nabarmendu nahi dugu Zumarragako udaltzainek zein bertaratu ziren bi anbulantzietako profesionalek aitari eta guri eskainitako arreta. Bukatzeko, bereziki eskertu nahi dugu Donostia Ospitaleko larrialdi-zerbitzuetan jaso genuen arreta eta begirunea. Jakinarazi ziguten gure aita jasandako ezbeharraren ondorioz betirako agurtu beharko genuela, baina utzi ziguten une latz hori etxeko guztiok elkarrekin, goxo eta lasai egiten, horretarako behar genuen denbora hartuta. Goraipatu nahi ditugu profesional guztien hitzak, begiradak, enpatia eta sentiberatasuna. Bat-bateko eta ezusteko heriotza baten aurrean topatu ginen etxekoak, baina osasun-arloko langile guztiek gurekiko agertu zuten jarrera lagungarri izango zaigu orain hasten dugun dolu-prozesuan. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez. Honenbestez, eskaera egin nahi diegu gure agintariei osasun-arloko profesionalen lana merezi duen bezala aitortu eta zaindu dezaten.

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.