Tenperatura altuak areagotu egingo dira Espainiako urteko hirugarren bero-bolada dela eta, igandean hasi eta datorren ostegunera arte. Eguneko maximoak ohikoak baino 5-10 gradu altuagoak izango dira, eta gauak ere bero-beroak estatuko leku askotan. Ruben del Campo Estatuko Meteorologia Agentziako (Aemet) bozeramaileak adierazi duenez, “Litekeena da igandean uztailaren 31n hasi eta gutxienez abuztuaren 3ra edo 4ra bitartean, tenperatura altuen aldi hori bero-bolada gisa katalogatzeko behar diren intentsitate-, iraunkortasun- eta hedadura-atalaseak gainditzea.

Beroaldia igandean bertan hasi zen, Miño, Tajo, Guadiana eta Guadalquivir haranetan 40 graduak gaindituta. Kordoba probintziako Montoron, esate baterako, 42,5 gradura iritsi ziren, eta Granadan zein Huelvan 42,3 graduraino iritsi ziren larunbatetik iganderako goizaldean. Gauez ere beroa itogarria izan zen Mur-tzian eta Marbellan, tenperatura ez baitzen 27 gradutik jaitsi, eta ez ziren oso urrun ibili Malaga hiriburuan eta Benidormen, non giro sargoria, hein handi batean, Mediterraneoko uraren tenperaturak eragin baitzuen, egun hauetan 27 eta 29 gradu artean baitago bertako ura, normalean baino 3-4 gradu beroago.

Uztaila amaitu bezalaxe hasi da abuztua ere; tenperatura altua eta bero handia egingo du gaur arte, bihartik eta ostegunetik aurrera zertxobait lausotuko bada ere. Inolaz ere, garai honetan ohikoa dena baino 5-10 gradu gehiagoan eutsiko dio giro beroak ipar erdialdeko barnealdeko eremu zabaletan, baita erdiguneko eta hegoaldeko gune askotan ere. Del Campok adierazi zuenez, aste honetan 40 graduak gaindituko omen dira Tajo, Guadiana eta Guadalquivir haranetan, eta tenperatura 20 gradutik jaitsiko ez den gau tropikalak pairatuko omen dituzte Mediterraneoko eremu zabaletan, Ebroko arroan, erdialdean, hegoaldean eta Mediterraneoko kostaldeko leku askotan, hezetasunak ere giroa itogarriago bihurtuko duelarik.

Oso gau beroak jasango dituzte Extremaduran, Gaztela-Mantxan, Andaluzian, Madrilgo Erkidegoan eta Estatuko hiriburuaren inguruan; Penintsularen iparraldeko, erdialdeko eta ekialdeko mendialdeetan, berriz, egunez hodeiak sortuko dira, haize-erauntsiekin eta txingor boladekin bat etorriko diren ekaitz bortitzak eraginez. Datorren hiruhilekoari begira (abuztua, iraila eta urria), Aemetetik adierazi dutenez, %60ko probabilitatea omen dago Penintsulako eta Balearretako zatirik handienean ohi baino bero handiagoa egiteko, eta soilik %10ekoa freskoagoa egiteko.