PSOE-ko Andueza jaunak artikulu honen izenburu barruan idatzitako planteamendua (alegia eskubide linguistiko eta lan egiteko eskubide artean aukeratzerakoan bigarren alde jotzen duela) gezur borobila dela frogatzen saiatuko naiz.
Jakina da epaitegi ezberdinek sistematikoki euskararen aurka epai asko ematen ari dira azkeneko urteotan, erakunde publikoetan langile batzuei euskara maila bat edo beste eskatzen zaileako, besteak beste. Andueza jaunari gogoratu beharko zaio Euskal Herrian lan egiteko eskubidea izateko gaztelania (Hegoaldean) zein frantsesa hizkuntza (Iparraldean) jakin behar dela. Beraz lan egiteko eskubidea erabat lotuta dago gaztelania jakitearekin Hegoaldean eta frantsesa hizkuntza jakitearekin Iparraldean.Beraz, Hegoaldean, egun, ez badakizu gaztelaniaz hitzegiten ez duzu inon lan egingo.Eta horrenbeste gertatzen da Iparraldean frantsesa hizkuntzarekin.
Baieztapen hau frogatzako adibideak milaka izan daitezke. Hala ere bakar batzuk aipatuko ditut.
Demagun Europa ekialdetik pertsona bat Hego Euskal Herrira iritsi dela lanaren bidez etorkizun hobea lortzeko asmoz. Pertsona hori lan egin ahal izateko gaztelania ikasten hasiko da (gaztelania irakasten duten eskola batera joanda edo joan gabe). Pertsona horri lan kontratu bat egin diezaioten, hilabete asko pasatu daitezke. Momenturen baten gaztelania maila komunikatibo bat eduki beharko luke administrazioarekin harremanak izan ahal izateko, eta bere egoera legeztatzeko hainbat pauso eman daitezen.
Beste adibide bat dugu ondokoa. Demagun Euskal Herrian etxean euskaraz bizi den familia bat. Demagun familia horren pertsona gazteena enpresa pribatu batean lana bilatu nahi duela. Pertsona horrek nahi ta nahiz gaztelania jakin behar du. Kontu bera gertatzen da pertsona horrek administrazio publikoan lan egin nahiko balu.
Adibide horiekin frogatuta dago lan egiteko eskubidea ez dela zerbait abstraktoa, zerbait neutroa, inolako identitate kutsurik ez duena. Norbaitek honi buru zalantzarik baleuka, gogoratu behar da Espainako Konstituzio zale amorratuek Espaina deitzen dioten Euskal Herriko Hegoaldean bizi garenok legez behartuta gaudela gaztelaniaz jakitea. Aipatu dudan hori, adibidez, oso garbi ikusten da Nortasun Agiri Nazioanala delako egitera edo berritzea joaten garenenan gertatzen denarekin. Joan zaitezte, bulego horietara bakarrik euskaraz hitzegiten, ohartuko zara zein herritar mota izango zara haientzat! Ez hori bakarrik, ez baduzu euskaraz bakarrik hitzeginez lortzen karneta hori egitea, karneta hori ez edukitzeak suposatuko zaizu eskubiderik ez izatea. (Izan ere, ezingo zenuke Osakidetza txartela eduki, ez da ere lan kontratu bat eduki…).
Beraz Andueza jauna, zure planteamendua gezur hutsa da.
Hala ere, hainbat erdaldun elebakarrei, Andueza bezala pentsatzen duten beste hainbat politikarik ziria sartu ahalko diete. Engainatuta dauden pertsona kopuru esanguratsu bat lortzeko eta engainu hori iraunkorki mantentzeko, lehen aipatutako legeaz gainera, badute ere beste zenbait tresna. Iaz PSE-PSOE-k eta EAJ-k onartu zuten EAE-ko hezkuntza publikorako legea. Legea aprobatu baino egun batzuk lehenago, (beraz esan dezagun azken momentuan) lege horren edukian erantsi zuten aipamen garbi bat, non esaten da A eredua ez zela kentzen Derrigorrezko Hezkun-tzatik. Ondorioz A ereduan matrikulatuko diren umeak, denok dakigun bezala, A ereduan Derrigorezko Hezkuntza bukatutakoan, ez dute euskaraz jakingo. Beraz, EAEn segituko dira egoten euskara ez dakiten gazteak, eta beraz horrela beraien sasi arguidioari edo gezurrari segituko diote eusten, alegia euskaraz ez dakiten pertsonei ezin zaiela diskriminatu erakunde publiko batzuetan lan egiteko euskaraz ez jakiteagatik.
Haien maltzurkeria izugarri handia da, ederki asko dakitelako, bi hizkuntza ofizialak ikasteko hobekien den hezkuntza eredua D eredua dela, eta hala ere A eredua segitzen dute bultza-tzen Derrigorrezko Hezkuntzan.
Jakina da D ereduko ikasle batzuk erdiesten duten euskara maila oso baxua dela. Horrek eskatzen du bestelako neurriak hartu behar direla bai eskola barruan zein eskolatik kanpo ikasleak murgiltzen diren tokietan gauzatzen dituzten jarduerak zein aktibitateak euskaraz eskeiniz.