Eustat Euskal Estatistika Erakundearen azken ikerketaren arabera, 2021ean nabarmen hazi zen pertsona batek edo bik okupatutako familia-etxebizitzen ehunekoa, 2011n egindako azken txostenarekin alderatuta. Zehazki, igoera bost puntukoa izan da, ia %60ra iritsi arte.

Ildo horretatik, gaur egun hamar etxebizitzatik seitan pertsona bat edo gehienez bi bizi dira. Datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) etxebizitza-parkea, 2021eko urtarrilaren 1ean, 1.075.076 etxebizitzakoa zen, 2011n baino %5,4 handiagoa, 5.494 etxebizitza gehiago, eta 2020an baino % 0,7 handiagoa. Etxebizitzen erdia baino gehiago Bizkaian daude, % 51,8; Gipuzkoan, % 32,6, eta, Araban, gainerako %15,6a. “2011ko eta 2021eko zentsuen arteko aldian, EAEko bizitegi-etxebizitzen parkea handitu egin da, 54.945 unitate gehiago ditu. Horrek esan nahi du %5,4 hazi dela bi data horien artean. Lurralde-mailan, desberdintasunen bat ikusten da; hala, Arabak %7,4 egin du gora bi data horien arteko hamar urteotan, eta Gipuzkoak eta Bizkaiak, erritmo motelagoan eta biak oso antzera, %5,1 eta % 5, hurrenez hurren”, azaldu dute txostenean eta gaineratu dute: “Arreta epe laburrean jartzen badugu eta 2020arekin alderatzen badugu, alegia, aurreko urtearekin, Bizkaian bizitegi-etxebizitzen parkea %0,8 hazi dela ikusten da, Araban %0,7 eta Gipuzkoan %0,5, 2020aren eta 2021aren artean”.

Bestalde, txostenean etxebizitzen egoera ere zehazten da. Adibidez, etxebizitza nagusien %82 inguruk tutueria bidezko gasa du eraikinean. Halaber, etxebizitza guztien %73,4k igogailua dute. Zenbaki horiek, hurrenez hurren, sei eta bost portzentajeko igoera adierazten dute, orain arte egindako azken txostenarekin alderatuta. Beste alde batetik, 2021ean, familia-etxebizitzen parkearen batez besteko antzinakotasuna 47,1 urtekoa da erkidego osoan, eta Arabako lurraldea da parke gazteena duena, batez beste 40,9 urtekoa. Gipuzkoan eta Bizkaian batez besteko hori pixka bat gainditzen da, bi kasuetan 7 urte inguru gehiago: 47,5 urte dagozkio Gipuzkoari eta 48,8 Bizkaiari.

Arabako etxebizitzen batez besteko tamaina 92,6 m2 da, Gipuzkoakoa 87 m2 eta Bizkaikoa 86 m2. Hala, EAEko batez bestekoa 87,3 m2 da. “Gela kopuruari dagokionez, esan behar da Euskal Autonomi Erkidegoko etxebizitzen hiru laurdenek lau edo bost gela dituztela; alegia, bi edo hiru logela, egongela eta sukaldea. Batez beste, 1,4 komun dituzte, eta ia etxebizitza guztiek dute gutxienez komun bat (%99,7)”, azaldu dute.

“Gehien hazi diren taldeen artean, Gipuzkoan, Urola Kosta (%10,7), Tolosa (%9,7) eta Bidasoa Beherea (%8,2); Bizkaian Plentzia-Mungia (%13,3ko hazkuntza etxebizitzetan) eta Durangaldea (%8,1eko hazkuntza) nabarmendu behar dira. Araban nabarmen hazi dira Gorbeialdea (%7,6) eta Arabako Lautada (%7,5), baina lurralde horretan daude, era berean, gutxien hazi diren eskualdeak: Arabako Mendialdea (%2,5) eta Arabako Errioxa (%2,7).

Azkenik, txostenean ondorioztatzen denez, hazkuntza desberdina gertatu da Euskadiko hiriburuetan. Hala, azken hamar urte hauetan, EAEko hiru hiriburuetatik Gasteizek handitu du gehien bizitegi-parkea; 7.946 etxebizitza gehiago dira, alegia, %7,1 gehiago. 2020aren aldean, 456 unitate gehiago dira, %0,4 gehiago. Donostiaren kasuan, 5.288 etxebizitza gehiago izan dira, %5,9 gehiago hamar urtean. 2020aren aldean, aldakuntza positiboa izan da, %0,8koa, 787 unitate gehiago.

Xehetasunez

EAE. 2021ean, hamar familia-etxebizitzatatik seik (% 59,5) bizilagun bat edo bi dituzte, 5 puntu gehiago 2011ren aldean. Kontrara, aldi bererako, % 6,1etik % 5,5era egin du behera bost bizilagun edo gehiago dituzten etxebizitzen kopuruak. Lurraldeen arabera, Araba nabarmentzen da pertsona bakarreko etxebizitzen proportzioan (%31,1). Bizkaian, etxebizi-tzen erdiak baino gehiagok bi edo hiru bizilagun dituzte (% 50,9), eta, azkenik, Gipuzkoan, 4 edo 5 bizilagun dituzten etxebizitzen taldea nabarmentzen da gehien (%20,8).

Udalerriak. Udal-mailako xehetasunak emateko, 2011ren eta 2021aren artean ikusten da 210 udalerritan ohiko etxebizitzen parkea handitu dela, sei udalerritan eutsi egin zaiola parkeari eta 35etan jaitsi egin dela etxebizitza mota horren kopurua. Bizitegi-parkea hamar urteotan gehien handitu duten udalerrien artean honako hauek nabarmentzen dira: Astigarraga, Urduliz, Arakaldo, Ereño, Derio, Nabarniz eta Lemoiz; guztiek izan dituzte %20tik gorako hazkuntzak.