- Lorca Telecom Bidco SAk, MásMóvil enpresaren matrizea, 24,3 milioi euroko kapital-handitzea erregistratu zuen atzo, konpainia horren egitura Orangerekin bat egiteko prestatu ahal izateko. Kapital-handitze hori eginda, sozietatearen kapitala 205 milioikoa da. Enpresako iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez, Espainiako sozietateak bere matrize britainiarrarekin zeukan 218,97 milioiko maileguaren kapitalizazioaren ondoriozkoa omen da kapital-handitzea, eta ez omen du taldeko akzio-egituran aldaketarik ekarriko, "izapide" hutsa delako.

MásMóvil enpresak bere filialen zuzendaritzak berrantolatu ditu, behin Euskaltel erosita guztiak homogeneizatzeko. Orangek eta MásMóvilek asteartean iragarri zuten %50ean egingo den eta 19.600 milioitan baloratutako bat-egiterako negoziazioaren hasiera. Hortik sortutako taldeak Telefónica gainditu egingo luke bezeroetan, eta Vodafone atzean utzi fakturazioan bigarren kokatuz.

Akordioa bigarren hiruhilekoan ixteko asmoa azaldu dute konpainiek, eragiketa tokiko erregulatzaileari zein Europakoari lehen bait lehen bidali ahal izateko. Bat-egite horrek telekomunikazioen estatuko merkatuan eta Europakoan neurrizko mugarri izan nahi du, baldintza gutxirekin onar-tzeak sektoreko gainerako eragileen-tzat izan dezakeen garrantzia kontuan izanik.

Bat-egite horren amaierak bidea irekiko luke sektorea sendotzeko, izan ere, eragileek hori aspaldidanik eskatu baitute eskala industriala irabazteko eta inbertsio handiagoak egin ahal izateko.

Bestalde, Fitch kalifikazio-agentziak atzo aipatu zuenez, bat-egiteak eragin neutrala izango omen luke operadore frantziarraren ratingean, beti ere, operazioak erregulazio-azterketa jasan beharko duela ohartaraziz.