Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri deialdiaren baitan, Bitxikeriak proiektua aukeratu du euskal kostaldearen ondareak ezagutzera emateko. Bitxikeriak turismo iraunkorraren alde lan egiten duen Begi Bistan enpresak sortu du, Elkano Fundazioarekin eta Oniversity-rekin elkarlanean, eta helburua 55 urtetik gorako pertsonei itsas-ondarea gerturatzea da, Elkanok munduari bira eman zion espedizioaren 500. urteurrena betetzen dela oinarri hartuta.

Proiektua irailean jarri zuten martxan. "Pandemia aurrera zihoala ikusita, formatu berri batean gure lana egiten jarraitu behar genuela pentsatu genuen. Urteak generamatzan Elkano Fundazioarekin zerbait egin nahian eta aukera hau paregabea iruditu zi-tzaigun", azaldu dio egunkari honi Naiara Malave Begi Bistaneko langileak.

Elkano Fundazioarekin proiektu bat gauzatzen ari zirela, Adinberriko deialdia ikusi eta horretara moldatzea erabaki zuten: 55 urtetik gorako pertsonentzako esperien-tzia bat sortu zuten Begi Bistanen bisita gidatuak eta Elkano Fundazioaren erremintak uztartuz, eta Oniversity-ri esker, horiek online eskaintzeko bidea aurkitu zuten.

Bitxikeriak hiru atalez osatuta dago. Alde batetik, kostaldeko herrietara eguneko bisitak egiten ahalegindu dira, nahiz eta pandemiaren ondorioz, momentuz bertan behera utzi behar izan dituzten. "Eguneko irteera hauek gehienbat Euskal Herriko jendearentzat daude pentsatuta, itsasoarekiko kuriositatea sentitzen duten horientzat", adierazi du Malavek.

Bisita gidatuak egiten dituen jendea "harrituta" geratzen omen da: "Jende askok ez du ezagutzen hain gertu dugun altxor guztia. Adibidez, Zumaian kofradia erakusten diegu eta gure kostaldean horrelakorik geratzen ez denez, harrituta geratzen dira enkantea nola egiten zuten jakiten dutenean".

Bisita gidatuetatik online bidezko ikastaro batera bideratzen zuten jendea eta une honetan, proiektuaren atal hori ari dira gauzatzen. "Ikastaro honekin bidaia bat planteatu nahi dugu: Zergatik izan zen euskaldun bat munduari bira ematen lehenengoa? Galdera hori ai-tzakiatzat hartuko dugu eta Elkano izango da haria, baina ez gara zentratuko pertsonaian, baizik eta horren inguruan zegoena aztertuko dugu. Bidaia nolakoa izan zen kontatuko dugu, baina batez ere, horrek gerora zer suposatu zuen eta gaur egun duen esanahia ikertuko dugu. Azken finean, kapitalismoaren eta globalizazioaren hasiera izan zen garai hori", zehaztu du.

Online ikastaroa apirilaren 14an hasi zen eta guztira, zortzi saio egingo dituzte asteazkenetan 17.30etatik 19.00etara. Horietako bakoitzean gai desberdin bat jorratuko dute eta itsas-ondarearen inguruko adituek eta Elkano Fundazioko kideek ere hartuko dute parte hitzaldiak emanez.

Ikastaroa amaitzen denean, Gipuzkoan zehar Study Tour edo kurtso amaierako bidaia bat egitea da asmoa, ekainaren 21etik 24ra bitartean. Proiektuaren atal honetan, parte-hartzaileek Mutrikutik Hondarribiara joateko aukera izango dute, Gipuzkoako kostalde osoa ezagutuz eta itsas-ondareko lekurik esanguratsuenak bisitatuz; Zumaiako arrantzaleen kofradia edo Orioko Mutiozabal ontziola, besteak beste.

Proiektu honen helburu nagusia 55 urtetik gorako pertsonen artean harremanak sortzea da eta euskaldunez gain, estatubatuarrak, argentinarrak, txiletarrak, madrildarrak eta galiziarrak daudenez, kurtso amaierako bidaia horrek guztiak elkartzeko balioko du. "Ekainerako guztiok txertoa hartuta egotea espero dugu, arazorik ez izateko", nabarmendu du amai-tzeko.

Bisita gidatuak, zortzi saioko 'online' ikastaroa eta Study Tour edo kurtso amaierako bidaia biltzen ditu Bitxikeriak proiektuak