Gipuzkoara euskara Nafarroatik heldu zela diotenen aurrean, Luis Mari Zaldua egileak bestelako argudioak proposatzen ditu toponimian errotutako arrazoiak erakutsiz Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan liburuan, Euskaltzaindian argitaratuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin argia ikusi duen argitalpen berria Izenak bildumanIzenak editatu du Akademiak eta gaur goizean aurkeztu dute Donostiako San Telmo Museoan.

Duela urtebete 100 urte bete zituen Euskaltzaindiak100 urte eta mendeurren horrek bide berriak zabaldu ditu. Bide horrek emandako "fruitua" da ikerlan hau eta gaur egun bizirik dagoen ustekizun bat zalantzan jartzen du. Gizartean nahiko hedatuta dagoen teoria horren arabera, euskara Antzinaroaren amaieran heldu zen Nafarroatik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara. Liburu honek bestelakoa dio, ordea. Gaurko datuei erreparatuz, badirudi euskaldunak hemen bizi zirela Antzinaroan eta euskara ez zela hona heldu aro honen lehen gizaldietan, lehenago baizik.

"Horrelako lanen bidez, askotan, aurreiritzien eta uste ustelen gainetik akademikotasuna eta zientifikotasuna gailentzen eta zabaltzen dira gure artean", nabarmendu du Urrutiak prentsaurrekoan. Liburu honek bederatzi atal nagusi ditu eta baita Roberto González de Viñaspre eta Patxi Salaberri euskaltzain osoen atariko hitzak ere.

Erromatarrak hona iritsi zirenean arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak euskal enborrekoa ez zen hizkuntza batean mintzatzen zirelako ustekizuna eta jatorri indoeuroparreko hizkuntza zelta bat gailentzen zelako hipotesia ez da berria. Hala ere, teoria hori zalantzan jartzeko toponimiaz baliatu da Zaldua liburu honetan. "Euskal jatorrikoak ez diren zenbait leku-izenen hizkuntza trataerak edo bilakaerak (erromantzearekin bateraezina denak eta euskarak berezkoa edo barnekoa duenak) garbi samar adierazten du izendapen horiek sortu edo iritsi zirenean euskal enborreko hizkuntza gailentzen zela gure lurraldean, alegia, biztanleria euskalduna zela", azaldu du Zalduak.

Liburua salgai dago liburu-dendetan, eta Euskaltzaindiaren webgunean ere eskuratu daiteke.