Euskaltzaindiaren jaiotza finka-tzeko data bat aukeratu beharko balitz, 1919ko urriaren 7a izango li-tzateke; egun hartan egin baitzuten Donostian lehendabiziko osoko bilkura. Une jakin hartan Akademia osatzeko hautatutako kideak han bildu ziren, bilera hartatik aurrera Eusko Ikaskuntzaren alaba izateari utzi eta guztiz beregain bihurtu zen Euskararen Akademia; momentu horretan “izaera bat edukitzen hasi zen”. Orduantxe loratu zen Akademiaren lehenengo hazia. Hala ere, Akademiak oraindik ez zuen izenik ere; hilabete batzuk geroago, 1920ko urtarrilaren 7 eta 8an egindako bileretan erabaki baitzen euskararen “zain-tzaile” izango zenaren izena: Euskaltzaindia, eta bere kideak, euskaltzain. Gainera, Ekin eta jarrai leloa bere egin zuten; gaur egun oraindik, akademiaren jardunaren ardatz dena.

Baina Akademiaren jardunak helbururik gabe ez du zentzurik; horregatik Andres Urrutia euskaltzainburuak NOTICIAS DE GIPUZKOAri azaltzen dionez, “Euskaltzaindia sortu zenetik bi atal izan zituen Akademiak, ez bakarrik euskararen filologia, baizik eta euskararen erabilera soziala; Iker eta Jagon”. Zergatik? Oso kezkatuta zeudelako orduko euskaltzainak, “puntu puntuan egon ziren bi Euskaltzaindia sor-tzeko”, bata filologia lantzeko, eta bestea erabilera soziala lantzeko. Hori 1918-1919 urte bitartean izan zen. Horrenbestez, lehen urteak, Urrutiak azaltzen duenez, ez ziren errazak izan, Primo de Riveraren garaiko diktaduraren eta bigarren errepublikaren garaiak baitziren. Helburu nagusia euskararen batasuna zen, eta horren gailurra, Urrutiaren arabera, “1935.urtean Azkuek argitaratu zuen Gipuzkera osotua” izan zen. Zoritxarrez, euskaltzainburuak azaltzen duenez, gerrak birrindu eta ezabatu zuena.

Baina garai latzena heltzeke zegoen oraindik; Urrutiaren esanetan, Euskaltzaindiaren hirugarren mugarria izango litzatekeena: gerra eta gerraondoko urteak. Zein izan zen Akademiaren egoera Bilbo 1937an Frankoren eskuetan jausi zenetik 1956. urtera? “Euskaltzaindiaren urterik latzenak” izan ziren. Euskaltzaindia debekatu ez arren, euskararen aldeko ekimen publikoak egitea debekatu egin zen garai horietan; euskaltzainak izendatzeko ere arazoak izan zituzten, asko erbestean zeudelako.

Sortu zenetik Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuaren gidaritzapean jardundako Akademia umezurtz geratu zen 1951n Azkue zendu zenean. Handik bost urtera, 1956an inflexio-unea etorri zen: aro luze eta ilunaren ostean, Euskaltzaindiak kongresu publiko bat antolatzeko baimena eskuratu baitzuen. Hortik aurrera, Urrutiaren esanetan, emaitzak bata bestearen atzetik etorri ziren.

Zer izango ote litzateke Euskaltzaindia euskara baturik gabe? Sorreratik helburu zuen hura lortu gabe zebilen euskararen Akademia artean 60ko hamarkadan; horregatik, Gabriel Arestik akademiaren jomuga gogora ekarri zuen. “1968an Arantzazuko kongresua antolatzen da Arestiren eskabidez. Hauxe esan baitzuen: 50 urte betetzear gaude eta ez al dugu ezer egingo euskararen batasunaren alde? Esan eta egin. Euskara batua eratu zen, eta baita polemika izugarria sortu ere: batua bai, batua ez, h bai, h ez?baina h-arena sinbolo bat besterik ez zen Urrutiaren esanetan.

“Arrazoi sinple batengatik; bazegoelako belaunaldi bat gerraren birrintzea sufritu zuena eta euskalgintza klasikoaren aldetik euskalkietan lan egiten zuena. Eta bazegoen beste belaunaldi gazteago bat, ondo ulertzen zuena euskara batu egin behar zela batik bat ortografian eta maila jasoan, edo bestela euskara hil egingo zela”. Bide horretatik jarraituz, euskara batu hori berebiziko tresna da erabilera sozialari laguntzeko ere. “Horrek ez du esan nahi, eta Euskaltzaindiak ez du sekula santan esan, euskalkiak birrindu egin behar direnik; ez, horrek esan nahi du bakoitzak bere bidetik eta gertukoen duen hizkeratik abiatuta, guztion artean behar dugula komunikaziorako hizkuntza, tresna; hori da euskara batua”.

Euskaltzaindiak erronka handiak ditu gaur egun: digitalizazioa, nazioartekotzea eta baita profesionalizazioa ere. Izan ere, Urrutiaren arabera, “gero eta profesional gehiago izan behar ditugu, eta gaur eskura ditugun tresnak erabili egin behar ditugu”. Gizarteratze lana ahaztu gabe, noski, hori baita ardatza, euskaltzainburuaren aburuz, “hori egiten ez badugu, jendeak pentsatuko du Euskaltzaindia urrezko tronu batean bizi dela, baina errealitatearekin inolako loturarik gabe”. Eta hori ez da, hain zuzen ere aurkeztu duten komikian esaten dena, (igandean Noticias Taldeko egunkari guztiekin 9,5 euroko prezioan zabalduko dena) “euskararen ehun urteko laguna” deitzen baita. “Euskaltzaindia erreminta bat da, lagun bat euskara aurrera ateratzeko. Euskara Akademiaren gainetik dago, euskara gizartean dago, euskaldun guztion artean egiten dugu. Euskaltzaindia hori indartzeko tresna da”.

“Euskaren parlamentua esaten den honetan batzen garenok euskararen herrialde guztietako ordezkariak gara, Zuberoakoak, Lapurdikoak, Goi Nafarroakoak, Gipuzkoakoak... zertan ari gara? batasuna sustatzen”. Baina batasuna ez inposizioaren bidez, dio Urrutiak, “batasuna adostasunaren bidez”. Izan ere, euskaltzainburuaren arabera, “bakoitzak bere lurraldean euskararen alde egiten dituen horiek sustatu egin behar dira; guk Euskal Herri osoa hartu dugu beti, guztiok euskararen mesederako eta defentsarako lan egiten dugulako”. Eta horrexek laburbiltzen du Akademiaren historia.

“Euskaltzaindia egiten dute ez bakarrik gaurko euskaltzainek, baizik eta historian zehar izan direnek. Euskaltzain oso, emeritu, urgazle, ohorezko, hemengo langileak? guztion artean egin dugu historia, eta baita euskal gizarteak ere”, dio Urrutiak. Etengabeko prozesuan dihardu Akademiak, hiztegia eta gramatika aberasten, paisaia linguistikoa atontzen... Gizartearen premiak ere aldatu dira Urrutiaren aburuz, “orain 100 urte pentsaezina zen komiki baten bidez islatzea, edo beste lengoaia bat erabiltzea”. Gainera, 100 urteetan bildu den jakituria jendeak balia dezan eskaintzen dute. “Orain dela 10 urte pentsaezina zen flipatu, friki edo bokata agertuko zirenik hiztegian, hori euskara bizirik dagoelako gertatzen da”. Hiztegia Interneten dago, adierak eta adibideak; corpusak... “Azkuek bere garaian zituen baliabideekin egiten zuen lan, eta guk orain ditugunekin egin behar dugu; hori da gure erronka”, azpimarratzen du Urrutiak; eta horretan aritzen dira lanean Andoni Sagarna, Ane Loidi, Ainhoa Otamendi, Elizabet Krutzeta eta Miriam Urkia, hiztegiko lantaldea edota Amaia Jauregizar eta Xarles Videgain, Atlaseko lantaldea besteak beste; Euskaltzaindia etorkizunerantz bideratzen duten profesionalak hain zuzen ere.