- Euskaltzaindiak argitalpen berria Iberoamericana Vervuert argitaletxearekin elkarlanean atera du Akademiak eta datorren astean hamar herrialdetan banatuko bada ere, dagoeneko argitaletxearen webgunean eskuratu daiteke.

Liburu berria atzo aurkeztu zuten Bilbon eta bertan izan ziren Andres Urrutia euskaltzainburua eta Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Onomastika ba-tzordeko burua eta liburuaren egilea. "Liburu hau editatzera eraman gaituzten arrazoiak bi dira, nagusiki: Onomastika aplikatuaren ezagu-tza zabaltzen laguntzea eta Euskal Herriaz haragoko zenbait esperien-tzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izatea", adierazi zuen González de Viñasprek.

Onomastika aplikatuak jakintza-arlo horretako ezagutza gizartearen beharrizan praktikoetara bidera-tzen du, eguneroko bizimoduan erabilgarri izan dadin. Horrela, gurasoei jaioberrien izenak aukeratzen laguntzeko edo udal batek kaleen izenak finkatu nahi dituenerako adibidez, baliogarria izan daiteke Euskaltzaindiaren argitalpen berria.

Liburuaren egiturari dagokionez, hiru atal nabarmendu daitezke. Lehenengoan, Euskal Herriaz kanpoko bost esperientzia aurkezten dira; bigarren atalean bildutako lau kapituluek euskal onomastika dute erdigune, eta egungo egoeraz eta aurrera begirako egitekoez ere hitz egiten dute. Hirugarrenean aldiz, Euskaltzaindiak azken aldian onomastika aplikatuari egin dizkion zenbait ekarpen azaltzen dira. "Euskal onomastika da liburuaren ardatza eta azken atalean Euskaltzaindiak arlo horretan eginiko hiru ekarpen erakusten dira", azaldu zuen Urrutiak, Euskaltzaindiaren nahia liburu "erakargarri" eta "erabilgarri" bat osatzea izan dela gaineratuz.

Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak 38 urte beteko ditu aurten eta hasieratik jardun izan du, izenak ikertzeaz gain, irizpideak ematen, herri-izendegiak prestatzen eta pertsona-izendegia gauzatzen eta eguneratzen.

2004an Onomastika zerbitzua sortu zuen eta onomastikaren alde praktikoa herritarrei gerturatzeko eta administrazioari emandako zerbi-tzua eta aholkularitza areagotzeko baliagarria da gaur egun.

Euskaltzaindiak nabarmendu zuenez, gizartean onomastikarekin dagoen interesa nabarmena da, online ikusi daitekeen EODA (Euskal Onomastikaren Datutegia) askotan kontsultatzen baitu jendeak.

Gurasoei jaioberrien izenak hautatzen laguntzeko edo udal batek kaleen izenak finkatzeko erabilgarria izan daiteke argitalpen hau