35 urteko Dominic Zhangek ez ditu ahaztu orain urtebete Wuhanen izandako gertaera traumatikoenak, ezta haien ondorioak ere. Ingeniariak hilabeteak pasa zituen pneumonia ezezagun bategatik isolatuta, sei hilabetez ezin izan zuen alaba ikusi, eta bere enpresa itxi egin behar izan zuten.

Lehen kasuak sortu zirenean, Zhangek berehala lotu zuen"pneumonia arraro" hura, bera Pekinen zegoela 2003an jazotako lehen SARS koronabirus hilgarriaren eztandarekin.

Baina 2003ko koronabirus hura bortitzagoa zen eta hautematen errazagoa: "Inork ezin zuen pandemiarik imajinatu (2020an). Hilabete gutxi batzuen buruan kontrolpean egongo zela uste genuen", azaldu du.

Iazko urtarrileko lehen egun haietan, Zhangek, hiriko gainerako 11 milioi biztanleek bezalaxe, eguneroko bizimodua "normaltasun osoz" egiten zuen.

Etxetik ez irteteko aholkatu zietenerako jada beranduegi zen: "Ordurako harrapatuta nengoen. Bata bestearen atzetik, nire senide guztiak covidarekin kutsatu ginen", gogoratu du.

Bere aitaginarreba koman egon eta hil egin zen. Gure protagonista izan zen familian sintomak adierazten azkena, eta beste 800 pertsonarekin batera isolatu zuten Wuhango pabilioi eta bilkura-aretoetan presaka antolatu behar izan zituzten zaintza intentsiboetako unitate batean.

Une hartan ospitalek nekez har-tzen zituzten pazienteak, eta ohikoena zentro batetik bestera ibiltzea izaten zen: "Aitaginarreba ospitale batean egon zen, amaginarreba beste batean, emaztea hirugarren batean eta ni, pabiloitik pasa ondoren, laugarren ospitale batean. Alaba aitona-amonengana bidali ahal izan nuen, eta horri esker mantendu zen covidagandik salbu", gogoratu du.

Medikuek ez zuten argi zein tratamendu ote zen egokiena gaixotasunari aurre egiteko, eta Zhangi, bidali zuten toki bakoitzean, tratamendu ezberdin bat eman zioten. "Beti buruari bueltaka, pentsa-tzen aritzen nintzen, nola sendatuko ote nintzen, medikua zuzen ari ote zen, edota han bertan hilko ote nin-tzen", kontatzen du.

Azkenean gainditu zuen covida; baina sintomek -sukarra, takikardia- amore eman arren, berak positibo ematen jarraitzen zuen: "Martxoan jada ez nuen sintomarik, baina, frogen arabera, kutsatuta jarraitzen nuen. Beste hilabete itxaron behar izan nuen etxera itzultzerako. Guztira, hilabete eman nuen pabiloian, beste hilabete bat ospitalean eta azkenik, berrogeialdia".

Zulo beltz hartatik irteteko, datu ofizialen arabera Txina osoan covidaren ondorioz hildako 4.634 pertsonetatik 3.869 hil zireneko hiri honek konfinamendu gogorra jasan zuen; horrez gain, informazio eta hornidura faltak eragindako beldurra eta koronabirusarekiko ezjakintasuna nagusi ziren artean.

Pandemiaren lehen berrogeialdi orokorra izan zen: 2020ko urtarrilaren 23an hasi eta apirilaren 8tik aurrera altxatzen hasi zena; horrek, jakina, harridura eta susmo txarrak piztu zituen munduko leku askotan.

"Hura izan zen giltzarrietako bat, ordea. Tokiko agintariak aldatu, eta dena bizkortzen hasi zen. Lehen, sintomak izanez gero, itxaron egin behar zen ospitalera joateko; eta inork ez zekien zer gertatzen ari zen edota nola erreakzionatu. Inork ez zuen erabakirik hartzen. Egia esan, etsita geunden ", adierazi du.

Konfinamenduaz aparte, hainbat arrazoiri esker lortu zuen Wuhanek egoera bideratzea; prebentzio neurri gogorrak ezarri ziren, langile zein materiala ekarri zen inguruko probintzietatik, eta ospitaleak istant batean eraiki zituzten.

Pixkanaka-pixkanaka, kasu berrien kurba lautu egin zen, eta joan den udatik aurrera erakutsitako Wuhaneko normaltasunaren irudiek, sinesgogortasuna, bekaizkeria eta miresmena eragin zituzten mundu osoan.

"Agian beste herrialde batzuetan gauzak beste era batera egin dira. Txinan, Wuhanen, jendeak oso serio bete zituen arauak ", gaineratu du.

"Oraindik ere askok maskara erabiltzen dute Wuhanen, nahiz eta hiriak ez duen bertako kutsadurarik antzeman maiatzaren erdialdeaz geroztik: "Segurtasuna ematen digu, ez baitugu gertatutakoa ahaztu", adierazi du Zhangek.

Horren erakusgarri, wuhandarrek, batez ere gazteenek, ez zuten inolako erreparorik izan, 2021eko Urte Berriari ongietorria kale eta diskoteketan bapo ospatzeko. Horrek ez du esan nahi, ordea, azpimarratu du Zhangek, pasatakoa ahaztu dutenik.

Ingeniariak azaldu duenez, covida gainditutakoentzat laguntza psikologikorako egitasmo bat jarri zuten martxan tokiko agintariek; berak, ordea, izena ez ematea erabaki zuen: "Gogorrena dagoeneko pasa da, eta ez dut beharrik sentitzen".

Zailtasun ekonomikoak ere gainditu behar izan ditu; covidaren eraginez bajan egon zen garaian aurrezkiak erabili behar izan zituen familia mantentzeko, baita lagunei dirua eskatu ere.

Gogorrena, ordea, urte erdiz alaba ezin ikustea izan omen da: "Berriro ikusi nuenean bigarren bizitza bat hasten ari zela sentitu nuen".

Izan ere, alaba haurtzaindegira eraman eta bera berriro lanera itzuli eta lau hilabetez etenda eduki zuen soldata berriro jasotzen hasi zenean sentitu omen zuen nolabaiteko normaltasunera itzuli zela. Enpresa sei hilabetez itxi zuten, eta orain, aurreko soldataren %70 kobratzen du.

"Wuhanek oraindik denbora beharko duela uste dut. Denok beharko dugu denbora pixka bat". Zhangen iritziz, "agian, bizpahiru urteren buruan itzuliko da jendea benetako bizitza normala egitera, ekonomikoki zein psikologikoki. Baina denbora beharko da".