Beti atera daiteke irakaspenen bat, edo egoera aprobetxatu gogoeta egiteko eta benetan garrantzitsua zer den aztertzeko. Donostiako Santo Tomas Lizeoak bide horretan aurrera egin nahi izan du, DBHko eta Batxilergoko 700 ikasle inguruk parte hartu duten esperientzia baten bidez. Gazteak pentsa-tzen jarri dituzte, pandemia horrek hainbat mailatan zer ekarri duen hausnartuz, arlo osasun-zientifikotik ekonomikora, eta, nola ez, baita sentimenduen mailara ere.

Gabonetako oporren aurreko aste hau aukeratu dute Non kokatuko naiz ni? egitasmoa garatzeko. Bizikidetzaren eta erantzunkidetasunaren garrantziari buruzko gaiak lantzeko gonbita da, hartu diren erabakiei buruz "duten informazioaren azterketa kritikotik abiatuta eta iritziak partekatuz" jarduteko; erabaki horiek, gizartearen zati direnez, eurei ere zuzenean eragiten baitiete.

Gogoeta-prozesu horretan, Santo Tomas Lizeoko ikasleek Donostia Ospitaleko epidemiologia saileko arduraduna den Diego Vicente adituaren laguntza izan dute baita Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Leire Etxebesterena eta Nøgen musika taldeko kideena ere. Lagun-tzaile hauek bide eman diete covidaren inguruan hiru alderdi eztabaida-tzeko: alor zientifikoa, ondorio ekonomikoak eta egunerokotasunean gaitzak utzi duen zauria edota lorra-tza, Nøgenen kasuan bezala, albiste ederrez josita hasi zitzaien urtea erabat irauli baitzaie.

Lan horren emaitza artelana izango da, emozioen mosaikoa. Ikasgela bakoitzak berea egingo du, eta eskolako hormetan ipiniko dute hilabetetarako, urtetarako€ Askok ahaztu nahi izango duten urtearen oroitzapen gisa.

Joseba Alkizak, Santo Tomas Lizeoko Bigarren Hezkuntzako ikasketaburuak azaldu du DBHko eta Batxilergoko ikasgeletan garatu den esperien-tzia horren planteamendua. 700 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte, hori bai, batzuk besteak baino gogo-tsuago.

Bi ariketa egitean oinarri-tzen da esperientzia, neurri handi batean. Bata, fikziozkoa, non ikasleek gaitzari ondorio positiboren bat bilatu beharko diote hainbat arlotan (osasuna, isolamendua, bakardadea edota ekonomia). Bigarrena ariketa praktikoa izango da, eta ikasturteari aurre egiteko moduari buruzko ideiak emateko eskatuko zaie; ez bakarrik osasun-protokoloei dagokienez, baita, hala iruditzen bazaie, elkarbizitza hobetzeko ekimenak iradokitzeko ere.

"Ikasleak irailean itzuli ziren eskolara, eta protokolo batzuk eta bete beharreko neurri batzuk topatu zituzten. Eta baita bete ere. Bestelakoa da Lizeoko burdin hesia zeharkatzen dutenean egiten dutena. Kontzien-tziazio-maila ez da berdina kasu guztietan, eta horri buruz lan egin nahi dugu", gaineratu du Alkizak, "ikastola ikastera etortzen den lekua baino zerbait gehiago da" ideian sakonduz. "Ondo pasatzera, lagunekin egotera, maitemintzera, sufritzera... hori guztia ez da gertatzen ari, ikasketa bakarrik bermatzen da".

Hori dela eta erabaki du Santo Tomas Lizeoak ikastorduetan gara-tzen den esperientzia hau bultzatzea, ikasleei askatasunerako aukera emanez. "Batxilergoan, gutxienez, irakasleak ez dira ikasgeletan sartzen lanean ari direnean. Gela bakoitzeko bi ikasle prestatu ditugu, eta horiek gidatzen dute", azaldu du Alkizak.

Baina ekimen honek emozioetan ere sakondu nahi du, eta, irakaslearen arabera, zeregin hori zailagoa da ekonomiaren edo zientziaren inguruan plazaratu daitekeen hausnarketa-lana baino. Nøgenen eskutik iritsi zaie aitzakia. Talde gazte eta arrakastatsua izanik, beraiekin partekatu dituzte euren beldurrak, zalantzak eta frustrazioak, kontzertuez eta arrakastaz josita zetorren eta covidak dena hankaz gora jarri duen urte honetan. Santo Tomas Lizeoko ikasle gazteak bezalaxe. Izan ere, uda honetan ez dute festarik izan, hainbat asteburutan ez da elkartzeko aukerarik egon eta Gabonetan ere ez dakite lagunekin egongo ote diren... zuzenean edo familian ondorio larriagorik izan ez badute.

Eta, gizartean gertatzen den bezala, esperimentu honetan ere aldea egon da ikasle batzuen eta besteen konpromisoari eta kontzientziari dagokionean. "Normala da. Ikasle batzuk oso ondo erreakzionatu dute eta beste batzuk ez hain ondo. Batzuei besteei baino gehiago kostatzen zaie hitz egitea", dio. Azken finean, horrelakoa da bizi-tza. Urteari agur esateko, eta hurrengoa itxaropen-tsuago hasteko asmoz, emozioen mosaiko bat egingo dute gela bakoitzean. Eredu gisa, David Hockney artistaren lanak hartuko dituzte, gazte hauek gaur egun sentitzen dutena etorkizunean kontuan hartzeko baliagarri izan dadin.

Esperientzia neurri handi batean bi ariketa egitean datza: bata fikziozkoa eta bigarrena praktikoa, errealitateari lotuta