- Hiru aste barru abiatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa: azaroaren 20tik abenduaren 3ra euskara "gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" erabiltzea da helburua. Dagoeneko, ia 70.000 lagunek eman dute izena. Horietatik %20k ez zuen lehen edizioan parte hartu.

Herritarrek beraien hizkuntza ohituren gaineko gogoeta egin eta, ahobizi edo belarriprest rola hautatuta, inertziak apurtu eta euskararen erabileran urratsak emateko gonbitea egin du berriro bigarren edizioak.

Euskaraldia testuinguru berezian datorrela onartu dute antolatzaileek, COVID-19ak eragindako egoerak baldintzatuta. Hala ere, ekimenaren helburua parte-hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakoitzaren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea dela kontuan hartuta, ariketan parte hartzera animatu nahi izan dituzte euskara ulertzeko eta euskaraz aritzeko gai diren herritarrak. Bakoitzak bere inguruko harreman sareetan (etxean, lanean, komertziotan, lagunartean edo Internet bidezko harremanetan) hizkuntza praktikak aztertu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera baliatzeko deia egin dute.

Izena emateko hiru bide daudela gogoratu dute sustatzaileek: euskaraldia.eus webgunearen bidez, herriz herri batzordeak antolatzen ari diren informazio eta izen-emate guneetan eta telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazioaren bidez.

Izena ahalik eta arinen ematea ere gomendatu dute, ariketaren aurretik herriz herri egingo den txapa banaketa behar bezala antolatu ahal izateko. Hala, hiru dei egin nahi izan dituzte antolatzaileek bereziki: Euskaraldiaren lehen edizioan parte hartu zuten belarriprest eta ahobiziei, batetik, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak egin eta errepikatzea beharrezkoa delako. Bigarrenik, ariguneetan parte hartzen duten kide guztiei (entitateek izena eman duten arren, partaideek ahobizi edo belarriprest modura izena eman behar dute). Azkenik, aurreko edizioan parte hartzerik izan ez zutenei ere dei egin diete, hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela ikusiko dutelako.

Egoera erraza izan ez arren, guztira 421 udalerritan ari dira herri batzordeak antolaketa lanetan eta Euskaraldiaren sustatzaileek sare horretan parte hartzen ari diren milaka lagunen lana eskertu nahi izan dute.