Pandemia dela eta, agintariek hilerrietara astean zehar joatea gomendatu dute antu Guztien egunaren bezpera dela eta, bihar jende-pilaketak ekiditeko. Gainera, gehienez sei pertsonako taldeak joan daitezke bertara eta bisita laburrak egitea ere aholkatu dute.

Ezohiko egoera batean ospatuko den Santu Guztien eguna izango da aurtengoa eta egun horrekin oso harreman estua duen sektore batek sumatu du aldaketa: loradendek, hain zuzen ere. Hondarribiko Endanea loradendako Mari Carmen Gonzalezek egunkari honi atzo azaldu zionaren arabera, loreen salmenta "triste samar" doa; izan ere, herri batetik bestera igarotzeko mugak direla eta, askok ez baitakite euren senideak lurperatuta dauden hilerrira iritsi ote daitezkeen. "Dendara beste urteetan baino askoz jende gutxiago etortzen ari da, mugakideak diren herrietakoak bakarrik etor daitezkeelako", esan zuen.

Beraz, Hondarribiko jendeaz gain, Irun eta Lezoko bezeroak soilik dituzte aurten dendan bertan. Gonzalezen arabera, jendeak denetariko loreak eramaten ditu hilerrira egun hauetan, baina beraiek "ondo lehortzen diren landareak" aukeratu dituzte salgai jartzeko. "Horrela, egun batean ez bada, bestean eraman daitezke hilerrira. Eukaliptoak, safariak, proteak eta hortensiak dira gehien saltzen ditugunak", nabarmendu zuen.

Aurten loreak saltzeak beraientzat irabaziak baino, galerak ekarriko dituela aurreikusten dute Endanean. "Beste urteetan baino gutxiago saltzen ari gara eta galerak datoz. Loreak garestiak dira eta ezin dira kontserbatu beranduago saltzeko", esan zuen Gonzalezek.

Badira bakarrik urteko egun seinalatu hauetan loreak saltzera dedika-tzen diren pertsonak ere. Xabier Lazcanoren amak, adibidez, Donostiako Bretxako azokan barazkiak saltzen ditu urte osoan zehar, baina Domu Santu egunaren atarian loreak ere saltzen dituzte berak eta bere senitartekoek salmenta-postuan. "Ostiraletik astelehenera arte egongo gara bertan loreak saltzen, izan ere, lau eguneko baimena eman baitigute horretarako", adierazi zuen Lazcanok.

Aste honetan zehar saltzeko loreak prestatzen aritu dira, zentroekin eta guzti. "Lorerik ohikoena krisantemoa izaten da edo krisantemoaren familiakoak. Itxuraz desberdinak dira eta batzuk margariten antza dute. Bestalde, krabelina eta gladioloa izaten dira jendeak gehien eska-tzen dituenak", zehaztu zuen.

Beraiek ere loreak erostera jende gutxiago joango dela aurreikusten dute aurten: "Alde batetik, pixkanaka gero eta jende gutxiago mugitzen da ospakizun honetan eta, bestetik, pertsona asko kezkatuta daude jende-pilaketekin eta pandemia dela eta ezarri dituzten neurriekin".

Prezioa salmentaren arabera ezar-tzen diete loreei Lazcanok eta bere senideek. "Loreak etxean geratzea lastima izaten da eta, nolabait, pixka bat merkeago bada ere, lore horiei irteera ematen saiatzen gara", nabarmendu zuen. Urtetik urtera bezero gutxiago nabaritu badute ere, "oraindik jende asko mugitzen duen ohitura", dela uste du Lazcanok.

Donostiako Polloe hilerriaren aurreko parkean Lurdes Oiarzabal ere loreak saltzen ari zen atzo. "Orain arte oso jende gutxi ari da etortzen. Gu gaur etorri gara, eta bihar eta etzi ere hemen izango gara. Astelehenean ere etor gaitezke, baina ez dakigu zer egin, oso jende gutxi etortzen baita astelehenean", esan zuen Oiarzabalek.

Bere anaia batek loradenda bat dauka Andoainen eta dagoeneko 45 urte daramatzate Domu Santu egunerako Donostiara joaten loreak saltzera. "Bretxan hasi ginen, gero Polloe hilerriko atean jartzeko esan ziguten eta parke hau egin zutenean, bertara etortzen hasi ginen espazio gehiago dagoelako", azaldu zuen Oiarzabalek.

Atzo loreak saltzen zituzten zazpi postu zeuden bertan eta urtetik urtera jende gutxiago etortzen dela nabarmendu zuen: "Lehengo urtean hamaika postu zeuden eta garai batean 40 izaten ginen. Gero eta jende gutxiago etortzen da, baina nik esperantza daukat bihar eta etzi bezero gehiago etorriko direla".

Goizeko 8.00etan hasten dira lanean eta 19.00ak arte, krabelinak, gladioloak eta lurrarekin apain jarritako margaritak, krisantemoak eta pinuak saltzen dituzte. Prezioan ere aldea dago lore mota batetik bestera, eta 15 eurotik 45 eurora bitarteko aukera dute bertan.

Loreen salmenta jaitsi bada ere, Polloeko sarreran jende dezente ikus zitekeen hilerrira lore-sortak eramaten. Ainhoa Palacios senitarteko bat bisitatzera joan zen hamar minutuz hilerrira eta ezohiko loreak eraman zizkion ahaideari. "Eguzkiloreak ekarri ditut. Badakit normalean jendeak ez dituela halako loreak ekar-tzen, baina niri asko gustatzen zaizkit", esan zuen Palaciosek. Santu Guztien eguna igandean bada ere, denbora zuenez, atzo joatea erabaki zuen. "Ez beste ezergatik, igandean ezin dudalako baizik", azaldu zuen.

Susana aita eta ama bisitatzera eta krabelin batzuk eramatera gerturatu zen Polloera bere familiako kide batzuekin. "Igandea baino lehen etortzea erabaki dugu, pandemia dela eta hori egitea gomendatu dutelako", esan zuen Susanak.

Segurtasun neurriak direla eta, Concha Dioni ere aurreratu egin zen hilerrira bisita egiteko. "Igandean hona sartzeko sarrera eta irteera orduak mugatuko dituztela esan zuten eta gaur lasaiago etorri naiz", esan zuen Dionik. Berak ere loreak eraman zituen senideentzat, baina gaur loradendakoak joango omen dira bertara loreak eramatera: "Urte guztian zehar jartzen ditugu loreak, baina bihar freskoak jarriko dituzte dendakoek panteoia Domu Santu egunean dotore egoteko", esan zuen amaitzeko.

"Gutxiago saltzen ari gara eta galerak datoz loreak ezin direlako kontserbatu beranduago saltzeko"

Endanea loradendako jabea

"Igandean hilerrira etortzeko orduak mugatuko dituztela esan zuten eta gaur etorri naiz"

Donostiako bizilaguna