DONOSTIA - Azken urteetan egin den bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kurtso politiko berriari hasiera ematen dion Etorkizuna Eraikizen uda ikastaroa egin da gaur, 'Pandemiaren ondorengo egoera eta erronka berriak. Pentsamendu prospektiboa eta etorkizuneko begirada'. Bertan, Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok elkarlana, elkartasuna eta mundura irekitzea aipatu ditu COVID-19 gaitzaren pandemiak eragindako krisia eta ondorengo agertokiari aurre egiteko foru estrategikoaren zutabe bezala. Azaldu duenez, Aldundiak etorkizuneko proiektu estrategikoen alde egiten duen apustua berretsi du beste behin, MUBIL edo Adinberri esaterako, eta ziklo politiko berrian hauek mundu mailako esperientzia aurreratuenekin lotzeko lan egingo duela azpimarratu du.

Uda ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian egin dena, hausnarketa eta eztabaida ariketa partekatua izan da, COVID-19 gaitzaren pandemiak eta bere ondorioek baldintzatzen duten etorkizun hurbilaren inguruan. Topaketan parte hartu dute, Olanorekin batera, UPV/EHUko errektorea, Nekane Balluerka; Espainia Globalarentzako estatu idazkaria, Manuel Muñiz; eta Ogasun eta Finantzetako foru diputatua, Jabier Larrañaga. Ekitaldian egon dira baita ere Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Jose Ignacio Asensio; Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua, Imanol Lasa; Proiektu Estrategikoetako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru, eta uda ikastaroko zuzendarikideak, Xabier Barandiaran eta Alfonso Unceta.

COVID-19 gaitzaren pandemiak kaltetu dituen pertsonei elkartasun mezua helarazi hasi du bere hitzaldiak Olanok, bai gaixotasuna zuzenean pairatu dutenei zein ondorio ekonomiko eta sozialak jasaten ari diren pertsonei zuzenduz. Honela, aldarrikatu duenez, "gaur inoiz baino garrantzitsuagoak dira arrazoia, demokrazia, giza eskubideak eta elkartasuna bezalako balioak", pandemia "bizikidetza demokratikoa eta aurrerabidea erasotzeko" baliatzen ari direnen aurrean. "Bizi dugun egoeraren ondorioei aurre egiterako orduan, ezinbestekoa da gizarte bezala erantzutea, gure jardueraren oinarrian zientzia eta ideien eztabaida libre eta eraikitzailea jarriz", aldeztu du.

Testuinguru honetan, Etorkizuna Eraikiz programak antolatzen duen uda ikastaroa bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du, "honelako mintegiak baitira gizarte moderno batek duen erronka zahar zein berriei erantzunak aurkitzeko modua, munduari irekita eta zientzia, ezagutza eta elkarlana baliatuz". Etorkizuna Eraikiz foru programa bera, Aldundiak 2016 urtean martxan jarri zuena, norabide horretan doa: "Gizarte zibilarekin elkarlanean, Etorkizuna Eraikizen helburua lurraldeak dituen erronkak identifikatzea da, eta desafio hauei erantzun kolektiboak emateko politika publikoak bideratzea".

Bost urteko ibilbide honetan, elkarlana eta esperimentazioa foru programa honen ezaugarri nagusiak bihurtu dira. Honen ondorioz, Aldundiak bere politika publikoetan txertatu ditu hemen ikasitakoak, eta martxan jarri ditu estrategia partekatuak sektore ezberdinetako eragile ekonomiko nabarmenekin. "Zibersegurtasuna, ikus-entzunezkoen ekoizpena, gastronomia digitala, elektromugikortasuna, zahartze osasuntsua, klima aldaketa eta ekonomia zirkularra bezalako esparrutan espezializazio adimentsuaz ari gara hizketan, baina baita ere bazterkeria arriskuan dauden pertsonei lan mundura bideratzea bezalako gai garrantzitsuetan", nabarmendu du Olanok.

Diputatu nagusiaren arabera, proiektu hauek oraindik eta garrantzia handiagoa hartzen dute pandemiaren testuinguruan, eta krisia gainditzeko bidea erakusten dute. "Soziala, digitala eta berdea dira krisitik irtetetako aldezten ditugun zutabeak: soziala, inor ezin dugulako atzean utzi; berdea, ingurumenaren zaintza oinarri bezala hartuta; eta digitala, enpresa indartsu eta abangoardistak izaten jarraitzeko", azpimarratu du. Etorkizuna Eraikiz eta bere barnena garatutako proiektu estrategikoak norabide horretan doaz, "Europak COVID-19 gaitzaren krisialditik irteteko ezarri dituen irizpideekin guztiz bat datorrena".