- Gipuzkoako Foru Aldundiak ia bi milioi euro bideratuko ditu Pasaialdea biziberritzeko neurri sorta batera, Pasaia, Lezo eta Errenteria ardatz hartuta. Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak atzo azaldu zuenez, partida ekonomiko horrek posible egingo du, besteak beste, “Pasaia San Pedroko lonjaren ingurua urbaniza-tzeko lanak amaitzea”.

Esku-hartze hori Esnabide kalearen alboa egokitzean eta arrantza eremuko plaza urbanizatzean datza. “Orain arte, Portu Agintaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian administrazio izapideak atzeratu egin baitira, lur mugimenduak sortutako ingurumen arazoengatik”.

Diru laguntza horren zenbatekoa 1,39 milioi eurokoa da, eta bi epetan ordainduko da, 2020an eta 2021ean zehar, egin beharreko obraren programazioak eta exekuzioak aurrera egin ahala.

Diru kopuru horretaz gain, pasaiak 433.966 euro jasoko ditu; Errenteriak 100.000 euro eta Lezok 50.000 euro. Inolaz ere, lehen udalerriaren kasuan, Bizikleta Bideen Foru Katalogoko bidegorri bat mantentzeko inbertsioa sartzen da zenbateko horretan, edizio honetan osorik ordainduko baita.

Herri horretako gainerako jarduketak honako hauek izango dira: Donibaneko barrutiko uren tratamendua; Juandaburu, J.J. Otaegi eta Lurdes Txikiko irisgarritasuna hobetzea; Gure Zumardiako harmaila berritzea, eta Trintxerpe eta La Herrera arteko oinezkoen lotura mantentze lanak.

Bestalde, Lezon eta Errenterian aurreikusitako esku hartzeak Ijurko eta Beraun auzoetako igogailuen irisgarritasunarekin eta mugikortasunarekin lotuta daude.