019ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak emaitza esanguratsua utzi du Tolosan: ehun urtean lehen aldiz euskara gaztelania baino gehiago entzun da kaleetan. Azken 34 urtetan erabilerak 20 puntu egin ditu gora eta azken datua da 1985tik erregistratutako altuena, lehen aldiz gaztelaniaren aurretik kokatu baita euskara emaitzetan. "Paradigma aldaketa egon da belaunaldien erabileran", neurketa egin duen Galtzaundi Euskara Taldearen iritziz, izan ere, gazteenak dira orain euskaraz gehien egiten dutenak.

Baikorra da Galtzaundik eta Tolosako Udalak aste honetan eman duten datua: %49,1ekoa da Tolosako kaleetan euskararen erabilera. 3.246 elkarrizketaren eta 8.647 hiztunen informazioa bildu da pasa den abenduan egin zen azterketan. Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.

Jakina da neurketa 1985. urtetik aurrera egiten dela Tolosan, baina mende batean zehar lehen aldiz horrela izan dela b aieztatzeko moduko ebidentziak dituzte Galtzaundin 1919. urtetik hona. "Espainiako gerra ondorengo lekukoek aitortu izan dute euskara oso gutxi entzuten zela Tolosako kaleetan garai hartan. Ordutik 1985 bitarte, euskararen presentzia oso eskasa izan zen herriko kaleetan. Tolosarren lekuko-tza ugari daude bilduta hainbat liburutan eta ahozko ondarea biltzen duen Ahotsak proiektuan, eta guztietan azpimarratzen da gerra aurreko urteetan eta ondorenean euskarak ia presentziak ez zuela Tolosako kaleetan", azaldu dute Galtzaunditik.

Gerra aurreko egoeraren lekuko-tza batzuk ere badaude. Esangura-tsuenetakoa, Tolosako Gorriti plazan sortu zen Ikastola sortzeko 1921eko informazio orrian topatu daiteke. Euskera maite al dezu? izenburua zuen orriak eta bertan aipa-tzen da, hamabost urtetik beherakoen artean jada ez zela euskararik entzuten: "Eta Euskera maite dezularik, ez al-dituzu beñere malkoak begitara irten-naian nabaitu, Tolosa'ko kalean, urte gutxi barru, euskarak beruntz daraman joaira ikusita?... Tolosa'ko kalean, euskera aurren ezpañetatik igesi dijoa". Ondorioztatu daiteke, beraz, gaztelania jada nagusi zela tolosarren artean eta gerra osteko hizkuntza praktikek hori berresten dute.

Galtzaundik uste du berrindartze honen atzean modu desberdinetara beren aletxoa jarri duten herritarren lana dagoela: hala nola, ikastetxe guztietan D eredua ezartzea; euskaltegiak; Tolosako Udala, euskara batzordea eta zerbitzua; edota euskarazko komunikabideak. "Lorpen kolektiboa da Tolosako kaleetan euskararen presentzia nabarmen areagotzea azken urteotan", ondorioztatu dute Galtzaundiko teknikariek.

Kale-erabilera. 1985 urtean, %29koa zen eta 2019an, berriz, %49,1ekoa. Azken emaitza hau, gainera, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da eta lehen aldiz, euskararen kale erabilera gaztelaniaren (%48,5) gainetik erregistratu da.

Euskaldunak. Tolosan, 1981etik 2016ra, euskaldunak biztanleen %51 izatetik % 71ra pasa dira. Justu tolosarren ezagutzan egindako 20 puntuko igoera hori da 1985etik 2019ra kaleerabileran neurketen arteko aldea.

Haurrak eta gazteak. Haurrak (%70) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%63) daude, eta horiei jarraiki heldu-gazteak (%57), heldu-nagusiak (%44) eta adinekoak (%29). 35 urtetik gorakoen eta beherakoen artean aldea dago: 35 urtez azpikoek %65eko erabilera erregistratu dute, 35 urtez gainekoei %39ko erabilera neurtu zaien bitartean.

Haurren presentzia. Erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean erregistratzen dira (%80). Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%36). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %57ra igotzen duela erabilera.

Galtzaundi Euskara Taldeak uste du "paradigma aldaketa bat" egon dela; izan ere, orain gazteenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak