Etxealditik Euskaraldira ekimena abiatu dute astelehen honetan, etxeko hizkuntza-ohiturei buruzko gogoeta bultzatu eta horiek aldatzen saiatzeko. Azaroan eta abenduan helduko da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta hori prestatzeko baliagarria izatea espero dute maiatzaren 3ra arte luzatuko den ekimena.

Bultzatzaileen asmoa testuingurura egokitutako ariketa zehatzak proposatzea da parte-hartzaileei, sare sozialen bidez. Helburuak, beraz, etxeko ohiturei buruz pentsaraztea eta euskararen erabilera sustatzea dira, bitartekoak eskainiz.

Hiru aldi ditu ekimenak. Astelehen honetan argibide nagusiak eskaini ostean, hilaren 21etik 23ra, hizkuntza ohituren gaineko gogoeta egitea proposatuko diete herritarrei: "Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko dugu".

Ariketa bera apirilaren 24tik 30era egingo dute: ideia-proposamenak zabalduko dituzte egun horietan (egunero, bat), egunerokotasunean eta ohiko egoeratan oinarritutakoak. Parte-hartzaileek erabakiko dute denak edo batzuk egingo dituzten. "Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokituko ditu; ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez", nabarmendu du koordinatzaileak.

Zazpi proposamenok azalpen-bideoen bitartez zabalduko dituzte Euskaraldiko webgunean; Facebook, Instagram eta Twitter kontuetan; eta ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan (herriz herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetan ere bai).

EKITALDI BATERATUA

Ariketa bukatzeko, ekitaldi bateratua egingo dute maiatzaren 3an, baina horri buruzko xehetasunak hilaren 30ean azalduko dituzte: "Komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu".

Herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, eta ariketaren parte aktibo izatera. Hala, bideoak edo argazkiak sareratzera animatu nahi dituzte, beti ere @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira baliatuta, "guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko", azaldu du Aldabaldetrekuk. Leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea ere proposatu dute.