Unibertsitate ministroak lan topaketak egin zituen atzo EHUn

15.02.2020 | 06:20
Manuel Castells Unibertsitate ministroa eta Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea.

donostia- UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko eragile ezberdinekin elkartu zen atzo Manuel Castells ministroa, hala nola, zuzendaritza taldearekin, ikasleen kolektibo eta ordezkariekin, iker-tzaileekin, irakasleen ordezkariekin, sindikatuetako ordezkariekin, eta administrazio zein zerbitzuetako langileekin. "Unibertsitatearen komunitatera hasi gara hurbiltzen, Euskal Herriko Unibertsitatean, zeinak, hiru campusetan banatuta, 40.000 ikasle baino gehiago baititu. Gure helburua da diagnostiko kolektibo bat egitea, unibertsitatean bizi diren eta hura eraikitzen duten komunitateekin batera. Horretara etorri gara", adierazi zuen Castellsek.

UPV/EHUra egindako bisita aste hasieran iragarritakoarekin bat dator. Castellsek Estatuko unibertsitate guztiak bisitatuko ditu, unibertsitateen estatu itun bat zehazteko jomugari begira; itun hori legealdi honetan egin nahi den Unibertsitate Lege berrian jasoko litzateke adostasun batera iristekotan. "Estatuko geografia osoan zehar egindako ibilbide horri esker, Ministerio eta unibertsitateen artean harreman estua lortuko da, ikasleen, ikertzaileen, bekadunen, irakasleen, errektoretzaren eta unibertsitateko ordezkaritza-organoen erronkak, zailtasunak eta proiektuak ezagutzeko", berretsi zuen ministroak. Unibertsitate publikoetako lan saioetan (hauetan amaitutakoan pribatuetara joko du Castellsek), ministroaz gain, zuzendaritza taldea, ikasleen ordezkariak, irakasleen ordezkariak, unibertsitateko ikerketa zentro eta guneak edota administrazioko eta zerbi-tzuetako langileak egongo dira, UPV/EHUn bezala.

50 unibertsitate publikok eta 26 pribatuk osatzen duten Crue Universidades Españolas erakundearen arabera, unibertsitateen arteko komunikazioa hobetzeko ekimenak "positiboak" dira, Castells ministroa unibertsitate guztien inguruko informazioa biltzeko egiten ari den bira bezala. Halaber, erakundean administrazioekin beti lanean ibili direla gogoratu zuten, "unibertsitate sistemaren hobekuntzak Espainiako gizarte osoaren onura handiagoa ekar dezan. "Ziur gaude egungo Gobernuak gure helburua partekatzen duela, eta unibertsitateekin harremanak hobetuko dituela", helarazi dute Cruetik.

Castellsek Euskal Herriko Unibertsitatera egindako bisitaren harira, Nekane Balluerka gustura agertu zen: "Eskerrak eman nahi dizkiot Manuel Castellsi, sentsibilitate berezia erakutsi duelako unibertsitateekin berehala harremanetan jarrita, eta, oso modu berezian eskertu nahi diot harremanen erronda hori Euskal Herriko Unibertsitatearekin hasi izana". Gauzak horrela, atzokoa ez zen protokolo harrera batera mugatu, lan bilera mamitsuak egin baitziren. Errektoretza taldeak UPV/EHUren oinarrizko beharrak planteatzeaz gainera, bidean dauden oztopo nagusiak azaleratu zizkion Unibertsitateen ministroari. Era berean, balizko konponbideak partekatu eta horien inguruko gogoeta egin zuten, azkenik unibertsitate publikoak etorkizunean izanen dituen erronka nagusiak planteatuz.

Atzo eztabaidatutakoaren harira, hurrengo astean, hots, otsailaren 21ean, Castellsek bere unibertsitate politikaren ildo nagusiak aurkeztuko ditu Kongresuan.