donotia - Duela 207 egunetik hona ELA sindikatuak deitutako greban dauden Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek atzo iragarri zuten lanuztearekin jarraituko dutela, aurretik akordiorik lortzen ez badute, “gutxienez martxoaren zortzira arte”.

Azaldu dutenez, pilatutako “nekea” gorabehera, ez omen dago “beste biderik, aldi baterakoa eta partziala” den kontratazioarekin eta “6.000 eurotik gorako soldata arrakalarekin” amaitzeko.

Greban dauden langileek Diputazioaren aurrean egindako elkarretaratzearen ostean, ELA sindikatuak deitoratu zuen “lanuzte-egun asko” direla eta “nekea antzematen dela”, baina “greba egiteko eskubidea ezerezean uzten duten Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen gainetik”, kalean jarraituko dutela, sektore horretan “beste biderik ez dagoelako, aldi baterako eta partziala den kontratazioarekin eta “6.000 eurotik gorako soldata-arrakalarekin” amaitzeko.

Sindikatuak aldarrikatu zuen ez dutela lanuztea bertan behera utziko, eta patronalen jarrera “larderiatzailea” gaitzetsi zuen, “langileei, sektoreko erabiltzaileei eta haien familiei adarra jotzen ari baitzaie”.

ELAk jakinarazi duenez, patronalak deitutako negoziazio mahaiaren hurrengo bilera izango den “otsailaren 12rako ezer aldatzen ez bada”, ez omen dira joango, “itxurakeria baino ez omen delako”, eta grebari eutsiko omen diote. Azkenik, gainerako sindikatuei ere dei egin zien, “sektoreko patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduteko modu hori ez legitima-tzeko” eskatuz; “aitzakiek ez baitute jada balio, eta garaia badelako behingoz kalera irten eta lanuzteak egiteko, bestela patronalei eta foru erakundeari estaldura ematen ariko baitira”.