Ukrainako Txernobylgo 6 eta 14 urte bitarteko 86 adingaberentzat txernobyl elkarteak harrera familien bila dihardu. Azpimarratu dutenez, "neskentzako harrera familiak lortzen dira, baina ez mutilentzat", eta "premiazko atsedena" behar omen dute.

Elkarteko bozeramaileek atzo Donostian azaldu zutenez, euren boluntarioek 2020an elkartearen Harrera Programan sartu nahi duten eta Ukrainako Txernobylen eraginpean bizi diren 86 adingaberen egoera aztertu dute. "Osasunerako Mundu Erakundearen gomendioari jarraituz, ingurune hartatik alde egin beharko lukete urtean gutxienez 40 egunez, osasuntsu hazteko", adierazi zuten.

Gainera, "premiazko zortzi kasu" atzeman dituztela adierazi zuten, "sei eta zortzi urte bitarteko lau neska eta lau mutiko, handik irteteko behar larria dutenak". Elkarteak "dei berezia" egin du "lau mutilentzako harrera familiak lortzeko; izan ere, gure esperientziaren arabera, harrera familiak lortzen dira egoera bereziki ahulean dauden neskato guztien-tzat, baina ez hala mutilentzat". Zehaztu zutenez, "gaixotasunik garatuta ez izan arren, baldintza oso eskasetan bizi diren" adingabeak dira, "etxean urik eta saneamendurik ez dutenak, etxean diru-sarrerarik ez dutenak, osasun ahulekoak edo familia desegituratuak dituztenak".

Elkarteak bere harrera programari buruzko bilera informatiboak antolatu ditu Donostian otsailaren 6an, 18:30etan, Txara I-en (Zarategi Pasealekua, 100); 670 419 078 telefono zenbakira deituta ere lor daiteke informazioa.

Bestalde, gogora ekarri nahi izan dute, Gabonetako harrera programan 42 adingabek oporrak Euskadin eta Nafarroan pasa dituztela, eta ostiral honetan itzuliko direla Ukrainara. Haur horietako batzuek Asteasuko Pello Errota ikastolan topaketa batean parte hartu zuten. Bertan, mutil horietako batzuk Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailako ikasleekin elkartu ziren, eta horrela, zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan zuten neska-mutil horiek beren herrian bizi duten errealitatea.

Gainera, Txernobyl elkarteak 25. urteurrena ospatuko du aurten; urte hauetako ibilbidean 4.500dik gora harrera egin dituztelarik. "Denborak aurrera egin arren, eskualde hartako beharrak apenas aldatu dira", adierazi zuten.