viana - Nafarroa Oinezaren soka luzeari urtebetez tiraka aritu ondoren, txanda pasatzeko unea iritsi zen atzokoan. Hala, Eren-tzun eta Ibaialde ikastolek, datorren urteko Oinezaren antolatzailea izanen den Lesakako Tantirumairu Ikastolaren eskuetan jarri zuten lekukoa. Lesakako ikastolakoek, Amaia Lasheras lehendakariak eta Aitor Irazoki zuzendariak, txalo artean jaso zuten ardura aurtengo antolatzaileen eskuetatik, eguerdian Erentzun Ikastolaren atarian ospatutako ekitaldi hunkigarri batean.
Irazokik erran bezala, lesakarrentzat “ohore handia” izanen da 2017ko Nafarroa Oineza antola-tzea: “Ikastolen eta euskararen aldeko auzolan erraldoia izanen da”, azpimarratu zuen. Ilusio handiarekin jaso dute lekukoa lesakarrek. “Badakigu erronka handia dela baina tamaina horretako ilusioarekin hartzen dugu ardura. Denon artean, soka hartu eta tiratu eginen dugula ziur gaude”. Lasherasek, bere aldetik, urtebetez egindako lana eskertu zien Ibaialde eta Erentzuni, lortutako emaitzagatik ere zorionduz.
Aurtengo antolatzaileentzat ere “ohorea izan da lekukoa esku-artean edukitzea”, ekitaldian azpimarratu zutenez. “Urtebetez arduraz, goxotasunez, harrotasunez, ohorez, Nafarroako Ikastoletako lekukoa gurea egin dugu. Elkartu gaitu, sendotu gaitu eta gure seme-alabentzat aukeratu dugun ikastolako ereduaren alde lan egiteaz harro sentiarazi gaitu”. Eren-tzun Ikastolako eta Ibaialde Ikastolako lehendakariak eta zuzendariak izan ziren lekukoa Lesakako Ikastolari pasatzearen arduradunak. - N.G.