Lurdes Iriondo hizpide hartuta, ikusezin bihurtutako emakumeak argitara ematea. Hori da, beste hainbat gauzen artean, Inge Mendiorozek zuzendu eta Idoia Garcesek idatzitako Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak bilatzen duena. Gaur ostiralarekin emango dute, Zinemaldiaren lehen egunean, Principe aretoan, 16.00etan, Zinemira saileko inaugurazio saioan, Jose Mari Lazkanoren Natura Fugit film ertainaren emanaldiaren ostean. Gainera, Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Dominarekin hil ostean Iriondori aitortza egingo diola jakin eta bi egunera izango da filmaren estreinaldia. Maluta Filmsek ekoiztutako ez fikziozko lana Irizar saria lortzeko lehian arituko da.
Mendiorozek eta Garcesek “sorpresaz” hartu zuten pelikula Zinemaldian erakutsiko zenaren berria: “Ez genuen inondik espero”. Hasierako “mareoaren” ostean, noski, izugarri poztu ziren. Zinemira sailean parte hartzeak, dokumentalari bultzada polita emango diola uste dute zuzendariak eta gidoilariak eta, horregatik oso argi daukate: “Zinemaldian egote hutsa nahikoa sari bada”. Ez hori bakarrik, haien ustez Iriondo zenaren figura eta ibilbidea goratzeko eta hari “aintzatespena” egiteko, ez dago nazioarteko zinema jaialdia baino leku hoberik.
Abeslaria, noski, Ez Dok Amairuko sortzaile, idazle, antzerkigile, antzezle, euskaltzale... Filmak Iriondoren ibilbide anizkoitza mahai gainean jartzen du, askotan, berau ezagutu zuten beste “ahizpei” egindako elkarrizketen bitartez, Ana Guadalupe Etxeberria, Mariasun Landa, Maite Idirin eta Patxika Erramuzperi, besteak beste. Jule Goikoetxea bezalako adituek aldiz, corpus akademikoz janzten dute pelikula, patriarkatuak emakumeak sistemikoki nola ezabatu ohi dituen azalduz. Iriondo, Idirin, Erramuzpe eta Estitxu bezalako emakumeak zergatik ahaztu izan diren oso presente izan dute autoreek beti. “Erreferenteen” faltaz hitz egiten denean -jarraitu dute-, orain dela zenbait hamarkada horiek bazirela nabarmendu dute, “baina era batera edo bestera isilarazi egin dizkigute”. “Hau kate bat da, eta izandako erreferente horiek katearen katebegiak ere badirela eman nahi genuen argitara”, azpimarratu dute.
Iriondo poliedrikoa
“Lurdes, gehienok, era batera gogoratuko dute; urteurrenak iristen direnean beti irudi bera etortzen da. Guretzat hori baino askoz gehiago zen”, diote. “Prisma anitzeko harribitxia” izanik, euskal kulturaren transmisioaren alde egindako lan guztia zabaldu dute. Ez dira ari oholtzaren gainean egin zuen ekarpenaz bakarrik, noski, behin agertokiak utzitakoan egin zuen guztiaz baizik.
1937an Donostian sortua, Iriondo 1964an hasi zen plazetan bere gitarrarekin euskaraz kantuan. Handik gutxira, bere lehengusu Josemari Iriondoren bitartekaritzarekin, Herri Irratian aireratu ziren haren abestiak. Arrakasta itzela lortuko zuen Ez Dok Amairu bildu zenerako, bera zen partaide guztietatik ezagunena. Datu batek argi frogatzen du dioguna: 1967an, berak bakarrik, 150 kontzertutik gora eman zituen. 1971 eta 1972 bitartean, Erramuzpe, Manex Pagola, Xabier Lete, Pantxoa Carrere, Benito Lertxundi eta beste hainbat kantariekin batera, Zapiribai ikuskarian ere parte hartu zuen. Antzerkigintza, haur literatura eta bideogintzan jarraitu zuen hortik aurrera, euskal kulturaren militante fidela zen heinean.
Iriondoren inguruko film-irudiak urriak badira ere, ikerketa prozesuan Garzesek “altxor bat” topatu zuen Garaia aldizkarian: donostiarrak berak idatzitako artikulu autobiografikoa. Oso garrantzitsua da hori, ikus-entzunezko materialarekin gertatu bezala, ez baitago berak lehen pertsonan idatzitako materialik. Garaiako hitzek, ordea, aurrera egiteko aukera eskaintzen diote narrazioari. “Gure dokumentalean Lurdesek berak hitz egiten du bere hitzen bitartez”, azaldu dute.
Nortasun sendoko emakumea
Bada sortzailearen nortasun sendoa eta ideia aurrerakoiak erakusten dituen beste artikulu bat ere. Zeruko Argian 1967an Iriondok idatzitako Euskalerriko eskaleak testuari erreparatzeko eskatu du Mendiorozek. Ikastolen aldekoa bazen ere, euskal kulturgile profesionalek egindako lanagatik kobratu egin behar zutela aldarrikatzen zuen artikulu hartan. Euskal Herriaren alde ezin zela dena boluntario moduan egin, alegia. “Ni biziki harritu ninduen, zer nolako paralelismoa dagoen garai hura eta oraingoaren artean”, gehitu du Garcesek. Iriondok bazekien, beraz, Euskal Herriko kulturaren alde “zer egin behar zen” eta, horregatik, ezinbestekoa iruditzen zitzaion lan hori aurrera eraman behar zuten kulturgileen aitortza. “Ez zuen isiltzeko izurik. Ziur kritika asko jasoko zituela artikulu horrengatik”, azpimarratu du gidoilariak.
“Xabier Lete, Lurdes Iriondoren senarra”
Iriondok berak erabaki zuen oholtzatik jaitsi eta “lan isilean” buru-belarri murgiltzea. Badirudi, momentu horretatik aurrera maskara baten atzean ezkutatu zela. Benito Otsoaren bideoetan berak gorpuzten zituen animalia antropomorfikoak, nahiz eta Xabier Letek jarri otsoari ulua. Bideoak eta esketxak, ordea, Iriondok sinatzen zituen. Lurdesek “maskararen atzean” gelditzea erabaki izanak, ordea, ez du Garcesen ustez “aitzakia izan behar gizarte honek zor dion aitortza emateko”.
Lurdes Iriondo Xabier Leteren emaztetzat gogoratzen dutenei, alderantzizko irakurketa eskaintzen diete Mendiorozek eta Garcesek, “Iriondoren senarra zen Lete”. Lete ezagutzera eman aurretik ere, Iriondo bazebilen eta hura zen fama zuena. “Bi izarreko konstelazio bat sortu zuten biek; Leteri ez diogu berea kenduko, baina Xabier Lurdesen senarra zen. Aldarrikatu ditzagun biak“, esanez amaitu dute.