Korrika bakarrik ez, edizioz edizio lagun izan duen soinu banda ere nabarmen aldatu da urteen poderioz. Lehen Korrikarako Xabier Amurizak txapalartaz lagundutako bertsoetatik hasita, azken edizio hau musikatzen duen Harro Herri Mursegoren abestiraino hamaika mundu doaz, musika-bidai ederra egiteko modukoa.
1. Korrika: Xabier Amuriza
1980an korritu zen ediziorako, urte hartan bertan Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldun izango zen Xabier Amurizak prestatu zuen abestia. Gehiena a capella, hau da, instrumenturik gabe, momentu batean txalaparta entzun daiteke.
2. Korrika: Akelarre
Momentuan momentuko musikari taldeei atxikita egon den lasterketa dela erakutsi du Korrikak. Bere bigarren ediziorako, 1982koa, Akelarre talde entzutetsuaren eskutan utzi zuen ereserkia. Abesti hari ahotsa Anje Duhaldek jarrio zion.
3. Korrika: Egan
Baionan hasi eta Gabriel Arestiren omenez Bilbon amaitu zen edizioak Egan izan zuen musika-lanetan. Xabier Saldias izan zen, irrintzi tiroldarren artean, urte hartan korrikalariei animoak eman ziena "kilometroz kilometro, gure herriko bide guztiak nahiz korrika, nahiz geldixeago".
4. Korrika: Lontxo Aburuza
Doinu herrikoi batean oinarrituta (Oskorrik Arestiren letraz 'Bizkaiko aberatsak' abestian oso ezagun egin zuena), Lontxo Aburuza bertsolariak jarri zion soinu-banda 1985ko Korrikari.
5. Korrika: Oskorri
Bosgarren Korrika edizio berezia izan zen. Urte hartan ardura Oskorrirena izan zen, eta letra, aho-korapiloa dirudi: "Hi, bizi, bihurri, korrika, iturri, gurekin etorri, korrika, uztarri...".
6. Korrika: Xanti eta Maider
Xanti eta Maiderrek konposatu zuten edizio hartako abestia. Egun da Santimamiñe-ren doinua erabilita, hainbat bertso osatu zituzten 1989ko Korrikarako.
7. Korrika: Irigoien anaiak eta Mikel Erramuspe
Historian lehenengoz Iparralden amaitu behar zuen Korrikak Bidasoaz bestaldeko artistengan pentsatu zuen abestirako. Hain zuzen, Irigoien anaiek eta Mikel Erramuspek 'Korrika euskara, Euskaraz Euskal Herria' konposatu zuten, aurreko edizioko doinuekin aldaketa nabarmenean.
8. Korrika: Tapia eta Leturia
Juergasmoan askotan izan diren Tapia eta Leturia ezin ziren euskararen jaietako batetik at egon. Euren txanda 1993. urteko Korrikarekin iritsi zen, eta edizio hartarako Aide Korrika abestia sortu zuten.
9. Korrika: Maixa eta Ixiar, Alex Sardui, Kepa Junkera eta Gorka Sarriegi
15 urte baziren lehen Korrika ospatu zela, eta ordurako, antolakuntzak gaur egun ohikoagoak diren elkarlanen bidetik jo zuen. Maixa eta Ixiar, Alex Sardui (garai hartan, Exkixu; egun, Gatibu), Kepa Junkera eta Gorka Sarriegiren (Sorotan Bele) eskutik, Korrikak ganoraz bizitzeko deia luzatu zion Euskal Herriari.
10. Korrika: Gozategi
Trikiaren bidea arrakastatsua izan zen, eta funtzionatzen duenari eustea gomendatzen denez, Korrikak 1997ko soinu-banda Gozategiren esku utzi zuen. Edizio borobila zen, gainera, eta talde oriotarrak Euskal Herria Korrika konposatu zuen, egun ere entzuten dena han-hemenka...
11. Korrika: Joxe Ripiau
Korrikak beti bizi nahi izan du euskal musikari adi, eta 1999an ere horrela erakutsi zuen, urte hartako ereserkia Joxe Ripiau taldeari emanez. Iñigo Muguruza zenak sortutako taldeak lehenengoz erritmo jamaikarrak ekarri zituen herriz herri Euskal Herria zeharkatu behar zuen lasterketara.
12. Korrika: Fermin Muguruza
Muguruzatik, Muguruzara. Joxe Ripiau osatzen zuten Iñigo eta Jabier anaietatik, familiako bakarlari nazioartekorenera: Fermin Muguruza. Bigarrenez Baionan amaituko zen Korrika hark Irungo musikagileari eskatu zion mende berriko lehen ereserkia konposa zezan.
13. Korrika: Mikel Laboa eta Ruper Ordorika
Estiloa guztiz aldatu zen handik bi urtetara. Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak Korrikak utzi dituen harribitxitako bat konposatu zuten, Gero bat gaurdanik, Mauletik Iruñeara igarotzeko. Igor Elortza bertsolariak jarri zion letra.
14. Korrika: Afrika Bibang
Ni ere bai abestiaren izenburuak beste aldaketa baten isla izan zitekeen: 2005ean izan zen lehenengoz Korrikaren abestia emakume batek bakarrik abestua izango zela. Afrika Bibang abeslari bizkaitarrak abestu zuen, 11. eta 12. Korriketako doinu afrikar eta karibearretatik hurbilago 13. Korrikakoetatik alderatuz.
15. Korrika: Niko Etxart eta El Drogas
Oilarrak esnatuta, Niko Etxart eta El Drogas jarri ziren 2007ko doinua abesten, Karrantzatik Iruñeara heltzeko, hain justu Heldu izan baitzen edizio hartako ereserkia.
16. Korrika: Betagarri
XXI. mendeko lehen hamarkada hamaieran arrakasta izan zuten metalezko haize bandetara hurbildu zen Korrika. Nagusietakoa Betagarri izan zen, eta Gasteizen amaituta, ez zegoen aukera hoberik lagun guztiei euskarara ongietorria emateko.
17. Korrika: Gose
Pausoz pauso euskalakari ibiltzea erabaki zuen urte hartako Korrikak, eta horretarako, musika elektronikoari ateak parez pare zabaltzea erabaki zuen. Gose talde arrasatearraren eskutik, Korrikak garai berrietara egokitzen bazekiela erakutsi zuen.
18. Korrika: Esne Beltza
Eta antzeko bidetik, 2013an Esne Beltzaren txanda iritsi zen. Fermin Muguruzaren itzaletan ibili zen Xabi Solano buru, talde gipuzkoarrak Euskal Herriko kaleetan barrena korrika egiteko hautua animatu nahi izan zuen.
19. Korrika: Andoni Tolosa, Amaia Ezenarro, Jojo Bordagarai...
Noizean behin 1995.ean frogatutako elkarlanerako bidea jorratzen du Korrikak, eta 2015eko edizioak hainbat artista bildu zituen Oskorriren 'Sautrela' abestiaren bertsio berri batean: Andoni Tolosa, Amaia Ezenarro, eta Jojo Bordagarai, besteak beste
20. Korrika: Izaro, Jurgi Ekiza, Petti...
Edizioak aurrera joan ahala geratu den beste harribitxietako bat ekarri zuen Otxandion hasi eta Iruñean amaitu zen 2017ko edizioak. Uxue Alberdik letra eta Xabier Zabalak musika jarrita, hainbat artistak parte hartu zuten Zirkorrikan: Izaro, Jurgi Ekiza (Willis Drummond), Petti, Miren Narbaiza (Napoka Hiria), Oihana Fernández (Afu), eta Oreka TX. Zirkoa sortu zuten eta korrika erritmo ederra mantentzeko, abesti egokia. Sasoian egon behar, hori bai!
21. Korrika: Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia
Azken urteetan ohiko bihurtu den elkarlanaren alde egin zuen apustu Korrikak 2019ko edizioan. Mad Muasel, Fermin Muguruza (Big Beñat geroztik, bigarrenez) eta La Furiak abestu zuten duela hiru urte ezagun egin zen Klika Korrika.
22. Korrika: Ane Garcia, Anari eta Nerea Urbizu
Dakienari eskatuz, azkeneko Korrikak letra beste bertsolari bati eskatu zion, Sustrai Colina Urruñako bertsolariari, alegia. Musika, baina, Ane Garcia, Anari eta Nerea Urbizu jarri diote Hitzekin abestiari Amurriotik Donostiara bidea betetzeko.
23. Korrika: Mursego
Irunen abiapuntua duen Korrikaren edizio honek Mursego musikari eibartarrari enkargatu dio soinu banda. Amaierara arte itxaronez gero, ospe handia hartu zuen korrikalariei buruzko Suzko Gurdien (Chariots of Fire) Vangelisen soinu bandari omenaldi txikia ere bada.