Duela hilabete eskas iragarri zuten eta orain Facebook Messenger aplikazioak bideo-deiak egitea ahalbideratuko du. Testuaz eta emotikonoez haratago joan nahi du Facebookek, erabiltzaileari komunikatzeko ahalmen zuzenagoa eskainiz. Hala, hobekuntza honekin gainerako mezularitza zerbitzuen artean gailendu nahi du Facebook Messengerrek.
Ezinbesteko bi baldintza
Sare sozialetik azaldu dutenez, bideo-deien zerbitzua erabilterreza izango da. Bistan denez hala ere, bi baldintza bete beharko dira. Batetik, zerbitzu berria erabiltzen hasteko ezinbestekoa izango da deskargatzeko eskuragai dagoen aplikazioaren bertsio hobetua jaistea. Bestetik, behar bezala funtzionatu dezan, bideo-deia egiten duen pertsonak ez ezik, hartzaileak ere mugikorreko aplikazioa eguneratuta eduki behar du. Dagoeneko iOS eta Android gailuetarako eskuragarri daude, ia munduko txoko guztietara heltzen ari delarik.
Zerbitzua jardunean dagoen egiaztatzeko, aplikazioa ireki, Facebookeko lagun bat hautatu eta eskuineko goitiko aldean bideokamera adierazten duen ikonoa agertzen den ikusi behar da. Eta hala ez bada, beti ere Googleen Play Store dendara jo eta aplikazioa jaitsi edo gaurkotu daiteke.