Greziako agintariek gorpu bat erabat kiskalita aurkitu dute Atenas iparraldeko Vrilisiako herrigunean dagoen enpresa baten egoi-tzan. Suteak sekulako triskantza eragin du, eta kontrolpean badute ere, arreta handiz jarraitzen dute hura zaintzen. Ikertzaileen ustez, biktima 60 urteko emakume bat izan omen daiteke, gorpua aurkitu zuten enpresaren jabea, “baina oraindik ezin izan dugu baieztatu, gorpua erabat erreta topatu dugulako”, azaldu dio Efe agentziari suhiltzaileen bozeramaile batek.

Emakume batek sugarretatik salbatu diren gauza batzuk atera ditu etxetik, eta motorrean dagoen gazte bat suak tailer bat nola kiskaltzen duen ikusten ari da.

Sugarren hedapenaren egoerak hobera egin du nabarmen astearte honetan, dagoeneko ez baita fronte aktibo bat aipatzen, ehunka foku txiki eta sakabanatu baizik. 700 suhiltzailek baino gehiagok lanean jarraitzen dute, 200 kamioi, sei hegazkin eta beste hainbeste zisterna-helikopterorekin, haize-bolada bortitzek sugarrak berpiztu ez ditzaten. Igandean piztu zen sutea Varnavan, Atenasetik 40 kilometro iparraldera, eta berehala zabaldu zen hegoalderantz, hiriburuaren kanpoaldera iritsi arte. 50.000 pertsona baino gehiago ebakuatu behar izan zituzten eta 10.000 hektareatik gora erre ditu.

Lehen hildakoa Atenas ondoko sutean

Irudi atsekabegarriak

Greziako prentsak zabaldutako irudiak atsekabegarriak dira; erabat kiskalitako baso eremu zabalak ikusten dira, baita dozenaka etxe, enpresa eta auto ere. Greziako Gobernuak astearte honetan bertan iragarri duenez, 5.000 eta 10.000 euro arteko lehen laguntza bat emango die etxea partzialki edo erabat erre zaien jabeei, eta 2.000 eta 4.000 euro arteko beste laguntza bat ere eskaini die kaltetutako enpresen jabeei. Vasilis Kikilias Babes Zibileko ministroak irmoki defendatu du agintarien kudeaketa, “behin igandean sua piztu ondoren, hegazkinen erantzuna bost minutuan etorri zen, eta suhiltzaileen kamioiak bertan ziren zazpi minutuan”.

Oposizioak gogor kritikatu du Gobernua, hiriburua sugarretatik babesteko prest egon ez izana leporatuz, eta Kikiliasek argi utzi nahi izan du baldintza meteorologikoak oso txarrak zirela “eta ez zela eskuetatik ihes egin zigun sute xume bat izan”. Newsit.gr atariaren arabera, 30 pertsona baino gehiago eraman behar izan zituzten ospitaleetara, arnasa hartzeko arazoak zituztelako.

Suhiltzaile bat ospitalera eraman zuten “oinetan eta eskuetan erredura larriak zituelako”, eta beste batek erredura arinak jasan zituen, suhiltzaileen bozeramaileek jakinarazi dutenez. Penteliko eremuan, hiru ospitale –24 ume zituen haur-ospitalea bat, militarren beste bat eta 23 paziente zituen hirugarrena– ebakuatu egin behar izan dituzte.

Suteak, ohikoak

Uda partean Atenaseko kanpoaldean suteak ohikoak izaten badira ere, lehenengoz iritsi da sute bat hiriburuaren erdigunetik hain gertu, hiriko kanpo-ehunari eraginez.

Egun hauetako tenperatura uda partean normala dela esan badaiteke ere, ekainean eta uztailean muturreko bi bero-bolada jasan zituzten Grezian, eskualde batzuetan 44 gradu zentigradutik gorako tenperaturak pairatuz; horrek landaredia lehortu egin zuen, sute-arriskua areagotuz. Iazkoa ere zorigaiztoko uda izan zen Grezian; marka guztiak apurtuz, dozenaka sutek 160.000 hektarea kiskali zituzten (lurraldearen % 1,21), eta 28 pertsona hil ziren sugarren ondorioz.