Beasaingo Andramendi Ikastolak proiektu sendo eta askotarikoak garatzen ditu. Esate baterako, Hizkuntza Proiektuaren bidez, euskararen erabilera eta presentzia indartzen dira; Elkarrekin programak komunitateko bizikidetza eta harreman osasuntsuak sustatzen ditu; Proiektu Digitalak, berriz, baliabide teknologikoen erabilera arduratsua eta eraginkorra lantzen du. Horiez gain, Eskola Kirola, Agenda 2030 eta Hedatze Programa bezalako ekimenek hezkuntza-eskaintza osatzen dute.
Azken horrek, Hedatze Programak, DBHko ikasleei zuzendutako jarduerak eskaintzen ditu, doan arratsaldez. Ikasleen behar eta interesguneei erantzutea du helburu, euskarazko espazio bat sortzearekin batera. Gainditu gabeko ikasgaiak dituzten ikasleentzat derrigorrezkoa da, eta gainerakoentzat aukerazkoa. Programaren baitan, errefortzu akademikoa eta liburutegi tutorizatua eskaintzen dira, ikasgai jakinetan laguntza behar dutenentzat edo etxeko lanak egiteko. Euskara indartzeko helburua ere badu.
Ikaskuntza akademikotik harago, Hedatze proiektuak ikasleen motibazioa pizteko eta pentsamenduan eta sormenean eragiteko jarduera ugari biltzen ditu: musikaz bizi, zientzia azoka, speaking saioak, talde-lanerako guneak eta askotariko tailerrak, hala nola sukaldaritza, argazkilaritza, lehen sorospenak, dantza edo txirrindularitza. Bereziki azpimarragarria da Kidetze programa, non DBHko ikasleek LHkoei laguntzen dieten proiektuetan, nagusiak txikientzako erreferente bilakatuz.
Andramendi Ikastola herrian sustraitutako guraso-kooperatiba irekia da, kalitatezko hezkuntza euskalduna eta berritzailea eskaintzea helburu duena 0-16 urte bitartean. Pertsonak ardatz hartuta, ikasleen garapen osoa lantzen du, hezkuntza ez baita soilik ezagutzak transmititzea, baizik eta pertsona gisa hazteko prozesu integrala. Ikastolak, gainera, gizartearekin, ingurumenarekin eta familiekin duen konpromisoa eguneroko jardunean txertatzen du, baliabideen kudeaketa eraginkorra oinarri hartuta.
Aldi berean, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kide da, 115 ikastolek osatutako sarean. Elkarte horrek garatzen duen hezkuntza-eredu propioak pertsona-ereduua lantzea du xede, hezkuntza-ildo, metodologia eta curriculumaren bidez, Hezkuntza Marko Orokorrean jasotzen den bezala.